Aitor Arevaloren mutilak denboraldi amaiera on bat egiteko ilusioarekin jarraitzen dute eta horretarako igandeko aurkaria gainditu beharko dute. MarRock bederatzi punturekin azken aurreko postuan kokatua badago ere, irabazten saiatuko da era guztietara.
Kantabriarrek bi garaipen egin dituzte etxean (Gora Bilbao eta Rodilesen aurka), eta kanpoan beste bat (Otxartabe); guztira 51 gol markatu eta 100 jaso dituzte. Ibartarrak aldiz, 72 gol markatu eta 50 jaso dituzte. Joaneko partidan ibartarrak irabazi zuten 7-3ko emaitzarekin.
Igandeko norgehiagokarako Javi eta Gurru bertan izango dira, lehena kurtso bukaerako bidaiatik bueltan eta bigarrena arazo fisikoetatik osatuta.
Entrenatzailearen hitzetan: “Ligako txapelketa amaitzeko bi partidu falta dira eta bigarren itzuli honetan lortutako emaitzak txiripaz lortutakoak ez direla erakutsi behar dugu; jarraian egin dugun eta egiten ari garen lanaren ondorio baizik. Denboraldia ez genuen oso ongi hasi, eta bostetik hiru partida galtzea zama handia izan zen guretzat, baina geroztik, taldeak ez du norgehiagoka bakar bat ere galdu eta etxean zein kanpoan ere, oso talde sendoa dela erakutsi du. Ziur naiz igandeko norgehiagokara baldintza onetan iritsiko garela”.
Ezin aipatu gabe utzi, alebin kategorian Euskadiko selekzioak eta Lauburuko bigarren urteko infantilek igandean jokatuko duten lagunartekoa. Belabietan izango da, 12:30ean. Apirilaren 25etik 29ra Liencres, Kantabrian jokatuko den Espainiako txapelketaren atarian, kategoria honetan estreinakoz ariko den selekzioak aurretiko saio motz bat egingo du Ibarrako eraikinean.