Aurredenboraldia Lauburuko lehenengo taldearekin egin ondoren, egun Aitor Arevalok gidatutako Jubenilen Ohorezko Mailan egiten ari den lan bikainagatik saritua izan da Aierbe gaztea. Gisa honetako txapelketa batean Lauburu ordezkatzen duen bigarren aldia izango du Asier Aierbek, 2015-2016ko denboraldian ere, Euskadiko SUB-16 selekzioan paper garrantzitsua izan baitzuen; orduan Etxebarri, Bizkaian, jokatu zen eta azken urteetan ikusitako parte hartzerik onenetako bat izan zuen.
Oraingoan, Euskadiko taldea Valentziar Erkidegoa, Extremadura, Katalunia eta Balear Irlen kontra neurtuko da. Azken hiru edizioetako irabazlea izan den Kataluniaren kontra jokatzeak Jose Manuel Korraletxek gidatutako taldearentzat aparteko motibazioa izango dela ziur gaude.
Beste aldetik, Lauburu ekitaldi ikusgarri honen antolakuntzan erabat murgilduta dago, eta bost egunez jarraian, Ibarran etorkizuneko Areto Futbolarik onena elkartuko denez, herrira bertaratu eta ikuskizun paregabe honetaz gozatzeko aukera bikaina dela deritzogu. Lehiaketa bihar asteazkena 17:00etan hasiko da Valentziar Erkidegoa eta Balear Irlen arteko neurketarekin, eta ondoren, Extremadura eta Kataluniaren artekoa 19:00etan.
Norgehiagoka guztiak Klubeko Youtube kanalean streaming bidez jarraitu ahal izango dira, baina hala eta guztiz ere, Belabietara hurbiltzeko gonbita luzatzen dizuegu guztiei, ikuskizunaz tokian bertan gozatzeko.
GOAZEN EUSKADI eta GOAZEN LAUBURU!!!!