Denboraldi bikaina borobiltzeko ginga falta

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko ekainaren 16a

Pasa den larunbatean emakumezkoen Euskadiko Kopa jokatu zen Belabieta kiroldegian. Lauburu K.E. Ibarra emakumezkoen taldeak, ezin izan zuen garaipena lortu, Leioa Ibarako taldearentzat izan zelarik 2-3 estu bat egin ostean.

Norgehiagoka 18:00etan hasi zen, kiroldegiko bero izugarriarekin. Harmailetan jokalarien gertuko jendea ikus zitekeen, senideak, lagunak eta lankideak. Egun horretan jokatu behar ez zuten jokalariak ere bai. Eta pistan, aurrez aurre, Leioa Ibarako eta Lauburu-Ibarra.

Etxekoen nagusitasunarekin hasi zen partida, gauzatzen ez ziren aukerak sortuz. Alta, Leioako neskak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, korner batean etxeko jokalarien hutsegite bat aprobetxatu eta gero. Olatzen neskak ez zuten etsi eta jokoan nagusitzea lortu zuten berriro, oraingoan eraginkortasun handiagoarekin, markagailua irauli baitzuten Ane Artutxak sartutako bi gol bikainekin. Lehenbizikoa eskuinarekin, taldearen kontraeraso bat amaitu zuenean eta bigarrena area hertzean ezkerrarekin ateratako falta batean, baloia maisutasun handiz eskuadran kokatu zuenean.

2-1eko emaitzarekin atsedenaldia iritsi zen. Bigarren zatian bero izugarriaren eraginez bi taldeek erritmoa jaitsi zuten. Ibartarrak jokoa kontrolatzen zuten baina baloi oste batean Leioakoek berdinketa egitea lortu zuten. Berdinketak edozeinek irabaz zezakeela erakutsi zuen, baina bizkaitarrak izan ziren kanporako tiro batekin hirugarren gola egin zutenak. Olatzek atezain jokalaria atera zuen eta taldeak baloia ongi mogitu bazuen ere, ezin izan zen berdinketara iritsi.

Porrota bai, baina jokalari bikain hauek egin duten denboraldi izugarria lausotzen ez duena; txapelketara itzuli izanak oso lehiakor izaten jarraitzen dutela esan nahi du, baina aldi berean, eta askoz garrantzitsuago dena, lagun bikainak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!