Lauburu Ibarra Mahala konpetiziora itzuliko da Ohorezko Mailan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko mar. 14a, 11:23

Lauburu Ibarra Mahala konpetiziora itzuliko da larunbatean Valle del Ebro errioxarren kontrako norgehiagokan. Belabietan izango da 16:00etatik aurrera. Ibartarrak bi asteko atsedenaldia egin dute eta jokatutako azken partiduan, FS Castroren kontra lortutako berdinketa garratz hura gogoan, garaipen berri bat gehitzeko eta ligako lehenbiziko hiru postuetan egoteko ahaleginak egingo dituzte.

Moratu gazteak asko eta gogor entrenatu dute azken aste hauetan, eta bigarren itzuli honetako talderik onena dela erakutsi nahi dute. Horretarako, ligako azken 10 partiduetan 7 garaipen eta 3 berdinketa lortzea eraman dituen maila igotzen jarraitzeko helburua ezarri dute.

Aurkaria zazpigarren postuan kokatua dago, 19 punturekin; 55 gol sartu ditu eta 78 jaso. Etxean 12 puntu lortu ditu eta 7 kanpoan, aipagarrienak, Kantabriako Marrock eta Asturiasko Siero taldeen kontra irabazikoak eta Larderoren pista zailean lortutako berdinketa direlarik.

Entrenatzailearen hitzetan: “Jardunaldiak pasa ahala, asko hobetu duen talde baten aurrean jarriko gara; talde arriskutsua da, pistaren erdian kokatzen da eta bortitza izaten saiatzen da trantsizio bizkorrak sortu nahian. Joaneko partidua irabazi egin genuen, baina erremontatu behar izan genuela gogoan izan behar dugu, hasiera-hasieratik partidua aldapa gora jarri zitzaigulako. Dena eman beharko dugu norgehiagoka honetan, gure onena atera, beste aste batzuetan erakutsi dugun amaitzeko gaitasuna berreskuratu eta konpetizioaren amaieran indartsu gaudela erakutsi”.

Apirilaren 28ra arte bost jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta konpetizioa ixteko, Ibarrako gazte oparoak Eskoriatza jasoko dute Belabietan. Norgehiagoka horretan, moratuek final honetan lehiatzen duten hirugarren postu erakargarri hori kolokan jarri daiteke, Debagoienako talde hau bi puntuz bakarrik doalako ibartarren aurretik.

Beste kategoriei dagokionez, aipatzeko, Madrilen Espainiako Kopa jokatzen denez, lehenengo taldeak atseden egingo duela asteburu honetan. LNFS-ko galazko torneoa izango da, izan ere, ekimena 12.000 lagunentzako aforoa duen Wizink Center eraikinean (Erkidegoko kirol jauregia) kokatu baitute. Maila goreneko areto futbolaz gozatzeko lau egun, non ligako lehenengo itzulian sailkatu ziren 1go Mailako lehenengo 8 taldeak, mundu mailan oihartzunik handiena duen KO torneoan egoteko txartela irabazi baitzuten, eta klubeko azpiegitura teknikoko hainbat lagun Madrilera bidaiatuko dute elitezko areto futbolaren eboluzioa gertutik jarraitzeko.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!