Berdinketa bikaina, garaipena eskura izan zuen Laubururentzat (3-3)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urr. 9a, 21:24
Irteera berri honetan berriro batu zuen Ibarrak, oraingoan, BigMat Fontecha Juventud taldearen kantxa zail batean, gainera. Partidaren zati bakoitza bi taldeen artean banatua egon zen eta Lauburuk markagailuan aurreratzea lortu zuen norgehiagokaren azken minutuetan, baina Gaztelakoek berdinketa lortu zuten Rodrigok 10 metroetatik egindako jaurtiketa batekin.

Aipatu dugun moduan, bi zati oso desberdin izan zituen norgehiagoka izan zen. Lehenbiziko zatian BigMat Fontecha taldeak bere defentsa gailentzea lortu zuen, Laubururi bere eraso-jokoa egitea eragotziz; Bigarrenean aldiz, Alfredo Hualderen mutilak egin ziren partidaren jabe eta garaipena lortzeko adina meritu pilatu zituzten.

Hasi eta hamaika segundora korner batean, Andoni Carlosenak egindako pase bat Javi Saldisek sareetara sartu eta neurketa beraien alde jarri bazen ere, ezin esan, lehenengo zatian Ibarra oso ongi ibili zenik. Goleatzaile nekaezin batentzat merezitako saria izan zen hala ere, lanketaren eta jokoa sortzearen inguruan liga hasiera bikaina burutzen ari den jokalaria baita, hain zuzen, nahiz eta golen aurrean zorte txar gehiegi izaten ari den. Hain azkar markagailuan aurretik ikusteak okerreko eragina egin zion Laubururi; defentsa-intentsitatea jaitsi zuen eta aurkariaren defentsa bikaina desarmatzeko zirkulazio erritmoa handitzen ez zuen asmatu. Honek berdinketaren gola berandu baino lehen iristea eragin zuen: Jesusek bere taldearen elaborazio bat amaitzen asmatu eta Zuhaitzen irteeran sarea zulatu zuenean.

Berdinketak hauspotu egin zuen aurkaria eta erasoetan asmatzen jarraitu zuen, Zuhaitzen atera maiz iritsiz eta eraso hauetako batzuk atezainak bikain alderatu zituelarik. Baina 9. minutuan ezin izan zuen ezer egin; ibartarren defentsan doitze eza eragin zuen elaborazio on baten ostean Javierrek 2-1ekoa ezarri baitzuen ate hutsera botaz. Moratuek beren burua kantxan gainditua ikusi zutenean, jokoaren dinamika aldatzeko asmoz, Alfredok hutsartea eskatu zuen. Zentzu handi batean lortu zen, izan ere, Lauburuk, geratzen ziren minutuetan aurkariaren nagusitasuna murriztea eta defentsan larritasun gutxiago pasatzea lortu baitzuen. Hala ere, moratuek motz geratzen jarraitzen zuten erasoan eta beren saiakerak ez zuten lortzen Javierren atean benetako arrisku egoerak sortzen. Horregatik, atsedenaldira abantaila minimo horrekin iristeak, lasaitzeko tartea hartu eta bigarren zatian garaipena lortzeko aukera ematen ziela sinetsarazi zien.

Eta halaxe izan zen, entrenatzailearen hizketaldiak emaitzak eman zituela zirudien bigarren zatiaren hasieratik. Moratuek, hasiera honetan askoz biziago, laster hasi ziren BigMat taldearen aurrean nagusitzen jokoaren alde guztietan. Defentsa on bat oinarri hartuta, baloia berreskuratzeko aukera ematen zien eta edozein momentutan, Gaztelakoen atera zuzentzeko aukera izan zuten. Hauetako batean iritsi zen berdinketaren gola; Zumetak egin zuen, langetan jo zuen baloi bat hartu eta erremate bikain batekin Javier gainditu zuenean. Tolosako jokalari hau gol dinamika onean dago eta taldeak eskertzen du hori.

Berdinketaren ostean, Ibarrak garbi ikusi zuen garaipena lortzeko gai zela. Jokoan nagusi eta defentsan biziago, moratuek aukera ugari izan zuten markagailuan aurreratzeko. Gola ziurra eragingo zuen azken pase hori falta izan zitzaien ordea, egin ziren trantsizio garbi batzuetan. Aukerarik garbienetako bat Andoni Carlosenak izan zuen, buruarekin egindako erremate zail batek baloia langeta jo zuenean. Hala eta guztiz, Ezkarotzko jokalari bizi honek izan zuen bere saria minutu gutxira: Alfredok, aurkaria ustekabean harrapatu zuen anbiziozko erakustaldi batean, atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuenean gertatu zen.

Honela, bosteko jokoaren lehenengo zirkulazioetako batean, baloia izkinatik iritsi zitzaion Javiri, erremateak atezaina jo eta hor agertu zen Andoni Carlosena sareetara errematxatu eta kantxan gertatzen ari zenari justizia egiteko. BigMat taldea bosteko jokoa ateratzea behartua sentitu zen orduan. Lauburuk bikain erantzun zion egoerari baina jokaldi berean moratuek bosgarren eta seigarren falta batera egin zituzten, aurkariari 10 metroetatik tiratzeko aukera baliatuz. Rodrigok aprobetxatu zuen aukera eta Iraitz goitik botatako jaurtiketa bikain batekin gainditu zuen.

Berriro berdinketara iritsi ziren honela eta Alfredok zuen guztia jarri zuen mahai gainean, berriro bosteko jokoarekin ateratzea erabakiz. Hurbil, oso hurbil egon ziren ibartarrak beren esfortzuaren saria jasotzeko, geratzen ziren bi minutuetan hainbat arrisku egoera sortzeko gai izan baitziren. Horietako batean, Andoni Agirrezabalak zortzi metroetatik bota zuen, defentsa bat joaz eta beste batean berriz, Javi Saldise izan zen berriro langeta jo zuena, ibartarren desesperaziorako. Honela amaitu zen neurketa, Lauburu berdinketarekin oso gustura ez eta garaipena lortzeko eginahaletan azken hatsa bota arte jokatzen.

Aipatu aukera horiek utzitako zapore gazia irentsi ostean ordea, Alfredoren taldea segituan hasi zen lortutako puntu hori dastatzen. Kategoria honetan gehitzea asko kostatzen da eta etxetik kanpora, oraindik gehiago. Burgosko kantxa erronka zaila izaten da, BigMat taldea azken sailkapenean erditik gorako postuetan egongo baita ziurrenik. Horregatik, lortutako saria baloratu behar da, egindako akatsak ahaztu gabe noski. Taldeak betiko intentsitatearekin ez jokatzeagatik partida erdia galdu zuela onartu behar da eta ostegun honetan, urriaren 12an, Belabietara tonua igotzen duten talde horietako bat etorriko dela gogorarazi, honek, boltaje eta intentsitate handiko partida eragingo duelarik. Ezohiko astea izango da beraz, entrenamenduko bi saioekin eta osteguneko ligako norgehiagokarekin. Neurketa zirraragarri honi aurre egiteko, prestaketan %100 zentratzea tokatzen da. Belabietan izango da, ostegunean 17:00etan. Zai izango gaituzue, guztiekin hazten jarraitzeko. GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

BIGMAT FONTECHA JUVENTUD DEL CÍRCULO: Javier, Pablo, Javier D. (1), Jesús (1) eta Israel. Mario, Rodrigo E. (1), Fernando eta Alejandrok ere, jokatu zuten.

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Agirrezabala, Aitzol, Javi Saldise (1) eta Andoni Carlosena (1). Zumeta (1), Oihan, Garmen, Dani, Igor Echarri, Beñat eta Iraitzek ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK: Pablo eta Jesús (BIGMAT FONTECHA JUVENTUD DEL CÍRCULO) / Zumeta, Oihan, Javi Saldise eta Igor Echarri (LAUBURU K.E. IBARRA)

GOLAK

  • 0-1 MIN 1 Javi Saldise
  • 1-1 MIN 2 Jesús
  • 2-1 MIN 9 Javier
  • 2-2 MIN 23 Andoni Zumeta
  • 2-3 MIN 37 Andoni Carlosena
  • 3-3 MIN 38 Rodrigo E.

EPAILEAK

  • Imanol, Egia Etxearte (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
  • Alberto, Grande Ferreño (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

KRONOMETRATZAILEA

  • Aitor, Ruiz Garatea (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

www.lauburuke.com

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!