Lauburuk irudi berria izango du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko ira. 16a, 14:31
Kluba sortu zeneko 25. urteurreneko oroitzapenezko denboraldia amaituta, Lauburuk bere irudi korporatiboa berritu du, azken urtean aipatu urteurrena irudikatzeko erabilitakoa ordeztuz.

Klubaren itxura publikoa eguneratzea da xedea eta horretarako erabilpen bakoitzerako bertsio desberdinak sortu ditugu, dokumentu ofiziala izan, kartelak izan, sare sozialak, web orria,… bertsio bertikal zein horizontalean;  Sinplifikatu egin dugu bertsio berria, letrari baino irudiari garrantzia handiagoa emanaz.

Tridimentsionala den borobil batek osatzen du irudia, klubaren batasuna irudikatuz; Laubururen figura tradizionala gogoraraziz, lau zatitan banatzen da irudia, alde bakoitzak moratuaren tonalitate desberdina duelarik. Kolore bakarra du, eta orain arte bezala, Ibarra eta kluba bera ordezkatzen ditu.

Denboraldi berri honetan, klubak, on line duen presentziaz jabetuta, bere web orria ere berritu du. Nobedaderik garrantzitsuena diseinuaren hobekuntza da; edukiari buruz ere, zer esanik ez: konpetizioa, talde edota jokalariei buruzko informazio gehiago jasotzen du. Ikusita erabiltzaile asko eta asko mugikorren bidez sartzen dela webera, gailu hauentzako bertsioa hobetzeko ere, esfortzu handia egin da. Hemendik aurrera hizkuntza ere aukeratu ahalko da web orrian, euskara eta gaztelaniaren artean, ondorioz, bertan nabigatzea erraztuko duelarik.

Pasa den irailaren 6an ezohiko Batzar Orokorra ospatu zen eta bertan hautagai-zerrenda bakarrean, Juan Pablo Zubelzu berriz hautatu zuten lehendakari izateko. Garai berri honetan lagunduko diotenak, Izaskun Muñoa, Klubeko idazkaria, Juan Carlos Arranz, Lehendakariorde, eta Ainhoa Muñagorri, Angel Alonso, Cesar Roca, Juanan Rodriguez, Aitzol Oyarbide, Joseba Balerdi eta Jon Garmendia bokalak izango dira.

Jarraian denboraldirako aurrekontua onartu zen, 123.000 eurokoa, hain zuzen; kopuru honen %33 azpiko taldeei dagokie, oinarri garrantzitsua dena eta Klubaren proiektu berrian erabateko garapena dutena. Proiektu honek, lau urtetako hazkunde iraunkorra
eman ostean bere bigarren etapa hastear du, Jubenilen Ohorezko Maila delarik bere bandera-ontzia.

GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!