Emakumezkoen Lauburuk finalerako txartela lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko mai. 14a, 12:17

Finalerako txartela lortu du Lauburuko Emakumezkoen Taldeak. Iazko kronologia berbera izango dute, beraz, play off-ek. Finalaurrekoetan Trintxerpe izan dute aurkari eta finala Idiazabalen kontra jokatuko dute. Finalerdiak 4-3 emaitzarekin irabazi dituzte.

Ez-ohiko giroa izan zen ostiral iluntzean Belabietan. Harmailak kasik leporaino. Jendetza. Pasa den urtekoa baino argazki jendetsuagoa zen aurtengoa; eta, giroa, biziagoa. Zaleak animatzeko bildu ziren Ibarrako kiroldegian.

Jokoa ere horren isla izan zen. Joan den urtekoa baino biziagoa izan zen finalaurrekoa. Trintxerpekoak begiak zabal-zabalik zelairatu ziren, adi, burua partiduan zutela. Honela etorri zen, hasi eta berehala, kanpokoen lehen gola, 0-1ekoa.

Ibarrako neskek ere, ordea, partiduan bihotz eta buru jarriak zituzten eta markagailua iraultzea lortu zuten. Lehendabizi Lucia Zumetak 1-1eko berdinketa lortu zuen eta atzetik Ane Artutxak 2-1ekoa.

Ibartarrek abiadura gehiago eman zien partiduari markagailuan atzetik zeudenean. Serio demonio jarri ziren eta aldea handitu bitarte gola jomuga zutela aritu ziren, baloia bizi mugitzen. Honela etorri zen 3-1ekoa, Amaia Olazabalen jokaldi eta gol paregabe batekin. Atsedenaldira emaitza horrekin joan ziren.

Bigarren zatiaren lehen arnasan, akats baten ondotik, etorri zen Trintxerpekoen bigarren gola, eta aldea murriztea lortu zuten. 3-2. Bigarren erdia ez zen aurpegi onenarekin hasi, beraz.

Bisitariek ez zuten burua jaitsi, baina Lauburukoek estutasun horren aurrea burua altxatzea lortu zuten eta aldea, berriz ere, handitzea. Maider Lopezek aurkarien akats bat baliatu zuen 4-2koa sartzeko.

Emaitza horrekin lasaitu egin ziren etxekoak, baina, argi gelditu zen, ez zegoela ezer erabakita. Erritmo horri eustea zaila egin zitzaien bi taldeei eta aire galdu balute bezala jokatu zuten bigarren denboraren erdia. Egoera horretan, zortzi minuturen faltan, hortzak estutu zituzten Trintxerpekoek eta partidari intentsitatea jartzea lortu zuten hirugarrena sartuta. 4-3 markagailuan.

Atezain-jokalari taktikarekin estutu zuten kanpokoek, baina ez zuten lortu Lorena Iribarrenen atean beste baloirik sartzea. Beraz, 4-3 emaitzarekin, finalera sailkatzea lortu zuten etxekoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!