Erritmo bizkorreko neurketa batean gainditu du Lauburuk Segorbe taldea (3-2)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2018ko urt. 22a, 08:38

Hilabeteko geldialdiaren ostean, 2.B Mailako ligari jarraipena emateko jokatutako norgehiagoka zirraragarria izan zen. Bi taldeak ikuskizun ederra eskaini zuten, emaitza azken segundoetan erabaki zelarik.

Alfredo Hualderenak, lehenbiziko denbora bikaina jokatuta lortutako bi tantoen tartea Segorbekoek 2 minutu faltan nola gutxitzen zuten ikusi behar izan zuten. Hala ere, lehiatzen jarraitu zuten eta amaierarako 45 segundo faltan eta afizioari izugarrizko poza emanaz, Oihanek garaipenaren gola egitea lortu zuen.

Lauburu oso bizi sartu zen partiduan; Castellóko taldearen defentsa pazientzia handiz irakurriz bere posizio-erasoak landu ahal izateko eta aurkariak eskatu ahalako intentsitatearekin babesten. Ibartarrak azkar hasi ziren arriskuak sortzen Daviden atean. Danik egindako tiro bat eskuadra bertara zuzendua, atezainak geratu zuen. Ibarrako atea berriz, Iñaki Peñak babestu zuen, denboraldi honetako ligan debuta eginaz. Saio aparta burutu zuen; era guztietako geldiketak eginez errezital bat eskainiz.

Moratuen joko onak zazpigarren minutuan aurkitu zuen golaren saria. Oihan Carlosenak ostutako baloi batek bere anaiari laguntzeko bidea eman zion; honek David driblatu eta Segorbeko atea zulatu zuen, Ibarrako parrokiara poza helaraziz. Sentsazio onak ziren, baina Segorbe biziagotzen eta bere kalitatea erakusten hasi zen. Bisitariek erasoari ekin zioten eta Peñak meritu handiz geratu zituen arrisku egoera batzuk sortu zituzten.

Atsedenaldira 1-0ekoarekin iritsiko zirela ematen zuenean iritsi zen arratsaldeko golik onena. Landutako jokaldi batean, Andoni Zumeta bere parekoaz libratu, Andoni Agirrezabalari asistentzia eman eta honek aurkariaren hegalean zegoen Aitzoli pasa zion. Kapitainak berriro Andoniri bidali eta azken honek eskuineko hankarekin ateko zutoina joaz sartu zuen Segorberen sarean.

Markagailuan 2-0ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira, baina Castellóko taldea gainditzeko asko geratzen zela jakinda.

Aldageletatik bueltan, moratuei kosta egin zitzaien partiduan sartzen. Bisitariek baloiaz nagusitu ziren eta Ibarrako atearen ingurura hurbiltzen hasi ziren. Peñak, Jacobo eta Salvaren aurrean bi buruz-buruko ebatziz lotu zituen moratuak.

Faltak laster pilatu zituzten bi taldeak, ondorioz, defentsen eskuak lotuz eta bi ateetan aukera ugari sortuz. Hauetako bat 3-0ra izateko zorian egon zen, baina Oihan Carlosenak egindako jaurtiketak zutoina jo zuen.

Azken sei minutuetara iritsi zen norgehiagoka, eta gauza asko gertatu zen tartea izan zen, benetako suspensea sumatuz. Lehenbizi Segorbek tartea txikitu zuen Enriquen tiro batekin, Ibarrako defentsa bat jo eta Peña ustekabean harrapatu zuenean. Tanto honek suspertu egin zuen aurkaria eta azken bost minutuetan erasoari ekin zion.

Castellóko taldea erasoan murgildu zenean, arrisku ekintza asko sortu ziren bi ateetan. Lauburuk tartea handitzeko aukera ere, izan zuen 10 metroko tiro batekin, baina Andoni Carlosenak botatako tiroa Davidek geratu zuen.

Segorbekoen aukera garbienak ziruditen jokaldiez libratu ostean, berdinketaren gola zoritxarreko ekintza baten ondorioz etorri zen. Bertan, Peñak zein Igor Echarrik irrist egin zuten baloia alderatu nahian eta egoera hau Danielek ongi aprobetxatu zuen baloia Ibarrako atean sartuz. Kolpe izugarria izan zen, izandako moduagatik eta garaiagatik. Hala ere, moratuak partiduaren bila joatea erabaki zuten zalantza izpirik gabe.

Azken momentu horietan bi taldeak, erasotzeko garaian, atezain-jokalaria jartzen zuten pistan. Peñak ateratako sake azkar bat Andoni Carlosenarena iritsi zen eta honek anaia Oihani bidali zion; atezainaren aldaketa egin gabe zegoela aprobetxatuz, Carlosena gazteenak bizkor eta abileziarekin errematatu zuen, Belabietako harmailetan izugarrizko poza sortuz.

Azken 45 segundo horietan Segorbe berdinketaren bila joan zen, baina Lauburuk bikain erantzun zituen erasoak eta garaipena etxean geratu zen. Garaipen honen ondorioz, Alfredo Hualderen taldeak 33 puntu izango ditu eta laugarren postuan kokatzen ditu sailkapenean. Ligara atzokoa bezalako garaipen batekin itzultzeak, datorrenari anbizio guztiarekin aurre egiteko balioko die moratuei. Hurrengo neurketa berriro etxean izango da; Calatayudeko Peña La Unión taldea etorriko da Belabietara. Aragoiarra, oso talde borrokalaria eta lehiakorra da, gainditzeko zaila, beraz, bihar berriro lanera neurketa berri hau prestatzera. GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDUAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Andoni Agirrezabala (1), Andoni Zumeta, Aitzol eta Igor Echarri. Dani, Javi Saldise, Oihan (1), Beñat, Andoni Carlosena (1) eta Garmenek ere, jokatu zuten.

SEGORBE MAS DE VALERO C.D. F.S.: David, Jacobo, Salva, José eta Daniel. Luis, Pedro, Jorge, Joel eta Enriquek ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK:Oihan eta Zuhaitz (LAUBURU K.E.) / Jacobo, Luis, Daniel eta Alejandro (SEGORBE MAS DE VALERO C.D. F.S.)

GOLAK

1-0 MIN 7 Andoni Carlosena

2-0 MIN 19 Andoni Agirrezabala

2-1 MIN 34 Enrique

2-2 MIN 38 Daniel

3-2 MIN 40 Ohian Carlosena

EPAILEAK

Ángel, Manchado García (Kantabriako Komitea)

Miguel, Trueba Fraile (Kantabriako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

Oharra: Leaburuko Ostatuak Lauburuko bazkideentzat eskainitako bi lagunentzako afariaren zozketan irabazlea Iñaki Sanchez Artieda suertatu zen. ZORIONAK!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!