Larunbatean kategoriako kantxa zailenetako batera joatea egokitu zaio taldeari, Pinseque aragoiarren gotorlekua, hain zuzen. Moratuek berriro Ibarrako armarria babestera joango direla ziur gaude, pixkanaka denboraldi zirraragarri honetan finkatutako helburuak lortuz.
Bi aurkariak antzeko dinamiketatik datoz. Emaitzei dagokienez, bolada txarra pasatzen ari dira bi taldeak azken hiru jardunaldietan. Pinsequek azken hiru neurketak galdu ditu eta moratuek berriz, puntu bakarra lortu dute beste hainbatetan. Norgehiagoka honetan, beraz, partidaren amaiera erabakitzeko garaian ezinbesteko faktorea izango da antsietatea kontrolatzea.
Pinsequek ez du aurkezpen handirik behar, urte asko baitdaramatza 2.B-ko multzo honen barnean, eta normalean lehenbiziko hiru postuetan amaitzen du.
Lauburun berriz, Tafatrans taldearen aurkako azken partidan Garmenek belaunean egindako lesioa dugu hizpide aste honetan tamalez. Aste batzuetan behintzat, kantxatik kanpo egon beharko duela dirudi; animoak bidaltzen dizkiogu hemendik ibartar jokalariari, ea laster osatzen den. Pinsequera bidaiatu eta norgehiagoka polit honi aurre egiteko, lantaldeko beste jokalari guztiak izango ditu eskura Alfredo Hualdek. Bere hitzetan: “Lehenengo eguneko ilusio berberarekin goaz Pinsequera, eta badakigu, gure baliabideak egoki erabiliz gero, kategoriako talderik indartsuenetako bati garaitzeko aukera daukagula”.
AD Pinseque eta Lauburu KE Ibarraren arteko partida Pinsequeko Udal Kiroldegian izango da 18:00etan. Ibarrako espedizioa 13:30ean aterako da Belabietatik.
Betiko moduan, partidaren jarraipena Twitterren bidez egingo dugu (@LAUBURUKEIBARRA). Ez ahaztu, LARUNBATA, URRIAK 21, 18:00etan.
GOAZEN LAUBURU!!!