Baloia tokikoentzat izan zen hasieran, eta bisitariek bitartean, baloia pistaren hiru laurdenetan eta pista erdian estutzen zuten. Bertako taldea teknika zein taktika aldetik asko hobetu da eta garbi izan zuen hasieratik norgehiagokaren planteamendua, bandako sakea ateratzean edo baloia berreskuratzean markak oso estuak zirenean, baloia atezainari pasa eta pibotaren jokoa egiten zuten moratuen atzean min egin asmoz.
Tokikoak partidua hasi eta bi minutura aurreratu ziren, area barruan baloi bat aprobetxatu ostean. Partidua oso bizi zihoan, bi taldeak markak estutzen aurkariaren atearen inguruan baloia ostu asmoz. Zortzigarren minutuan, Iker Zubelzu, Txubelek estrategiazko banako berdinketa egin zuen korner bat ateratzean, Ion Ander Cuadradoren asistentzia on bat baliatu zuenean. Gol honek konfiantza eman zion taldeari, defentsa lanetan indartsu eta baloiaren zirkulazioan geldo ibili zelarik.
La Peña auzoko eraikinean agertu ziren itoginen ondorioz, norgehiagoka behin baino gehiagotan geratu behar izan zuten; jokoa oso bizia zen, baina etenaldiak bisitariei eragiten zien, erritmo eta desgaste altuko partiduak jokatzen ohituak baitaude.
Lehenbiziko zatia amaitzeko 3 minutu falta zirela, Paul Ruedak 1-2koa egin zuen beste estrategia ekintza bat bikain amaituz. Emaitza honekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian moratuak oso bizi ikusi ziren eta bertikaltasunaz jokatzen. Bertikaltasun horrek tokiko taldeak bost falta pilatzea eragin zuen 11 minutu falta zirela eta minutu bat beranduago Aitor Sanchezi egindako falta bat, berak atera eta maisutasun handiarekin 1-3koa ezarri zuen markagailuan. Handik minutu eskasera Asier Aierbek 1-4koa egin zuen Asier Colasen jaurtiketa baten alderatzea aprobetxatu ostean.
Azken minutu hauetan Paul Ruedak, Asier Colasek zein Liherrek ere, errenta handitzeko aukerak izan zituzten, baina ez zuten 1XP-ko ekintzan asmatzen jakin izan. 1-4koaren ostean, bertako taldeak atezain jokalaria atera zuen eta lehenbiziko saiakeran bigarren gola sartzeko zorian egon zen, baina ez zuten asmatu. Amaierarako sei minutu faltan Iker Zubelzuk baloi bat kontrolatu zuen pista erdian eta aurkari bat driblatu ostean bederatzi metrotik jaurti zuen tokiko atezaina ustekabean hartuz. Gol ederra, oso azkar eboluzionatzen ari den jokalari honek egindakoa. Minutu batzuk beranduago bilbotarrak 2-5ekoa sartu zuten falta bat aprobetxatuz, eta emaitza honekin amaitu zen norgehiagoka. Ibartarrak esfortzu handia egin behar izan zuten oso itxura ona eman zuen talde bat garaitzeko.
Partiduaren amaieran entrenatzaileak honela zioen: “Aurkariak lan asko eginarazi digu 40 minutuetan zehar, oso bizi egon gara defentsa lanetan eta horri esker irabazi dugu gaur. Jokalariek egindako esfortzua handia izan da eta solidarioa. Ukitutako jokalariekin etorri gara, Gurruk adibidez, gihar arazoak medio ezin izan du jokatu, beraz, talde moduan indartzen gaituen garaipena izan da eta ligako azken hiru norgehiagokei aurre egiteko konfiantza emango digu”.
Aitor Arevaloren mutilak 10 eguneko atsedenaldia izango dute eta apirilaren 3an itzuliko dira entrenamenduetara, Asturiasko Rodiles taldearen aurkako norgehiagoka prestatzeko.