Garaipen garrantzitsua guztia lortzeko bidean (1-3)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko ots. 19a, 10:30

Zumetaren azken uneko baja eta hainbat jokalari kili-kolo daudela, aste zaila izan da, baina Alfredo Hualderenak Tafallako pista zailean irabazi zioten lehenengo postuak lortzeko lehian aurkari zuzena denari, eta moratuek beren izaera agerian utzi zuten berriro denboraldi honetan. Tokiko taldea azken unera arte saiatu zen, eta lehenengo zatian aukerak izan bazituen ere, ibartarren aurrean erori ziren azkenean.

Erritmo biziarekin hasi zen partidua, eta lehenengo iritsierak Lauburuk egin zituen. 30 segundorako Javi Saldisen erremate batek Goñin langa jo zuen eta segidako jokaldia ere, moratuentzako beste aukera bat izan zen. Hasieratik ikusi zitzaien beraz, norgehiagoka irabazteko grina. Tafatrans ez zen kokildu eta bertako ikusle mordoak hauspotuta, laster hartu zion pultsua partiduari. Lauburuko jarraitzaile asko ere bertan izan ziren, garaipena bertatik beratara gozatu ahal izan zutelarik.

Joan-etorriko kolpe batzuen ostean, sei minutura aldatu zen dena, Tafatransek gola sartu eta markagailuan aurreratu zenean. Kornerren ondotik ateratako bandako sake bat Unaik errematatu zuen, Josebaren ateko postearen ondo-ondotik sartuz, zoritxarrez. Atezain moratuak ezin izan zuen ezertxo ere egin, bista itsutzen zien jokalari mordoez inguratua zegoelako. Kontuan hartu behar da Joseba, 11 hilabeteko geldialdia egin ostean, aurreko astean itzuli zela pistara eta nahiz eta tantoa azkar iritsi zitzaion atzokoan, tamaina honetako norgehiagoka bat izanda, lan bikaina egin zuela.

Tokiko taldeak markagailuan aurreratzean, bere minuturik onenak jolastu zituen. Lauburukoei min egin zien gol horrek, ez zielako aurkaria baino gutxiago, baina urduritasunak eragin zien nonbait, joaneko norgehiagokan gertatu zitzaien bezala. Hala ere, Alfredorenak oraingoan gidoia hobeto ulertu zuten eta prestatuago zeuden. Tafatransek aukera batzuk izan zituen gero, zutoinean amaitu zuten bi erremate adibidez, eta Ibartarrak ere lehenengo zati honetan hurbilketa batzuk egin zituzten, baina elaborazioan bizkorregi aritu ziren. Beraz, atsedenaldira 1-0eko emaitzarekin iristeak eta bigarren zati osoa jokatzeko egoteak aukerak irekita uzten zituen.

Bigarren denborak beste partidu baten itxura hartu zuen. Moratuek animatuago eta konbentzimenduarekin, beren aukerak jokoaren nagusitasuna izatean eta erabakiak buruarekin hartzean zeudela jakinda sartu ziren denbora horretan. Eta errezeta horrekin, norgehiagoka pixkanaka Goñiren atera iraultzen hasi zen. Ibarrak benetako berdinketa iristerako, emaitza horretara bideratutako hainbat ekintza egin zituen. Oihanek, Aitzolek eta Andoni Agirrezabalak erremate ugari egin zituzten, baina tokiko atezainaren erantzun bikainarekin aurkitu ziren.

Lauburuk lasai hartu zuen eta sei minutu faltan iritsi zen berdinketaren gola. Andoni Carlosena, Laubururen hiru golen hiru asistentziak egindako jokalariak, diagonal bat bota eta Igor Echarrik errematatu zuen. Gol hau partiduaren bila joateko keinua izan zen moratuentzat, eta atzo garaipen bat lortzeak duen garrantziaz jakitun, Alfredorenak horren bila joan ziren zuzen-zuzenean.

1-2koa laster iritsi zen. Andoni Carlosenak berriro diagonal bat filtratu zuen, oraingoan zoruaren altueran, Javi Saldisek jaso area izkinatik eta oin puntarekin egindako erremate bat beste aldeko eskuadratik sartu zen, guztion harridurarako. Gol bikaina izan zen inondik inora, eta Tafatrans taldea ez zen gehiago zutitu. Saiatu ziren, baina moratuek intentsitatean nagusi ziren eta agerikoa zen ordurako egiten zituzten ekintza guztietan.

02:40 minutu geratzen zirela iritsi zen azken emaitza. Andoni Carlosenak baloi bat ostu zuen zatitzailearen inguruan, bi aurkari driblatu eta Igor Echarriri pasa zion eta honek, Goñi azpitik menderatuz tantoa egin zuen. 1-3 eta defentsan indartzea tokatzen zen garaipenari eusteko. Tafatransek ordea ez zuen atezain jokalaria atera, agian Ibarrako defentsak adierazten zuen sentsazioa medio. Norgehiagoka Tafallakoen hurbilketa xume bat gehiago eginez amaitu zen, baina benetako arrisku aukerarik sortu gabe.

Balore handiko garaipena; tokiagatik, momentuagatik eta sailkapenean eragiten duen eskenatokiagatik. Azken jardunaldietan ia-ian geratu ostean, atzoko garaipenak bere atzetik daudenekin 4 puntuko aldea lortu du, Segorbe eta Construcciones Cobo. Erlaxatzeko balioko ez duen errenta hala ere, baina lasaitasun pixka bat emango duena hurrengo norgehiagoketan. Datorren astean Pinseque aragoiarra etorriko da Belabietara, kategoriako talde historikoetako bat. Aragoiarrak, nahiz eta beren erreferente askoren lesioen zama izan, kalitate handiko taldea da eta oso joko ikusgarria egiten dute. Horregatik moratuen afizio osoa animatzen dugu partidu hau ikustera etortzea, areto futboleko norgehiagoka bikaina izango baita, eta Alfredo Hualderen mutilak animatzea tokatzen da, puntu bakoitzak izugarrizko garrantzia hartzen duelako.

#GoazenLauburuKEIbarra

 

PARTIDUAREN XEHETASUNAK

 

TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ: Goñi, Unai (1), Aitor, Juan Carlos eta Iñigo. Natxo, Zalacain, David, Pablo eta Txusmik ere, jolastu zuten.

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Andoni Carlosena, Aitzol, Javi Saldise (1) eta Andoni Agirrezabala. Igor Echarri (2), Dani, Oihan, Beñat, Garmen eta Xabi Arranzek ere, jolastu zuten.

 

TXARTEL HORIAK:Aitor (TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ) / Andoni Agirrezabala, Andoni Carlosena, Javi Saldise, Dani eta Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA).

GOLAK

1-0 MIN 6 Unai

1-1 MIN 34 Igor Echarri

1-2 MIN 35 Javi Saldise

1-3 MIN 37 Igor Echarri

 

 

EPAILEAK

Javier, De Sola Buyo (Aragoiko Komitea)

Jorge, Jordan Vallejo (Aragoiko Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Eneko, Yoldi Oneca (Nafarroako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!