Lauburuk "guardia zaharrari" berritu dio

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko uzt. 21a, 07:53
Lauburu K.E. Ibarrak, lantaldeko jokalari beteranoenei berrituta, bere bizkar hezurreko zatirik handienaren jarraipena ziurtatu du. Honela, Aitzol, Garmen eta Joseba moratuaz jantziko dira berriro datorren denboraldian.

Ibartarren kapitainaren kasuan, 17-18ko denboraldia Ibarrako lehenengo taldean egiten duen hirugarren aldia jarraian izango da, klubarekin guztira, zortzi denboraldi pilatu dituelarik. Aitzolek jarraituko du erreferente nagusia izaten Alfredo Hualdek gidatutakoentzat, kantxaren barruko erregulartasuna kanpoko lidergo eta karismarekin uztartuz.

Garmenek berriz, iritsi berria balitz bezalako ilusioarekin hasiko du denboraldia, izan ere, jokalari nekaezin honek aurreko denboraldiaren gehiengoa galdu behar izan zuen soleon izandako ustekabeko lesio batengatik.

Josebak kontu gehiago eskatzen digu, gaur egun, atezaina bajan baitago eskumuturrean duen lesio baten ondorioz; abendura arte gutxienez pistatik urrun mantenduko duen lesio bat, hain zuzen. Denbora-tarte hau bere ibilbidean geldialdi txiki bat besterik ez izatea, eta Joseba paregabeak berezko kalitate horrekin Belabietako atea betetzen jarraitzea espero dugu klubean, gurekin bere hamaikagarren denboraldia egingo duen urte honetan.

Honela ba, hiru berritze hauekin klubak ezin hobeto hasi du lantaldearen osaketa; afizioari ilusio handia egingo dion lantaldea izango dela ziur gaude. 17/18 denboraldia erronkaz beteta etorriko da eta Ibarrako eliteko guardia aurrean egongo da, prest. Egiten dugun beste edozein mugimenduren berri datozen egunetan emango dugu. GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!