Joaneko partiduan, bizkaitarrak 3-1 irabazi zieten ibartarrei, baina Aitor Arevaloren mutilak, Tolosako inauteriak ospatzen ari badira ere, emaitza horrek utzitako zapore txarra kentzeko irabazten saiatuko dira.
Otxartabek jokatutako azken 12 puntuetatik 9 gehitu ditu, jardunaldiz jardunaldi hobetu den taldea da eta denboraldia hasi zenetik, orain ari da bere errendimendurik onena erakusten.
Entrenatzailearen esanetan: “Jokalari desberdinen lesioek markatutako aste zaila izan dugu. Taldeak badaki aurreko asteburuan ez genuela lan ona egin eta bere mailarik onena eman nahi du berriro, joanekoa irabazi zigun taldea garaitzeko. Ezagutzen dugu taldea, oso bertikala da eta pibot jokoa asko erabiltzen du. Etxeko norgehiagoka guztiak irabaztea helburu erakargarria da eta horretarako, data berezi hauetan ere, gure mailarik onena eman behar dugu”.
Gainontzeko kategorietan Txubelen mutilak, 1go Probintzialean lortutako emaitza da azpimarratzekoa. Aste honetako asteazkenera, otsailak 7, aurreratu zuten norgehiagoka eta Lauburu Aldaz Klinikak 7eta 1eko emaitzarekin irabazi zion Egarri taberna taldeari.
Larunbatean saio bikoitza izango da Belabietan, Ohorezko Mailaren ondoren Bigarren B Nazionalak jokatuko baitu bertan, Juventud del Circulo CD Burgosko taldearen kontra. Denboraldiaren azken herenean sartu garen honetan, oso norgehiagoka garrantzitsua da, datorren denboraldian kopan postu bat lortzeko helburu erakargarria baitago jokoan. Klubarentzat erronka historikoa izango litzateke, konpetizio hau sortu zenetik ez baitu bertan parte hartzea lortu oraindik.