Lauburu Mahala Ibarrak bolada onarekin jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko ots. 16a, 08:48

Lauburu Mahala Ibarrak 8-4 irabazi zion Otxartabe talde bizkaitarrari inauterietako aste bete-betean, eta ligan jolastutako azken 24 puntuetatik 20 lortu zituen. Moratuek lehenengo zati bikaina egin zuten, atsedenaldira 5-0eko emaitzarekin iritsiz.

Ibartarrak batere konplexurik gabe atera ziren pistara, markak goitik presionatuz eta lauko jokoan oso dinamiko. Emaitzak ezin zuen hobeagoa izan, partiduko 9. minuturako 5-0 egina baitzuten Aitor Arevaloren mutilak. Moratuek suelto ibili ziren bai defentsan eta baita erasoan ere, eta partiduko laugarren minutuan estreinatu zuten markagailua Asier Aierbek lehenengo lerrotan baloia ostuta. Minutu bat beranduago lehenengo lerroan ostutako beste baloi bat Ion Ander Cuadradok aprobetxatu eta 2-0 egin zuen; beste minutu bat gehiago eta Asier Aierbek 3-0ekoa egin zuen taldeko konbinazio on baten ostean. Ibartarrak geldiezinak zeuden eta 40 segundo beranduago berriro Asierrek markatu zuen, bere hat-trick eginez eta markagailuan 4-0koa finkatuz. Bederatzigarren minutuan Iker Zubelzuk 5-0ekoa markatu zuen taldeko konbinazio on bat maisutasunez amaitu zuenean. Hemendik lehenengo zatiaren amaiera arte moratuek aukera mordo bat izan zuten eraso posizionalean edota trantsizio ofentsibetan, baina ez zuten asmatzen eta honelaxe amaitu zen lehenbiziko zatia.

Bigarren zatian erabat aldatu zen panorama, bisitariek atezain jokalariarekin jokatzeko erabakia hartu zuten hasieratik, partiduaren dinamika aldatu nahian. Norgehiagoka nahasi egin zen orduan eta etxeko taldeak ez zuen oso ongi kudeatu egoera; 5x4ko defentsan edota nagusitasunezko trantsizio sinpleko 3x1 eta 2x1eko ekintzak amaitzeko moduak bi taldeen arteko golen jarioa ekarri zuen, 8-4ko azken emaitzara iritsi arte. Bigarren zatiko goleatzaileak Paul Rueda, Alvaro Alonso eta Asier Aierbe izan ziren, azken honek bere poker propioa egin zuelarik.

Norgehiagokaren amaieran balorazioa ohiko balorazioa egin zuen entrenatzaileak: “Defentsa arloak oso partidu serioa jokatu dugu lehenengo zatian eta pistaren hiru laurdenetan ostutako baloiak golean amaitu dute. Bigarren zatian ez gara ongi egon 5x4ko defentsan, bi gol jasan ditugu gure aldeko bandako sakearen ostean, egoki ez amaitzeagatik eta 2x1eko trantsizioa ongi ez defendatzeagatik, eta gainera, falta eginda bi ekintza horiek geratzeko aukera izanda. Neurketak beraz, bigarren zati itsusia izan du eta beraiek bere osotasunean gurea izan behar zuen emaitza makillatzea lortu dute, guk martxa bat gehiagorekin jolastu baitugu. Egunez egun aurreratzen goaz, baina defentsa jokoan badira oinarrizko hainbat arlo, 2x1ekoa besteak beste, ezin ditugunak hain gaizki defendatu,  entrenamenduetan ematen ditugulako”.

Moratuen taldea, inauteriak direla eta, asteazkenean itzuliko da entrenamenduetara eta bertan
ligako hurrengo norgehiagoka prestatu beharko du. Aitor Arevaloren mutilak Asturiasera joango dira Siero FS taldearen aurka jokatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!