Lauburuk baloia kontrolatzen zuela hasi zen partidua, baina laster ikusi zen tokiko taldeak esfortzu handirik gabe sortzen zuela arriskua. Bariante desberdinen inguruan landutako pibot joko batekin eta defentsa lerroak aurreratuta baloiak ostuz, Santurtzikoek aukerak pilatzen hasi ziren Iraitzen atean.
Lehenbiziko gola zorigaiztoko jokaldi batekin etorri zen. Rober bere parekoaz libratu bandan eta atera jaurti zuen, baloiak Agus jo eta Mikelek sartu zuen sarean. Hiru minutura bandako sake urrun batekin Danik Javi Saldiseri pasa, maisutasunez Rober gainetik kendu eta atezaina driblatuz berdinketaren gola sartu zuen.
Handik atsedenaldira arte, bertako taldearen momenturik onenak izan ziren, eta Lauburuk defentsan gutxien asmatu zuen minutuekin bat egin zuten. Honela iritsi ziren beste bi gol gehiago. Lehenengoa Roberrek urruneko falta bat bota eta hasieran langan joaz Iraitz ustekabean harrapatu zuenean iritsi zen; 3-1ekoa berriz, ibartarren kantxa erdian ostutako baloi bat Xabierrek bigarren zutoinean amaitu zuenean. Emaitza horrekin joan ziren atsedenaldira eta zerbait positiboa ateratzeko gauzak aldatu beharko zutela pentsatuz.
Aldageletatik bueltan aurkariaren laugarren golaren kolpea jaso zuten. Roberrek baloi altu bat jaso zuen, bere parekoaz libratu eta Zuhaitz gainditu zuen hesola motzetik. Ibartarrak etsita utziko zituen gol bikaina izan zitekeen, baina alderantziz gertatu zen, moratuek gol honekin erreakzionatu zuten, eta handik aurrera, Alfredoren mutilak Santurtziko taldearen kantxa erdian jokatzen hasi ziren. Gibelean hainbeste metro hutsik uztea arrisku handia zen, baina emaitzak halaxe egitea agintzen zuen. Zorionez, azkar gutxitu zuen aldea Lauburuk: zirkulazio luze batean, Zumetak baloia hartu eta oin-puntarekin atezainaren hanka tartetik sartu zuen.
4-2koak ibartarrei hauspoa eman zien eta aukeretan sinesten hasi ziren berriro. 4-3koa Oihanek egin zuen oso-osorik, ezkerreko bandan aurkariak driblatu ostean, Ortegaren aurrean amaitu zuen jaurtiketa indartsu batekin. Bi taldeen arteko aldea azkar murriztu bazuten ere, berdinketaren gola egitea gehiago kosta zitzaien. Ordurarte, norgehiagokaren emaitza alda zezaketen hainbat aukera izan ziren gainera; Zuhaitzen lan bikainak eragotzita, gauzatzen jakin izan ez zituzten kontra ugari egin zituen tokiko taldeak, gutxienez hiru aukera salbatu baitzituen.
Sei minutu falta zirela iritsi zen berdinketaren tantoa. Bandako sakean egindako estrategia jokaldi batekin Danik Zumetari baloia pasa, honek Oihani, 9 metroetatik Ortega gainditzeko.
Hortik amaiera arte, bi aldetan gertatu ziren zehaztugabetasun jokaldiak, ondorioz, aukerak bi areatan sortuz. Lauburuk baloia gehiago izan bazuen ere, bizkaitarrak sortu zituzten aukera garbienak, bi kontraeraso eginez eta hauetako batean baloiak langa joaz. Ibartarrak, azken minutura arte bosteko jokoarekin saiatu ziren, baina nekea nabaria zen eta norgehiagokak ez zuen askoz gehiagorako eman.
Laburubilduz, partidua oso zaila eta hainbat irakurketa egiteko modukoa. Irakurketa positiboa, moratuek partiduan egon zirela erabat eta hiru tantoen aldeari buelta emateko gai izan zirela, honela, bisitari gisa garaitezin jarraitzeko. Lortutako puntuarekin Lauburuk 21 batzen ditu, lau taldeen arteko 24 punturen berdinketarekin gidatuta dagoen sailkapen batean. Aldarte honetan jasoko du Lauburuk datorren astean Agrupación Deportiva Nalda talde errioxarra. Talde hau jokoan igotzen ari bada ere, emaitzak ez dute hori islatzen, baina talde arriskutsua da eta Belabietara hiru puntuak irabaztera etorriko da. Horregatik ibartarrak erronka berri honi seriotasun handiarekin eta determinazio handiarekin egin beharko dio aurre. Espero dugu ordurako lesionatuta daudenak osatzen joatea eta denon artean oso garrantzitsua izango zen garaipena lortzea.
GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
F.S. SANTURTZI: Ortega, Markel, Asier, Rober (2) eta Mikel (1). Borja, Iñigo, Jon, Ivan eta Xabierek ere, jokatu zuten (1).
LAUBURU K.E. IBARRA: Iraitz, Andoni Aguirrezabala, Zumeta (1), Andoni Carlosena eta Beñat. Aitzol, Oihan (1), Dani, Agus, Javi Saldise (1) eta Zuhaitzek ere, jokatu zuten.
TXARTEL HORIAK: Borja, Rober eta Mikel (F.S. SANTURTZI) / Javi Saldise, Oihan eta Andoni Agirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA).
GOLAK
1-0 MIN 8 Mikel
1-1 MIN 12 Javi Saldise
2-1 MIN 14 Rober
3-1 MIN 16 Xabier
4-1 MIN 21 Rober
4-2 MIN 25 Andoni Zumeta
4-3 MIN 26 Oihan
4-4 MIN 34 Oihan
EPAILEAK
Asier, Alfonso Ares (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
Diego, Gómez De Salazar Fernández (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
KRONOMETRATZAILEA
Asier, Prieto Vallejo (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)