Lauburuk eta Colo Colok partidu bikaina oparitu zuten denboraldia agurtzeko (1-1)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko mai. 21a, 10:49

Larunbatean Belabietara inguratu zen afizioak kalitate handiko areto futbolaz gozatzeko aukera izan zuen. Ibarra eta Aragoiko Colo Colo taldeen arteko neurketarekin amaitu zen goiz-goizetik hasitako areto futbol saio ikusgarria. 10:00etan hasi zen eguna, jubenil kategorian Gipuzkoako finalaren norgehiagokarekin. Alfredo Hualderen jokalariak beren anbizioaren eta lehiakortasun izpirituaren erakustaldia egin zuten atzokoan afizioaren aurrean, honela, 2017-2018 denboraldiko ligari agur esanez.

Banako azken emaitzak ez du 40x20an ikusitako guztia islatzen, bi taldeak gol gehiago sartzeko aukera asko izan baitzuten. Sailkapenari dagokionez bi taldeak kantxara etxeko lanak eginak atera baziren ere, garaipena lortzeko grinarekin sartu ziren partiduan zaleen gozamenerako.


Bi taldeak atetik urrun presionatzen zutela hasi zen partidua eta bisitariek beren zonako defentsa Peñaren atearen ingurura eramaten zuten. Lauburu izan zen aurkariaren atera gehien iritsi zena, azpimarratzekoa, Igor Echarrik egindako 1x1 izan zelarik, nahiz eta ez zuen sareetara bidaltzea lortu. Neurketa parekatzen joan zen minutuak aurrera zihoazen heinean, baina aukera garbienak moratuenak izaten jarraitzen zuten. Dinamika hori apurtzeko, Zaragozako entrenatzaileak bosteko jokoa jarri zuen abian, lehenengo denbora amaitzeko oraindik 7 minutu falta zirela. Aragoiarren kalitatearen aurrean, ibartarrek gogor eutsi behar izan zuten defentsa gailentzeko, baina lortu zuten, eta zutoinean jo zuen kanpoko jaurtiketa batez gain, atsedenaldira emaitza aldatu gabe iristeko larritasun handirik ez zuten pasa behar izan.


Aldageletatik bueltan, Ibarra zuzenago jolasten hasi zen. Colo Colok bere erasoak era pausatuago batean lantzen zituen bitartean, ibartarrak trantsizio bizkorren bidez bilatzen zuten Javierren atea. Ekintza hauetako batean Garmen markagailua estreinatzeko zorian egon zen, baina egindako tiroak zutoina jo zuen.


Minutuak aurrera zihoazen eta bi taldeen irabazteko grina agerian geratzen ari zen. Zortzi minutu faltan, bisitariek berriro bosteko jokoa atera zuten, baina nekea beren zirkulazioetan eragiten hasi zen eta moratuek baloiak osteko aprobetxatzen zuten; Zaragozakoen atean amaitzeko zorian egon ziren ekintzak izan ziren. Hau ikusita, bisitariek berriro lauko jokora itzuli ziren, eta denetik pasa zen azken hiru minutuei aurre egin zien. Alfredo Hualdek aukera izan zuen lehenengo momentuan atera zuen atezain jokalaria kantxara, eta lehenbiziko zirkulazioan Javi Saldisek bisitarien atea zulatzea lortu zuen, zaleen pozerako. Denboraldian zehar ikusi dugun moduan, bosteko jokoak Laubururen anbizioa eta lana saritu zituen berriro. Alta Colo Colok partiduan sartuta jarraitu zuen eta ligako azken lau tituluetatik hiru nolatan irabazi dituen erakutsi nahi izan zuen. Segituan osatu ziren eta segituan berdindu zuten emaitza, atezain jokalariarekin Diegok area barruan errematatu zuen jokaldi batekin.


Lauburuk bosteko jokoarekin jarraitu zuen eta honela amaitu ere, falta ziren bi minutuetan. Moratuek ez zuten liga agurtu nahi izan txapelduna sufriarazi gabe. Hirugarren postua izugarria da, baina sinestea eta anbizio gehiago edukitzea tokatzen zen eta horrela izatea erabaki zuten moratuek. Ez zuten zorterik izan baina, eta norgehiagoka bi taldeak saritzen dituen berdinketa batekin amaitu zen.


Belabietak, aipatzekoak diren hainbat erregistroekin liga bikaina osatu duen taldearen esfortzua onartu zuen. Moratuek 53 gol jasan dituzte, sailkapenean atzetik dagoen taldeak baino 20 gutxiago. 53 gol hauek errekor historikoa dira 16 talde dituen Bigarren B Mailako kategoria honetan; harrotzeko modukoa eta hausteko zaila den marka. Merezitako atsedenaldi baten ostean datorren denboraldia prestatzea tokatzen da. Lauburuk hazten eta Euskadiko Areto Futbolean erreferentea izateko pausuak ematen jarraituko du.


#GoazenLauburuKEIbarra


PARTIDUAREN XEHETASUNAK

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Igor Echarri, Beñat, Andoni Carlosena eta Javi Saldise (1). Andoni Agirrezabala, Dani, Zumeta, Oihan eta Garmenek ere, jolastu zuten.

 

COLO COLO F.S: Javier, Diego (1), Adan, Alejandro, Tabuenca eta Raúl. Daniel, Carlos, David, Muniesa, Marcos eta Víctorrek ere, jolastu zuten.


TXARTEL HORIAK: Iraitz y Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA) / Diego (COLO COLO F.S.).

 

GOLAK

1-0 MIN 38 Javi Saldise

1-1 MIN 38 Diego

 

EPAILEAK

Rubén, Sobaler Pesquera (Kantabriako Komitea)

Víctor, Toca Campo (Kantabriako Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Txema, Montero Celaya (Euskal Komitea)

 

Oharra: Leaburuko Ostatu jatetxeak eskainitako afariaren zozketan irabazle Nerea Ayestaran suertatu zen. Zorionak!!!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!