Txapeldunaren txapela bila

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko eka. 9a, 14:18

Euskadiko Txapelketako partida jokatuko dute Lauburuko seniorrek, bihar, 18:00etan Belabietan.

Denboraldia amaitu dutela dirudi. Futbolaz gutxi hitz egiten da aldageletan. Opor usaina dago dagoeneko entrenamenduetan. Baina ez. Orain arte izan duten titulurik potoloena baitute oraindik jokoan, Euskadiko Txapelketa. Larunbat honetan izango da finala, etxean, Ibarrako Belabieta kiroldegian, 18:00etan hasita, Leioa Ibarakideren aurka.

Azkenekoz maiatzaren 13an jokatu zuten futbol partida eta, orduan, Gipuzkoako txapeldun izendatu ziren. Ustekabean. Bila ibili gabe etorri zen txapela, garaikurra. Ibilian ibilian.

Futbola albo batera utzi zuten taldekide askok duela zortzi bat urte. Eta helburu bakar batekin heldu zieten horrenbeste urteren ostean jardun honi: disfrutatzea. Taldearen jomuga bat eta bakarra zen: lagun artean, presiorik eta lotura esturik gabe, futbolaz gozatzea. Eta akaso hori izan da txapeldun izateko giltza.

Zaleak ere giltzarri izan dira. Belabietako harmailetan giro beroa sortu baitzen sailkapeneko partidan eta, noski, lagungarria izan zen babes hori finalerako txartela eskuratu ahal izateko. Finalera ere lagun eta gertuko andana joan zen Tolosaldetik Donostiara. Oraingoan ere Lauburuko neskek eskertuko lituzkete orain arte hor egon zaretenon animoak. Animatu, beraz, bihar Ibarrako taldea animatzera!

Aurkari gogorra aurrez aurre

Partida 18:00etan hasiko da eta Leioa Ibarakide talde bizkaitarra izango dute aurrez aurre Lauburukoek. Bizkaitarrek erraz irabazi dute beren liga, puntu-alde nabarmenarekin. Guztira 80 puntu bildu dituzte 32 jardunalditan, bigarren sailkatuak baino hamaika puntu gehiagorekin. Bi partida besterik ez dituzte galdu denboraldian zehar. Bost norgehiagoka berdindu dituzte eta 25 irabazi. Zenbakiek ez dute kontrakorik esaten, talde sendoa da Leioakoa.

Bizkaiko Liga 17 taldek osatzen dute. Zifra horrek ere agerian uzten du Bizkaian emakumezkoen areto futbolak duen indarra. Kontrarako, Gipuzkoan, bestelako egoera bizi du futbolak. Lauburuko neskak partaide izan diren liga zazpi taldek osatu baitute.

Horregatik enfasi handia jartzen dute partidak animatzera joatean. Talde honen zeharkako helburuetako bat ere hori baita, emakumezkoen futbola sustatzea eta gazteei futbolarekin jarraitzeko harra piztea. Ea ba larunbatean Belabietako harmailak futbolzalez betetzen diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!