Alfredo Hualde nafarrak gidatuko du Ibarrako ontzia

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko eka. 20a, 22:07
Datorren denboraldian Bigarren B Nazionala gidatzeko entrenatzailearen bila inguruko merkatu urria aztertzen ibili ondoren, Lauburu K.E. Ibarrak Alfredo Hualde nafarrarekin itxi du akordioa. Zorionez, lehenengo taldea gidatzeko egindako hautuak, honen eraginkortasunari begira baikorra izateko aukera ematen dio klubari, izan ere, lantaldearen ezagutza handia duen pertsona batek hartuko baitu kargua. Bi aldeak elkarrekin lan egiteko gogoa agerian utzi duten negoziazioen ostean, Alfredo Hualde izango da 2017-2018 denboraldian Ibarra gidatuko duena.

Pasa den denboraldian kirol mailan zein maila pertsonalean Lauburun utzitako inpresio ikaragarriaz gain, taula asko ditu Alfredok bai jokalari bezala eta baita entrenatzaile moduan ere. Desagertutako Zillarrezko Mailan egindako hainbat denboraldi ditu jokalari moduan, lehenik Burlatan eta ondoren Lizarrako Perfiles Sintal taldean; azken talde honetan, gaur egungo Bigarren B Mailan tekniko moduan estreinatzeko aukera ere izan zuen. Entrenatzaile lanetan Xota izan zen bere azken helmuga, bost denboraldi jarraian egin zituen bertan, jubenil taldearen eta Irurtzundarren talde filialaren artean txandakatuz. Klubeko entrenatzaile lanekin batera, Alfredok Nafarroako selekzioekin ere, ibilbide emankorra egin du, hauetako asko, Espainiako txapelketetan azken faseak jokatzea eraman dituelarik historian lehenengo aldiz.

Argi dago beraz, klubak bere hazkundean ezarrita dituen helburuak lortzeari begira, Hualderen etorrera sekulako laguntza bilakatuko dela. Helburu hauetako bat 2016-2017 denboraldiko lantaldeari eustea eta ahal den neurrian indartzea da, eta bidai honetan tekniko nafarrak izango du laguntzailea, izan ere, Aitor Andres, azken urte hauetan klubeko fisioterapeuta lanetan ibili dena, lehenbiziko taldeko prestatzaile fisikoa izango baita hemendik aurrera; aldi berean aurreko lanetan ere jarraituko du, honela tekniko nafarraren eskuineko eskua bilakatuz.

Pasa den ostegunean lantaldeari aurkezteko garaian Alfredo berak egindako adierazpenetan, honela zioen: “Laburuk eta Ibarrak merezi duten tokira itzularazten saiatu behar dugu. Gogoan dut oraindik, kluba Gipuzkoa zein Euskadiko Areto futbolean erreferente orokorra zenean. Jokalari moduan eta ondoren entrenatzaile lanetan Belabietara urtero etortzea, egon naizen taldeen baitan ilusio gehien eta motibazio handien eragiten zuen irteeratako bat izaten zen”.

Datorren denboraldian lantalde-gorputz teknikoaren batura Ibarraren punturik indartsuenetako bat izango dela zalantzarik ez dago. Hala ere, Ezkarotzeko teknikoak oraindik harago joan nahi du, bere iritziz, “berebiziko garrantzia du Ibarrako afizioari proiektu erakargarri honetan ipini dugun ilusioa eta inplikazioa helaraztea, Belabietara hurbiltzen diren jarraitzaile guztiei gure lana eta dedikazioa kutsatzen saiatzea pistatik. Aldageletako kohesioak eta konpromisoak mezu hori zabaldu behar du harmailetara larunbatero”.

Lauburuk ez dio ongietorri berezi bat egingo Alfredori, etxekoa baita jada. Beraz, orain hasiko duen ibilbide honetan munduko zorterik handiena izatea opa diogu. ONGI ETORRI ALFREDO!!! GOAZEN LAUBURU K.E. IBARRA!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!