Lauburuk Igor Echarri fitxatuz osatu du lantaldea

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko abu. 21a, 22:59

Teknikoen zein afizioaren baitan ilusio handia eragin duen fitxa berri honekin, Ibarrak lehenengo lantaldearen osaketa amaitutzat eman du. Eragin duen poza ez da gutxiagorako, izan ere, astiro-astiro klubak osatu duen taldearekin denboraldi honetan Belabietan, izugarri gozatuko dugula iruditzen baitzaigu.

Etorri berria Igor Echarri da, aurkezpenik behar ez duen eskarmentu handiko jokalaria, kartel ikusgarria baitu. Hiru herrialde desberdinetan lehenengo mailako taldeetan lehiatu duen jokalaria dugu hizpide: Espainiako LNFS, Errumaniako 1go Liga eta Belgikako 1go Maila.

2008-2009 denboraldian Xota C.D. taldearekin Estatuko kategoria gorenean debuta egin ostean, Igor kanpora begira hasi zen Irurtzungo taldean falta zituen minutuak osatu nahian. Honela, Nafarroa Erriberako OPDE taldearekin fitxatu zuen lehenengo, Kirol Sportekin ondoren eta Xotan beste geldialdi bat egin ostean, Ibizako Gasifred Atlético taldean amaitu zuen.

2015-2016 denboraldian atzerrirako jauzia egin zuen, Errumaniako lehenengo mailako K.S.E. Targu Secuiesc taldearekin fitxatuz. Abentura berri honetan Andoni Carlosena eta Javi Saldisekin batera egon zen eta han amaitu ondoren Belgikako kategoria goreneko Team Charleroi taldeko partaidea izan zen. Iazko denboraldi erdian, Espainiako lehenengo mailan dagoen Bodegas Juan Gil Jumillak egindako proposamena onartu zuen, bertan oroitzapen polita utzi duelarik.

Igorrek, itxierako edota hegaleko postuetan trebetasunez aritzeko gaitasuna du, abilezia handiko jokalaria da eta taktikan ezagutza handia du. Guzti honek, bere esperientziarekin uztartuz gero, Ibarrako blokeari ekarpen handia egin diezaioke. Echarrik ostegunean entrenatu zuen jada, bere kideekin; datozen lan aste hauek oso gogorrak izango dira, liga espero zen baino astebete lehenago hasiko baita. Klubak ongietorria eman nahi dio Igorri, eta zorterik onena opa! GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!