Moratuek talde filialaren aurka bi partida jokatu dituzte aste honetan, eta lehenengoan gazteenak 4-0 galdu bazuten ere, bigarrenean 5-3 gailendu ziren.
Entrenatzaileak honelako irakurketa egiten zuen mutilen eboluzioa dela eta: “Orokorrean, txukun ari gara lanean, egia da, erasotzeko garaian, batzuetan, azken metroetan trabatzen garela eta erabaki onenak ez hartzeagatik baloi hutsalak galdu eta golak kostatzen zaizkigu. Zentzu horretan dezente lan egin beharko dugu oraindik. Defentsa arloan, geroz eta hobeto gaude; lantzeko eta hobetzeko asko dugu oraindik, baina lantalde honen joera jardunaldiz jardunaldi mailaz igotzea izan behar du”.
Atzo ostirala, ibartarrak lagunarteko bat jokatu zuten Hirugarren Maila Nazionalean jokatzen duen Lasarteko Ostadar taldearen kontra, 3-2 galdu zutelarik. Eskarmentua hartzeko eta akatsak zuzendu eta gauza onak indartzeko balioko duen beste test bikaina izango da.
Gaur larunbata, arratsaldean, Bigarren B Nazionalak Zierbenaren kontra jokatuko duen partidaren atsedenaldian, Areto Futboleko Euskal Komiteko presidenteak, iazko denboraldiko Ohorezko Mailaren ligako txapeldunen garaikurra emango dio jubenil taldeari.
Arratsalde zirraragarria izango da Belabietan; lehenengo taldeak taularen goiko aldean egonik, huts egiten ez duen taldearen kontra jokatuko duen derbia, eta tartean, klubeko gazte oparoei iazko denboraldia bikain burutzeagatik merezitako garaikurra emango zaie.