Peña La Unioni irabaziz bere hirugarren garaipena jarraian egin du Lauburuk (6-0)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko urt. 28a, 18:41

Taldeko lan bikainak zein 40 minutuetan zehar Ibarrak kontzentrazio maila jaitsi ez izanak, hiru puntuak berriro Belabietan geratzea ahalbidetu zuen atzoko aurrez aurrekoan. Alfredo Hualderen mutilak erakutsitako defentsa-intentsitateak eta erasorako pazientziak Peña La Unión taldea indargabetzen amaitu zuen; aurkari gogorra eta lehiakorra zela erakutsi zuen, gauzak markagailuak adierazitakoa baino zailago jarri zituena.

Tentsio handiko neurketa izan zen hasiera-hasieratik. Bisitaria bere ekintza guztiak irmotasun handiz egiten saiatzen zen. Moratuek ez ziren, hala ere, egoera honekin kikildu eta bere joaz baliatu ziren hirugarren minuturako markagailua desorekatzeko. Javi Saldisek zulatu zuen aragoiarren atea lehenengo aldiz. Irurtzungo goleatzaileak, Andoni Agirrezabalak eraso-defentsa trantsizio azkar batean egindako jaurtiketa bat baliatu zuen, alderatzea harrapatuz markagailua inauguratzeko.

Hasierako tanto honen ostean ez ziren gauzak asko aldatu. Peña Unionek arriskuak sortzen saiatzen jarraitu zuen baloi osten bidez, baina ibartarrak ohi baino lasaiago egon ziren zirkulazioan, aurkariari aukera gutxi eskainiz. Erakutsitako pazientziak partiduko lau minutuak bete aurretik izan zuen saria. Andoni Zumetak, Andoni Agirrezabalaren paralela baten ostean egindako jaurtiketa bikain batekin sartu zuen Hectorren atean. Goleatzaile tolosarra atsedenaldian erretiratu behar izan zuen zoritxarrez, saihets hezurrean hartutako kolpe baten ondorioz.

Bigarren tanto honek kanpoko entrenatzailea hutsartea eskatzea behartu zuen. Hala ere, tarte honek ez zuen aldaketa asko eragin eskenatokian, berriro moratuak izan baitziren bien arteko aldea 4-0era handitu zutenak, lehenengo zatia emaitza horrekin amaitu zelarik. 3-0ekoa Oihanek egin zuen, Danik ostutako baloi bat sareetan sartu zuenean; 4-0ekoa berriz, Aitzolena izan zen. Ibarrako kapitainak bandako sake batean markatu zuen, moratuek ongi landutako estrategia jokaldi baten barruan.

Errenta garrantzitsu hau lortuta, bigarren zatiaren helburua eta zailtasuna lehenengo zatiko intentsitatea mantentzea izan zen, aurkariari pizteko aukerarik utzi gabe. Moratuek sobra ere lortu zuten helburua, errotazio guztiekin asmatu baitzuten. Bigarren zatiaren hasieran bi taldeen hurbilketak ikusi ziren; Hectorrek, partehartze on batzuen ostean, ezin izan zuen arratsaldeko gola izan zenaren aurrean ezer egin. Oihan Carlosenaren tantoa izan zen, bolea eder bat zutoinaren ondotik sartu zuenean. Arratsaldeko bigarren estrategia tantoa izan zen, beraz, Ibarrako entrenatzailearentzat beste erregistro pozgarri bat.

5-0ekoarekin giroa asko berotu zen. Bisitariek Albertoren kanporatzea jasan zuten amaierarako 12 minutu baino gehixeago falta zirenean. Moratuek nagusitasun hau arriskurik gabe jokatzea erabaki zuten, beraz, bi minutu horiek ustekaberik gabe pasa ziren.

Peña La Unionek bostekoarekin erasotzea erabaki zuen zortzi minutu eta erdi geratzen zirenean. Honek, Zuhaitzen atera irauli zuen joko guztia eta atezain moratuak merituzko geldiketa ugari egin behar izan zituen. Geldiketa hauei esker, Ibarrak ez zuen gol bakar bat ere jasan, markagailua zentzu horretan zeron mantendu zelarik.

Oraindik gol bat gehiago falta zen. Urrutira bota eta galdutako jaurtiketa batzuen ostean, Danik asmatu zuen bere kantxatik bota eta tantoa egiten. Berriozarreko gaztearentzat bidezko saria, alderdi guztietan partida bikaina jolastu baitzuen atzokoan. Amaierarako geratzen zen minutu bakarrak ez zuen gehiagorako eman, eta Lauburuk defentsan kontzentrazio handia ipiniz amaitu zuen norgehiagoka, golik jasan gabe amaitu nahian, temati.

Laburbilduz, landutako garaipen honek Ibarrari 36 puntu eman dizkio eta sailkapenean hirugarren postuan kokatu du. Datorren asteko norgehiagokari begira, Alfredo Hualderen taldeari konfiantza eta lasaitasuna emango dion erregistroa, zalantzarik gabe. Moratuak Zierbenaren kantxara mugitu beharko dute, brontzezko kategoria honetan klasiko bilakatu dena. Ibartarrak bizkaitarren gotorlekuan irabaztea zein garrantzitsua den jakinda egingo diote aurre norgehiagoka honi. Bost puntuko aldea dute egun, beraz, garaipena lortuz gero, errenta ederra lortuko luke helburu berak dituen aurkari honen aurrean.

GOAZEN LAUBURU!!!!!!

PARTIDUAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Agirrezabala, Andoni Zumeta (1), Javi Saldise (1) eta Igor Echarri. Andoni Carlosena, Aitzol (1), Oihan (2), Dani (1), Xabi Arranz eta Garmenek ere jolastu zuten.

A.D. PEÑA LA UNIÓN CALATAYUD: Héctor, Cristian, Sergio, Álvaro eta Héctor S. Alberto, José L, Mario eta Carlosek ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK:Aitzol y Andoni Carlosena (LAUBURU K.E.) / Ivan y Héctor S. (A.D. PEÑA LA UNIÓN CALATAYUD).

KANPORATZEAK: Alberto (A.D. PEÑA LA UNIÓN CALATAYUD).

GOLAK

1-0 MIN 3 Javi Saldise

2-0 MIN 4 Andoni Zumeta

3-0 MIN 7 Oihan

4-0 MIN 16 Aitzol

5-0 MIN 26 Oihan

6-0 MIN 39 Dani

EPAILEAK

Andoni, Lancha Urtasun (Nafarroako Komitea)

Fco. Javier, Medina Herrera (Nafarroako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

José María, Montero Celaya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

Oharra: Atsedenaldian, Danon Txokoa tabernak eskainitako bi lagunentzako afariaren zozketa egin zen bazkide guztien artean, eta irabazlea Arantxa Larrarte Alkorta izan zen, Zorionak!!!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!