Proiektua sendotze bidean, egin beharreko apustua moduan ikusten du klubak jokalari gipuzkoarraren fitxa, pixkanaka etxeko lehenengo taldea kategoriako posturik altuenean kokatu ahal izateko. Horretarako probintziako zein ondoko beste lurraldetako jokalari onenak lehenetsi behar direla jakinda, guztien artean taldearen maila eta errendimendua igo ahal izateko.
Alex Alonso Ramos, 27 urteko hegala da, areto futbol ibiltaria eta azken bi denboraldietan Italiako futsalean ibili da.
C.D. Debabarrena taldearekin hasi zuen bere kirol ibilbidea, eta bertan ezagutu zuten elkar Lauburuko kirol zuzendaria den Juanan Rodriguez eta biek, handik Bigarren B-ra eta Bigarren mailara igoaz Elgoibarko klubarekin.
Geroago Zierbenan jokatu zuen, eta han ere kanpaina bikaina osatu zuen, ligako titulua eta bigarren mailara igotzeko aukera lortuz. Aipatu bi igoera hauek, hala ere, ez ziren burutu arazo ekonomikoengatik.
16/17 denboraldian Italiako areto futbolera jauzia egitea erabaki zuen, B Serieko Mirafinekin fitxatuz. Han ere, taldea seigarren postuan kokatuz denboraldi bikaina burutu zuen. 17/18 denboraldian Regalbutu taldearekin fitxatu zuen, B Seriekoa hau ere, baina klubean egoki sendatzea lortu ez zuen lesio baten ondorioz, Eibarrera itzultzea erabaki zuen eta bertan artatzea sorbaldako lokadura eta eskuineko hankako lesioa (Psoas).
Jokalaria Ibarrako klubeko sendagile zerbitzuekin ari da osatzen; lantaldean noiz hasiko den ez da oraindik ezagutzen, baina urtarrilaren 2an hasitako errehabilitazioa aurrera doa eta klubeko fisioek ezarri beharko dute horretarako data.
Eibarko hegal honek golak sartzeko gaitasun handia du, jokalari indartsua eta letala da trantsizioetan. Jokoaren beste alderdi guztietan ere, eboluzio positiboa izan du azken urteotan egon den klub desberdinetan.
Lauburutik ongietorria ematen diogu, lesiotik azkar osatzea eta banakako zein taldeko kirol lorpen guztiak opa dizkiogu.