Dani Garciak eta Oihan Carlosenak indartuko dute Lauburu

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko abu. 8a, 11:50
Lauburu K.E. bere lehenbiziko lantaldeari azken ukituak ematen ari da eta klubeko teknikoak oso gustura agertu dira osaketarekin. Oso zaila egiten da Ibarrak ezarritako irizpideetan sartuko diren mailako jokalariak aurkitzea, hau da, gazteak izateaz gain, harmarria zein herriarekiko sentimendua barneratzeko gai izango diren jokalariak izatea.

Profil honetara ongi baino hobeto egokitzen diren bi gazte oparo, gurean izango dira asteartetik aurrera; Lauburuk aurtengo ibilbidea hasiko duen lehenbiziko eguna. Bi gazte hauek Dani Garcia eta Oihan Carlosena dira; Mallorcan jaio eta Berriozarren hazitakoa lehena, ezkaroztarra eta Andoniren anaia, bigarrena.

Biak adin beretsuko gazteak izanda ere, Danik 21 eta Oihanek 20, oso jokalari desberdinak dira, baina biek alderdi ezberdinetan egingo dituzten ekarpenak ibartarren potentziala nabarmen hazaraziko du. Dani taktika-kontzeptu oso onak ditu eta bere izaera lehiakorra azpimarratzekoa da. Futbol 11n formatu ostean, Xota C.D. taldera iritsi zen bigarren urteko jubenil gisa. Hurrengo urtean tarteka jubenilen Ohorezko Mailan eta tarteka Bigarren B Mailan jokatzen hasi zen, honela, gaztea izanda ere, eskarmentu pixka bat pilatu zuen kategoria horretan. Bere senior etapa Xotaren filialean hasi zuen, baina laster hasi zen entrenamenduak eta konbokatoriak lehenbiziko taldearekin egiten; iaz Irurtzungo taldeko beste jokalari bat gehiago izan zen, konbokatoriatan maiz egoten zena. Imanol Arregiren esanetara lehenengo mailan debuta egitea ere, lortu zuen. Dani iazko urtean gozatu ezin izan dituen minutu horiek borrokatzera dator Ibarrara eta jokalari bezala hazten jarraitzea. Defentsarako duen gaitasunak Alfredo Hualdek gidatutako lantaldean oreka handia ekarriko du.

Oihan berriz, erasorako berezko potentziala duen jokalaria da. Xotan hasi zen futsalean, jubenilen lehenbiziko urtean eta Mikel Diestroren gidaritzapean. Maila altuagoko teknikoek segituan jarri zioten begia gainean eta Bigarren Bko taldearekin entrenatzen hasi zen. Jubenilen bigarren eta hirugarren urtean filialean egon zen, baina askotan lehenengo taldearekin entrenatuz eta lehenengo mailan debuta egitea iritsiz. Energia asko eta lidergoa kutsatzen duen jokalaria da, honek behin baino gehiagotan Nafarroako selekzioaren kapitaina izatea eraman duelarik. Belabietan bere anaiaren bidez ongi ezagutzen dugun izaeraz aparte, Oihanek ekarpen handia egingo du gol esparruan; hortaz aparte, bere kirol formazioari eta gizatasunari ere bultzada berri bat ematera dator.

Klubak ongietorria eman nahi die biei eta zorterik onena opa. Ez dago zalantzarik Ibarrako parrokian ilusioa sortzeko haina zume baduela lantalde moratuak. Baloia ahalik eta azkarren biraka hastea besterik ez da falta datorren denboraldi zirraragarri honetaz gozatzeko. GOAZEN LAUGURU K.E. IBARRA!!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!