Garaipen garrantzitsua lortu du Lauburu Mahalak Logroñon (2-5)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko aza. 21a, 12:02

Ligako zazpigarren jardunaldian Lauburu Mahala Ibarrak 2 eta 5eko emaitzarekin irabazi zuen CD Valle del Ebroren kontra jokatutako norgehiagoka. Ibartarrak oso partida serioa jokatu zuten.

Partidu berezia zen tokiko taldearentzat, Logroñoko klubak bere bosgarren urteurrena ospatzen baitzuen egun berean eta norgehiagokara hiru puntuak eskuratzeko asmoz agertu zen.

Neurketa ez zen oso ongi hasi ibartarrentzat, jokoa hasi eta lehenbiziko minutuan, trantsizio batetan eta lehenengo iritsialdian aurretik jarri baitziren errioxarrak. Moratuek, urduri jarri beharrean ordea, ohiko lauko jokoa egiten hasi ziren eta aukerak sortzen. Laugarren minutuan Liherrek banako berdinketa egin zuen jokaldi kolektibo baten bidez.

Eraso posizional onen bidez, aurkariaren defentsa erraz eraisten zuen Lauburu Mahalak eta bertako atean erabateko arriskua sortzen zuen; une hauetan, Aitor Arevaloren mutilak hirutan behinik jaurti zuten zutoinetara, bi, estrategia ekintzetan eta hirugarrena eraso posizional batean.

Hamabigarren minutuan Asier Aierbek 1-2koa egin zuen, taldearen beste jokaldi kolektibo bikain baten bidez. Moratuek jokoan nagusitasuna zuten eta defentsan berriz, sendo ageri ziren. Lehenbiziko zatia amaitzeko bost minutu falta zirela, Asier Colasek 1-3koa egin zuen Javi Ayerbek egindako asistentziaren ostean. Moratuek errenta handiagoa lortzeko aukera izan bazuten ere, emaitza honekin amaitu zen lehen zatia.

Aldageletatik bueltan, aurkaria pistaren hiru laurdenetan hasi zen estutzen; moratuek berriz pibotarekin hasi ziren jokatzen erreferentzia finko bat eduki nahian, eta zuzeneko sakeak eginez, jokoan bertikalki aurreratu ahal izateko. Norgehiagoka zaildu egin zen bigarren zatian, ibartarrak arriskuak sortzen jarraitzen zuten baina gero ez zuten amaitzen asmatzen.

Hamabi minutu faltan, tokiko taldea jokalari baten faltan geratu zen epaileak kanporatu ostean, eta ibartarrak nagusitasun hau aprobetxatuz 1-4koa egin zuten Aitor Gurrutxagaren eskutik; 50 segundo beranduago, berriro Aitor Gurrutxagak, 1-5ekoa sartu zuen, eta emaitza honekin neurketa erabakia geratuko zela zirudien.

Erditik atera orduko ordea, Valle del Ebro taldeak 2-5ekoa egin zuen, ibartarren kontzentrazio jaitsiera aprobetxatuz eta jokatzeko oraindik 8 minutu geratzen zirela. Azken minutu hauetan bisitariek markagailua igotzeko aukera dezente izan zuten, baina aldeko emaitza batekin gola sartu nahiak ematen duen antsietate horrek kontrako eragina izan zuen eta emaitza ez zen gehiago mugitu. Honela, Lauburuk hiru puntuak eskuratu zituen.

Norgehiagokaren amaieran moratuen entrenatzaileak honela zioen: “Neurketa hasi orduko gol bat jasotzea tokatu zaigu; ez da seinale ona izan, baina taldeak kolpea gainditu du. Erasoan arin ibili gara eta arrisku egoera asko sortu ditugu. Bigarren zatian, jokoa oso korapilatsua izan da, izandako kanporaketa horregatik eta ulertezina bada ere, jokoaren kontrola galdu dugu, ez ditugu batere ongi kudeatu azken 10 minutuak. Gola sartzeko antsietatean erori gara eta ez ditugu erabaki onak hartu. Jokalariak zoriondu nahi ditut egin duten esfortzua dela eta; beraiek ere, konturatu dira partidaren azken zati hori ez dugula kontrolatu eta horrek taldearen heldutasuna islatzen du”.

Klubeko beste taldeek denetariko emaitzak izan dituzte. 2005eko infantilak, jubenil territorialak eta lehenengo mailako territorialak galdu egin zuten, 2004ko infantilak berdinketa eta emakumezkoen taldeak garaipen bikaina. Kadeteek atseden jardunaldia zuten egutegiaz eta Bigarren B Nazionalak berriz, Santurtziko kantxan gehitzea lortu zuen berriro, launako berdinketa batekin. Okerrago izan zitekeen, baina bigarren zatiko 4-1eko emaitzari buelta ematea lortu zuten, etxetik kanpora garaitezin izaten jarraituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!