FS Castro Urdiales, lider geraezina etorriko da Belabietara

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko ots. 23a, 09:13

Lauburu Ibarra Mahalak liderra jasoko du Belabietan datorren larunbatean, Kantabriako FS Castro Urdiales. 16:00etan izango da eta ligako hamabosgarren jardunaldiari dagokion norgehiagoka jokatuko dute.

Moratuek erasoan zein defentsan ere, konfiantza handiarekin daude eta konpetizioko talderik golegilenari irabazten saiatuko dira.

Kostaldeko talde hau izugarrizko denboraldia egiten ari da, Gonzalo Zubiaurrek gidatutakoak edozein beldurtzeko zenbakiak pilatu dituzte: 12 garaipen eta porrota bakarra, Xotaren kontra 3-0 galdutakoa; orain arte jokatutako 13 norgehiagoketan sartutako golen kopurua 86koa da eta jasotakoak berriz, 28koa. Zenbaki horiek partiduko 6 gola baino gehiagoko bataz bestekoa ematen dute bere alde, eta jasotakoen bataz bestekoa aldiz, bi gol baino zerbait gehixeago.

Aitor Arevaloren moratuak pasa den astean Asturiasen lortutako garaipenaren ostean, hiru entrenamendu oso onak egin dituzte, partidura baldintza ezin hobean iritsiko direlarik.

Entrenatzailearen esanetan: “Castroren bisita momentu onean datorkigu, jo handia duen taldea da eta defentsa-lanetan oso bizia, beti baloiaren inguruan ibiltzen dira trantsizio bizkorrak egin ahal izateko. Baloirik gabeko mugimenduetan erabakiko den norgehiagoka izango dela iruditzen zait, eta baloia estu dagoen edo ez ikusteko gai bagara min handia egingo diegu. Baloiaren erritmo ona dugu eta maila handian lehiatuko dugula uste dut. Garaipena lortzeko aukeretan sinesten dut, konfiantza handiena dut taldean.

Belabietan berriro saio bikoitza izango dugu larunbat arratsaldean, lehenengo taldeak ere bertan jokatuko baitu, Aragoiko Pinseque talde klasikoaren bisita jasoko duelarik. Norgehiagoka honetan ibartarrak hirugarren postua defendatuko dute, alde batetik, datorren errege kopa jokatzeko aukera izango dutelako eta bestetik, kategoria honetan klubak, historian lortu duen sailkapenik onena izango litzatekelako, sari preziatuarekin.  

Beraz, larunbat arratsaldea entretenitua izango da areto futbolaren zale guztientzat, gainera Danon Txokoako loteak eta Mahalako saskiaren zozketa egingo da atsedenaldian, eta bazkide guztien artean Leaburuko Ostatuak eskainitako bi lagunentzako afaria ere zozketatuko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!