Alfredo Hualdek Lauburun jarraituko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko eka. 14a, 13:05

Lauburu KE Ibarrak eta Alfredo Hualdek akordioa itxi berri dute; entrenatzaile nafarrak karguan jarraituko du 2018-2019 denboraldian.

Lauburuk denboraldi borobila osatu du: 2.B mailako hirugarren postuan amaitu du sasoia, eta ondorioz, Errege Kopara sailkatzea lortu du, historian lehen aldiz. Bada, emaitzak aztertuta, Alfredo Hualde entrenatzaile nafarrari kontratua berritzea erabaki du klubak.

Denboraldia amaitu arte albo batera utzia zuten gaia, baina klubak azaldu duenez, bi aldeen arteko harremana ona zenez, ia ziurtzat ematen zuten nafarrak Ibarran jarraituko zuela.

Juanan Rodriguez klubeko kirol zuzendariak, hain zuzen, egindako lana eta Hualderen giza-kalitatea nabarmendu ditu: "Merezitakoa izan da. Apaltasunez jokalariak eta ingurukoak bereganatu baititu. Gustatuko litzaiguke harremana luzaroan mantentzea". Hala ere, badu traba bat, kontziliazioa zaila baitzaio entrenatzaile nafarrari: "Esfortzu izugarria egiten du, distantzia, egoera pertsonala eta lan arazoak medio. Horregatik eskertzen diogu egiten duen lana", azaldu du Rodriguezek.

Lauburuk hazten jarraitzeko helburua du, eta proiektu horretan Hualde "egokia" dela azaldu du klubak. Bide horretan, ahalik eta lantalde lehiakorrena osatu nahi dute ibartarrek: "Errege Kopako parte hartzeak ilusio handia sortzen digu, baina gozatzeko eta hazten jarraitzeko saria izan behar duela ahaztu gabe. Liga erregularrean jarri beharko ditugu indar guztiak, hau baita helburu nagusia. Urtez urte zorrotzagoa da liga".

Pozik da Hualde luzapenarekin, eskuartean duen erronka "zaila" dela jakitun den arren: "Aurten asko gozatu dugu eta formula egokia dela dirudi. Erronka zaila dugu aurrean, lantaldeak eraman duen jokoaren maila mantentzea eta lehenengo taldean zein klubaren oinarrian egonkortzea da helburua”.

Klubak azaldu duenez, berehala jakinaraziko dituzte hurrengo denboraldian izango diren bajak eta altak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!