Aitor Arevaloren mutilak, gabonak alde batetik eta Ibarran jokatu den Espainiako jubenilen txapelketa bestetik, bi aste luze egon dira deskonektatuta. Orain, entrenamenduetan murgildu dira hemendik denboraldi bukaerara paper bikaina betetzeko ilusioz. Talde gazteak, ligako 12 puntuetatik 10 lortu ondoren, puntuak pilatzen jarraitu nahi du, eta horretarako, bere etxean irabaztea oso zaila den talde bat gainditu beharko du.
Eskoriatzako taldea talde oldarkorra da defentsa-lanetan, azpimarratzekoa da pistaren hiru laurdenetan zein pista erdian ere, planteatzen duen zonaldeko defentsa. Erasoan, defentsan erakusten duen agresibitatea dela eta, aurkariaren atearen ondotik baloiak berreskuratu eta kontraeraso azkar batzuk sortzeko abilezia du talde honek. Posizio-jokoan berriz, pibotarekin duen ohiko jokoak erdiko errailak itxi eta barruko jokoa babestea behartuko ditu moratuak.
Entrenatzailearen esanetan, “talde indartsua eta gainditzeko zaila dugu aurkaria. Agian ez gara baldintza onenetan iritsiko, orain hilabete baloiarekin genuen erritmo bera ez dugu eta pixkanaka lortzen joan beharko dugu. Gakoa, beren defentsa irakurtzean dago, lerro arteko jokoan nagusitzen bagara eta posiziozko nagusitasunak lortzen baditugu norgehiagoka aurrera ateratzeko aukera onak izango ditugu. Baloi geratuetako ekintzetan ere oldarkor izaten ikasi beharko dugu. Jotzaileak diren jokalariak daude eta aurkariari ezin dizkiogu metroak oparitu markarik gabeko joak egin ditzan”.
Beste aldetik, 19 urtez azpiko Espainiako txapelketari buruz klubak oso balorazio baikorra egiten du. Federazioko organoen aldetik eta bertan egondako selekzioen aldetik esker ona besterik ez dugu jaso. Klubak torneoari hedapena emateko asmoz abian jarritako streaming saioak urrunetik jarraitu zituzten komunikabide desberdinek ere, beste hainbeste adierazi dute.
Klubaren babesle eta laguntzaile direnek erakutsitako atentzioa azpimarratzekoa da eta egiten duten ekarpen garrantzitsuagatik zoriondu nahi ditugu eta eskerrak eman publikoki.