Aurreikusi zen moduan, tentsio handiko neurketa izan zen, oso estua. Bertakoek oso partida serioa jokatu zuten, bere atetik hurbil defendatuz. Lauburuk pazientzia handiarekin jokatu zuen, pixkanaka aragoiarren defentsan eragiten saiatuz. Alabaina, asmatze puntu hori falta izan zitzaien, edo agian zorte pixka bat ere bai, sortzen zituzten aukera desberdinak markagailuan islatzeko. Zaragozakoek berriz, lehenbiziko denboran landutako hainbat trantsizioetan oso arriskutsu egon ziren, baina guztietan Peña aurkitu zuten, berriro ere lehenengo taldeak deituta etorri eta zutoinen artean duen maila erakutsi zuelarik.
Lehenbiziko 20 minutu hauetan moratuek sortutako aukeren balantze bat eginez gero, saiakera eta kolore askotakoa izango zen. Landutako jokaldiak, kanporako jaurtiketak eta estrategia ekintzak izan ziren Adrianen atean arrisku egoerak sortu zituzten erregistroak, baina guztietan markatzea falta izan zen eta atsedenaldira hutseko berdinketarekin iritsi ziren. Tokiko taldearen hurbilketak ere, Peñak geratu zituelako, lehen aipatu bezala.
Bigarren zatian ez ziren gauzak asko aldatu. Las Fuentes taldeak bere defentsa areatik hurbil kokatzen jarraitu zuen eta intentsitate handiarekin defendatzen. Moratuek berean jarraitzen zuten, erasoak pazientziarekin lantzen saiatzen eta jabetza luzeak lotzen. Bisitarien lehenengo tantoa baloi geratuarekin bikain egindako hainbat ekintzetan gauzatzeko zorian egon zen, baina Adrianek ongi ebatzitako jaurtiketak izaten amaitu zuten. Javi Saldise, norgehiagokaren momentu horretako jokalaririk erasokorrenak golean amaitzeko zorian egon ziren hainbat erremate egin zituen.
Norgehiagokak Lauburuen aldera joko zuela ematen zuenean, bertakoen gola iritsi zen. Posiziozko eraso batean, bere areatik gertu ostutako baloi batekin nagusitasuna izan zuten kontra bat sortzeko gai izan zen talde aragoiarra. Trantsizio hau Ginesek amaitu zuen bigarren zutoinean, markagailuan 1-0ekoa ezarriz.
Eskenatoki honetan Ibarrakoen meriturik handiena presaka ez ibiltzea izan zen. Alfredok aulkitik jokoa beharrezko lasaitasunarekin lantzeko eskatu zien jokalariei eta mezua ongi iritsi zitzaien moratuei, honela partiduan sartuta jarraitu zutelarik. Erreakzioa partiduaren azken fasera biden zirela etorri zen, bertako taldeak 10 metroetatik egindako tiro batekin emandako sustoa eta gero. Berdinketaren gola Andoni Carlosenak egin zuen, Ibarra bostekoarekin jokatzen ari zela. Tokikoek baloia ateratzea eragozteko asmoz fede handiarekin gauzatutako presio batean, Andonik baloia ostu eta zazpi metroetatik botata Adrian azpitik gainditu zuen.
Berdinketa honek Lauburu indartu zuen, garaipenaren bila ziurtasun osoarekin abiatuz. 1-2koa laster etorri zen, Javi Saldiseren eskutik. Bost jokalariek hartu zuten parte elaborazio honetan, eta Andoni Agirrezabala atezain jokalaria jokatzen ari zela. Irurtzungo jokalariak atzo arratsaldean bai erasoan bai defentsan egindako lan guztiaren saria izan zuen honela.
Hiru minutu faltan eta Las Fuentes taldea berdinketaren bila joan zen bosteko jokoarekin. Ibarrak ongi defendatu zuen egoera hau eta tokikoen nagusitasuna ez zen arriskuak sortzeko arrazoia izan. Gauzak honela, Andoni Carlosena baloia ostu osteko kontra batean, Zaragozakoen areara iritsi orduko bi aurkarien artean bota zuten lurrera, ustez, zigortzeko modukoa izan zen ekintza batean. Epaileek ez zuten horrela ikusi ordea eta tokikoek kontrara ateratzeko aukera izan zuten hiru bien kontrako nagusitasunarekin. Trantsizio hau Borjak amaitu zuen berdinketa ezarriz jokatzeko 20 segundo besterik falta ez zirenean. Denbora horretan Lauburu saiatu zen berriz, eta Andoni Carlosenak egindako jaurtiketa batekin amaitu zuen jokaldi on bat ere landu zuen, baina Adrianek alderatzea lortu zuen. Denborak ez zuen gehiagorako eman, tokikoek azken segundoan berdinketa hausteko zorian ere egon ziren bere kantxatik bota, baina gutxiz galdu zelarik.
Laburbilduz, moratuek mantendutako jarreragatik eta garaipena lortzeko erakutsi zuten fedea kontuan hartuta, lortutako puntuak ez gaitu asetzen. Norgehiagokak hala ere, Aitor Sanchezek lehenengo taldean egindako debuta zein taldeak galdu gabeko zortzigarren partidua egin izanaren balantze baikorra uzten digu. Guzti honetaz gain, Seborbek eta Cons. Cobo, atzo arte sailkapenean atzetik zeuden taldeek, elkarren arteko neurketan berdinketa eginda, Lauburu eta bi hauen arteko aldea lau puntukoa izaten jarraitzen du. Gehien hurbiltzen den aurkaria orain Zierbena da, hiru puntutara. Datorren astean konpetizioak zuzeneko neurketaren oparia eskainiko digu. Construcciones Cobo taldea Belabietara etorriko da 24. jardunaldian ligako duelurik interesgarriena jokatzera. Lehiaketaren garai honetan, puntu bakoitzak urrea balio du, eta helburu bera duten bi taldeen arteko lehia bada oraindik gehiago. Moratuen afizioa Belabietara hurbiltzea eta taldea animatzea ezinbestekoa izango da, emozio handiko arratsaldea eta maila altuko areto futbola izango baita.
#GoazenLauburuKEIbarra
PARTIDUAREN XEHETASUNAK
LAS FUENTES NTRA. SEÑORA DEL PORTAL CLUB: Adrian, Borja (1), Guillermo, Ginés (1) eta Luis. Omar, David, Ivan Jose, eta Sergiok ere, jokatu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Beñat, Dani, Igor Echarri eta Andoni Agirrezabala. Zumeta, Javi Saldise (1), Andoni Carlosena (1), Garmen, Arra eta Aitor Sánchezek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Luis eta Alberto (LAS FUENTES NTRA. SEÑORA DEL PORTAL CLUB) / Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA).
GOLAK
1-0 MIN 28 Ginés
1-1 MIN 36 Andoni Carlosena
1-2 MIN 37 Javi Saldise
2-2 MIN 40 Borja
EPAILEAK
Oscar, Crespo Nájera (Errioxako Komitea)
Ivan, Hernández Falcato (Errioxako Komitea)
KRONOMETRATZAILEA
Laura, Rubio Blasco (Aragoiko Komitea)