Gustuko urrezko hiru puntuak

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko mar. 6a, 09:14

Argazkiak: Goiena / Xabi Urzelai

Emakumezkoen Lauburuk garrantzi handiko hiru puntu lortu ditu asteburuan Eskoriatzaren aurka 1-4 irabazita. Aurkari zuzenenak galdu ostean, lidertza are sendoagoan daude ligako azken arnasan.

Buelta Eskoriatzara. Hirugarren itzuli honetan bigarrengoz egokitu zaio Laubururi aurkarien zelaiak bisitatzea. Norgehiagoka larunbatean jokatu zuten Manuel Muñoz kiroldegian, 16:30ean. Zelaiko sei jokalari besterik ez, atezaina barne, aurretik zituzten 60 minutuei aurre egiteko.

Hauspoak lagunduko ez zuelakoan ekin zien moratuek partidari. Atzean sartuta, defentsan irmo, espazioak ondo ixten. Erasoan erdi-koldar, indarrak gorde nahian edo. Kontraerasoetan aldiz bizi aritu ziren, indartsu, bizkor; gure gol aukerak horrelako jokaldietara mugatuz. Eta atzean sendo aritzeak, horrelako kontraerasoak izatea ekarri zuen. Horietako aukera bat aprobetxatu eta markagailuan aurrea hartu zuten bisitariek, markagailuan 1-0 ezarriz. Ondoren, tokikoak izan ziren barkatu ez zutenak eta berdinketa lortu zutenak.

Berdinketaren golaren ostean hazi egin ziren etxekoak, baina neurria hartzea lortu eta bisitariek berriz ere beren jokora eraman zuten partidua. Baloia gehiago mugitzen hasi ziren eta golak bata bestearen atzetik etorri ziren. 1-2koak, aurrea hartzeko balio izan zien. Ondoren, lasaitasunaren tantoa etorri zen, 1-3; eta, azkenik, partida erabakita utzi zuena 1-4koa.

Laubururen garaipena bezain garrantzitsua izan zen Anoetako taldearen garaipena. Oinak zapalduz zegoen Idiazabal taldeari irabazita, lidertza sendotzea lortu dute moratuek. Zazpi puntuko aldea ateratzen diote bigarren sailkatuari, Idiazabali. Anoeta berriz, hirugarren koskara igo da eta Trintxerpe laugarrenean jarri da.

Jubenilen Ohorezko Mailaren multzoa bakoitia denez, egutegiaren arabera atsedena egitea egokitu zaio pasa den asteburuan. Aitor Arevaloren mutilak ez dute martxoaren 17ra arte berriro jokatuko, datorren asteburu honetan 16 urtez azpiko selekzioen arteko Espainiako txapelketaren azken fasea jokatu dadin, kategoria osoak atseden hartuko baitu.

Klubeko lehenengo taldeak 20 segundo faltan, injustizia baten ondotik eta aurretik aurkariak baloia berreskuratzean eragindako bi falten ostean jasandako golaren disgustuagatik izan ezik, beste talde guztiek beste jardunaldi bikain bat osatu zuten.

Larunbat eguerdian Belabietan, Laburu eta Samaniego Orixe jubenil kategoriako taldeen arteko derbian bizi izan zen giroa azpimarratzekoa da. Javi Mugikaren mutilak justuko emaitzarekin irabazi zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!