Lauburuk guztiarekin ahal du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko aza. 7a, 12:41

Ibarra etxetik kanpora puntuak gehitzen jarraitzen du eta atzo arratsaldean, galdu gabe jarraitu ahal izateko, Gimnástica Construcciones Coboren kantxa zailean gailendu behar izan zuen. Talde honek kalitateaz gain eskarmentu handiko jokalariak ditu, horregatik, atzoko garaipenak distira berezia izan zuen.

Denboraldi batzuk pasa dira Lauburuko lehenengo taldeak Kantabrian azkena jokatu zuenetik eta moratuek laster utzi zuten garbi, atzoko bisita ez zela kortesiazko bisita bat. Ibartarrak ez ziren kokildu ez aurkariagatik ezta Torrelavegako kantxa ederragatik ere, eta haserako sakean bertan sortu zuten lehenbiziko arrisku aukera. Dani, Aitzol eta Andoni Agirrezabalaren artean egindako konbinazio azkar baten ostean Oihanek hartu zuen bigarren zutoinean. Isaac atezainaren lan bikainak eragotzi zuen gola, baina asmoak agerian geratu ziren.

Orokorrean, lehenengo zatian moratuek izan zuten nagusitasuna. Tokiko taldeak planteatutako defentsa mistoa eta presiokoa erraz irakurtzeko gai izan ziren Alfredoren mutilak . Cobok, bere aldetik, Zuhaitzen atera arriskua eramaten zuen baina distantzia erdira egindako jaurtiketek ez ziren Lauburuko atezaina arduratzeko modukoak izan. Espero bezala, nagusitasun hori markagailuan islatzea ez zen erraza izan, nahiz eta bisitarien lehenengo gola nahiko azkar iritsi zen. Jokoaren bosgarren minutua zen eta Carlosena anaiek jarri zuten Lauburu aurretik; Andonik ateratako korner bat Oihani iritsi zitzaion Igor Echarrik egindako blokeo batez baliatu ostean. Carlosena gazteenak posizio zail batean errematatu eta Isaacen atea zulatu zuen; gazte honek errematerako duen berezko gaitasun hori agerian geratu zen berriro.

Ibarrari ederki etorri zitzaion gola, ordutik lehenengo zatiaren amaiera arte aurkariaren ate inguruan ibili zelarik. Cobok partiduan sartuta jarraitzea lortu zuen; kantabriarrek jokoaren alde guztietan bikain moldatzen dira eta Laubururen nagusitasunari lerroak juntatu eta erasorako jokalarien kalitatearekin egin zien aurre. Moratuek izandako bi aukera garbienak Xabi Arranz eta igor Echarriren eskutik eman ziren; Arranzek kalitate handiko errotazioak burutu zituen berriro eta Igorrek ezin izan zuen errematea bigarren zutoinarekin konektatu. Hala ere, lehenengo zatiaren amaieran susto bat izan zuten moratuek, sei segundo falta zirela Albertok, ia-ia berdinketa lortu baitzuen, markarik gabeko baloi franko bat errematatu zuenean. Zorionez, goitik joan zen eta Alfredorenak aurretik zirela iritsi ziren atsedenaldira.

Etenalditik bueltan aldartea aldatu zen. Aurkaria Lauburu baino biziago atera zen eta indar horrek eraginda, ibartarrek defentsa beren atetik hurbil jarri behar izan zuten. Tokiko taldearen beste ezaugarri bat aipatzekotan, zatitutako baloiak irabazteko gaitasuna dela esan behar da, eta bigarren zatiaren hasieran ikusi zena hori izan zen, banakako borroketan normalean, nagusitzea. Minuturik okerrenak pasa zirela ematen zuenean, Zuhaitzek egindako geldiketa bikain baten ostean, bera eta Andoni Carlosenaren arteko gaizki ulertu baten ondorioz, Saulek baloia eskura izan zuen eta oin-puntarekin eman ostean berdinketa ezarri zuen.

Berdinketa honek hauspoa eman zion aurkariari eta ia jarraian bi aukera garbi izan zituen. Hauetako batean Zuhaitzek partidako geldiketa izango zena egin zuen, Kikek egindako tiro batean eskua atera zuenean. Bigarrengoan Zumeta izan zen, zutoinetan bertan, Albertok egindako erremate bat  alderatu zuena, sareetara sartzea eragotziz.

Hor ikus zitekeen Ibarrakoen erreakzioa eta meritua. Okerren zegoenean eta Cobo bezalako aurkari baten aurrean, moratuek baloiaren inguruan indartu ziren, honela berezko izaera eta norgehiagoka eskuratzeko gogoa  erakutsiz. Honela panorama aldaketa izan zen berriro. Ibarrak zirkulazioa hobetu zuen eta Oihan eta Igor Echarriren eskutik hainbat aukera izan zituen berriro. Aurkariaren arriskua dezente murriztu zen, Kikeren ekintzetara mugatua batik bat, joa bikain horrekin aukerak sortzeko nahikoa izan baitzen, eta sentsazioa, Ibarrak irabaz zitekeela. Horretarako bidea erraztu zuen gola maisu lana izan zen. Igor Echarri eta Aitzolen baloi osteak, Daniren konbinazio bat ahalbidetu zuen; honek, Aitzol bigarren lerrotik etortzea erraztu zuen, Zumetari pasa eta honek, maisutasun handiarekin sekulako gola sartu zuen Isaacen irteeran.

Lau minutu luze geratzen ziren eta sufritzea tokatzen zen. Cobok bosteko jokoa jarri zuen martxan, baina Alfredorenak pasa den larunbatean baino seguruago sentitu ziren defentsan egoera honetan, astean zehar egindako lanaren isla inondik inora. Kantabriakoek ez zituzten gol aukera gehiago sortu, arriskua Ibarrako arean inguruan ibili ziren baloi banatuetan mugatu zen. Honela, asko sufrituz eta garaipen garrantzitsu bat lortu izanaren pozarekin, norgehiagoka izugarri honen amaiera iritsi zen.

Jokoan dauden puntuez gain, atzoko partidak beste hainbat alde on erakutsi ditu, adibidez, aurreko zortzi jardunaldietan 43 gol pilatzeko gai izan den talde batek gol bakarra sartzea, edota gure taldea heldutasunean eta egoera zailen aurrean osatzeko gaitasunean irabazten jarraitzea. Orain, atzoko garaipen eder hori etxean berrestea tokatzen da. Bizkaiko Elorrioko Buskantza taldea etorriko da Belabietara datorren astean, 10. Jardunaldiari dagokion norgehiagoka jokatzeko asmoz. Oso partida zaila izango da, zalantzarik ez dago; sailkapenean Elorrioko taldeak betetzen duen postuak ez da aurkariari gauzak zailtzeko duen gaitasunaren isla. Lan-aste gogorra izango da hau, goiko postuetan asentatzeko balioko duten hiru puntu horien bila joateko. GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

GIMNASTICA CONSTRUCCIONES COBO: Isaac, Imanol, Kike, David S. eta David Blanco. Ricardo, Víctor, Alberto eta Saúlek ere, jokatu zuten (1).

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Agirrezabala, Dani, Aitzol eta Oihan (1). Igor Echarri, Andoni Zumeta (1) Beñat, Andoni Carlosena, Xabi Arranz eta Agusek ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK:Kike (GIMNÁSTICA CONS. COBO) / Andoni Carlosena, Andoni Zumeta eta Dani (LAUBURU K.E. IBARRA)

 

GOLAK

0-1 MIN 5 Oihan

1-1 MIN 24 Saúl

1-2 MIN 35 Andoni Zumeta

 

EPAILEAK

José, Ansa Barreras (Aragoiko Komitea)

Diego, Moreno Catarecha (Aragoiko Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Mª Luisa, Altuna Gómez (Kantabriako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!