Kale edo bale

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urriaren 31

Pena. Azken segundoan jasotako golagatik hiru puntuak galdu zituzten Lauburuko neskek igandean Eskoriatzaren kontra.

Partidaren domeinua izan zuten ibartarrek, lehen minututik azkeneraino. Baloiaren jabetza totala izan zuten eta gol aukerak bata bestearen atzetik, jarraian. Kosta egin zitzaien lehen gola sartzea. Lehen zatiaren hondarrean iritsi zen, Lucia  Zumetaren jaurtiketa bat medio. 0-1 emaitzarekin bukatu zen lehen erdia. Joko ona egiten ari ziren Lauburukoak, oso ona.

Bigarren zatia gisa berean hasi zen, baloiaren jabetzarekin eta gol aukera garbiekin. Horren garbia izan ez zena aurkarien jokoa izan zen. Zikina, epaileak partidari hasiera eman zionetik. Ibartarrek tenple handia izan zuten arren, bigarren zatiaren erdialdean pazientzia galtzen hasi ziren. Minutu gutxi horietan izan ziren soilik nagusi etxekoak. Berrn jokoan erori ginenean etorri zen Eskoriatzakoen gola, berdinketa.

Partida gelditu, arnasa hartu eta berriz ere ibartarren erritmora egokitu zen partidua. Berriz ere gol aukera nabarmenak izan zituzten eta baloia ondo mugitu zuten.

Bost minuturen faltan baloiak atea aurkitu ez zuela ikusita eta betiko anbizioari jarriki, atezain-jokalaria atera zuten ibartarrek. Irabaztea merezi zuten eta horretan ahalegindu ziren. Baina atezain-jokalaria ateratzeak beti du arriskua eta igandean prezio hori ordaindu zuten. Azken segundoan baloia galdu eta urrutiko jaurtiketarekin 2-1 lortu baitzuten eskoriatzarrek.

Dena den, Lauburuko futbolariak burua tente egin zuten aldageletarako bidea. Futbolean ondo ez ezik, kiroltasunez aritu baitziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!