Egindako akatsek erorarazi dute Lauburu Belabietan (1-4)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urr. 15a, 10:23

Ibartarrek larunbatean bizitutakoa azkar ahaztea hobe. Ezer onik ateratzen ez den partida horietako bat izan zen eta Alfredo Hualderen mutilak Tafatrans taldearen aurrean garaituak izan ziren, horrekin, gorakada dezente mantsotuaz.

Partidaren lehenbiziko hamar minutuak ikusi zituen edonorri neurketak horrela amaitu behar zuela sinestaraztea asko kostako zen, ze hasierako minutu horietan moratuek denboraldi guztian zehar egin duten erasoaldirik onena egin zuten. Asmatze maila handia eta estrategia jokaldietan mingarri, Lauburuk errenta zabala lortzeko aukera izan zuen tarte horretan. Baina ez zen honela izan, baloia sarean sartzea faltatu zitzaien eta zortea bizkarrez izan zuten erabat. Aitzol izan zen lehenengoa, jokoa hasi eta minutura; ondoren Andoni Carlosena eta gero Igor Echarri. Markagailua estreinatzeko aukera izan zuten hirurak, baina ez zen hala gertatu eta aurkaria indartuta atera zen erasoaldi horretatik.

Hamar minutura partida erabat irauli zen. Alboko falta batean Zuhaitzek defentsan egindako akats bat medio, Nachok 0-1ekoa markatu zuen. Kolpe izugarria izan zen; Laubururi hainbeste kostatzen ari zitzaion saria aurkariak hain erraz lor zezakeela ikusteak, antsietatea eragin zion eta zehaztugabetasun uneak bizi izan ziren orduan. Alfredorenak partidari berriro pultsua hartu nahian, urgentziaz jokatzen hasi ziren, ondorioz beren eraso-jokoa lermatuz. Tarte honetan aipagarriena, Andoni Carlosenak egindako eta Tafallako atezainak geratu zuen jaurtiketa bikaina. Moratuen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen jokalariak lasaitzeko asmoz, eta neurriarekin asmatu zuela zirudien, ze, tarte hau eta gero, Lauburu aurkariaren aterako bidean jarri zen berriro, eta orduan lortu zuen Oihanek berdinketaren gola; 18. minutuan izan zen, taldeko konbinazio batean Javi Saldiseren pase bat jaso zuenean. Tanto horrek moratuek indartu egingo zituela zirudien eta atsedenaldira indarberrituta iritsi ziren.

Bada, ez zen horrela izan. Ibartarrak bigarren zatiaren hasiera-hasieratik saiatu ziren, baina besteetan izaten duten segurtasun eta asmatze mailarik gabe. Tafatrans taldeak, aldiz, aukera txikiena ere, aprobetxatzen zuen Iraitzen atea erasotzeko; bigarren minutuan jada, oiartzuar atezainak oin salbatzaile batekin lortu zuen eskuz-eskuko bat ekiditea. Ondoren etorriko zenaren atarikoa izan zen. Oihanen aukera baten ostean, bisitariek izan ziren, minutu eta erdian markagailua birritan astindu zutenak. 1-2koa moratuen kontra baten ostean iritsi zen; Andoni Carlosenak irrist egin zuen eta honek aurkari nafarrek ibartarren atera abantaila handiarekin iristea ahalbidetu zuen. 1-3koa berriz, Zalacainek egindako jaurtiketa Iraitzen hanka tartetik sartu zenean etorri zen.

Bi kolpe hauekin itxaropen guztiak galdu zituzten; hala ere, Lauburu saiatu zen, baina erremontatzeko fedez baino, konpromisuaz eta obligazioz gehiago. Javi Saldise, eraso-jokoan taldearen ardura hartu eta abantaila murrizteko izandako aukera gutxi horien protagonista izan zen. 12 metroetatik egindako tiro eder bat Goñiren zutoina joaz pasa zen. Partidan sartzeko Ibarrak izan zuen azken aukeretako bat izan zen.

Bost minutu falta zirela, Alfredok atezain-jokalaria jarri zuen pistan. Moratuek baloia abiadura handiz mugitzen saiatu ziren, baina atetik oso hurbil kokatua zegoen defentsa gainditzea faltatu zitzaien. Azkeneko aukera Andoni Carlosena nekaezinak izan zuen: area izkinatik bolean egindako errematea Goñik aldaratu zuen geldiketa bikain batekin. Norgehiagokaren azken jokaldian, Tafatrans taldearen defentsako lehenengo lerroak ibartarren pase bat harrapatu zuen eta Juan Carlosek 1-4ko behin betiko emaitza finkatu zuen ate hutsean baloia sartuz.

Ahazteko eguna, hasieran genion moduan. Aukerak amaitzeko zailtasunak jokalariengan sortutako antsietateak, denboraldi guztian taldeak jokatu duen partidarik txarrena jokatzea eragin zion Laubururi. Lauburu Pinsequera joango da bertako taldearen kontra jokatzera urriak 21ean. Talde honek ez du aurkezpenik behar, azkeneko denboraldietan sailkapeneko goiko postuetan ibiltzen den taldea baita. Aukera bikaina izango da garaipena batu gabe amaitu diren hiru partiden bolada honi itzuli bat emateko. Lanean jarraitu besterik ez dago, talde honek hainbatetan erakutsi duen ilusio eta konfiantza berberarekin. GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Carlosena, Aitzol, Javi Saldise eta Garmen. Igor Echarri, Dani, Oihan (1), Andoni Agirrezabala, Beñat, Agus eta Iraitzek ere, jokatu zuten.

TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ: Goñi, Nacho (1), Aitor (1), Juan Carlos (1) eta Luis Miguel. Xabier, Unai, Pablo (1), Daniel, Iñigo eta Zalacainek ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK: Andoni Agirrezabala, Garmen eta Igor Echarri (LAUBURU K.E. IBARRA). Pablo (TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ)

GOLAK

  • 0-1 MIN 10 Nacho
  • 1-1 MIN 18 Oihan
  • 1-2 MIN 26 Aitor
  • 1-3 MIN 27 Zalacain
  • 1-4 MIN 40 Juan Carlos

EPAILEAK

  • Ibon, García Llanos (Euskal Komitea, Arabako Territoriala)
  • Iñigo, Urrestarazu González (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

KRONOMETRATZAILEA

  • Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

Oharra: Danon Txokoa tabernak bazkideen artean egiteko eskainitako afariaren zozketan irabazle Jose Luis Goikoetxea suertatu da. Zorionak!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!