Txapeldunaren kantxan irabazita bere burua omendu du Lauburuk (3-5)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko mai. 24a, 08:38
Partida ikusgarria igandean Zaragozan jokatu zutena. Biak ala biak puntuen urgentziarik gabe egonda ere (bata txapelduna delako eta besteak kategoria salbatzea lortu duelako), kurtsoa garaipenarekin agurtzeko eginahalak egin zituzten bi taldeak. Azkenean Ibarra gailendu zen, eta txapelketa guztian zehar kanpoko inork puntuatzea lortu ez duen kantxa batean irabazteak uzten duen zapore gozoarekin itxi zuten zikloa.

Neurketaren hasieran bi taldeak defentsak goian ezarri zituzten; galtzeko askorik ez eta jokoan lasai biak. Aukerak bi aldetan hasi ziren sortzen, baina Andoni Carlosenak estreinatu zuen markagailua, tiro indartsu batekin jokalari bat ukitu eta Santiago ustekabean harrapatu zuenean. Zaragozako atezainak partidako une tristeena biziarazi zigun, 10 minutu besterik ez jokoan eta lesionatu egin zelako. Colo Colo taldea partida honetara atezain bakarrarekin aurkeztu zenez, jokalari bati egokitu zitzaion atezainaren lana betetzea, entrenatzailearen asmoak erabat aldatuz.

Zalantza une hauek aprobetxatuz, Lauburuk markagailuko distantzia handitu zuen Javi Saldise goleatzailearen bidez, liga “doblete” berri batekin agurtu zuelarik. Colo Colo taldea atezainik gabe egonda, Laubururen bigarren gol honek ibartarrei bidea zelaituko ziela pentsarazi zien, baina Zaragozako blokea segituan osatu zen eta bosteko jokoa egiten hasi zen, atezainaren hutsunea aprobetxatu nahian.

Honela iritsi ziren Zaragozakoen bi tanto markagailua berdinketara eramanaz. Lehenbizi Diegok egin zuen, Zuhaitzek egindako geldiketa bikain baten osteko alderatze bat aprobetxatuz. 30 segundora Carlosek, ibartarren atearen eskuadratik egindako jaurtiketa bikain batekin. Atsedenaldira, beraz, binako berdinketarekin joan behar izan zuten.

Atsedenaldiak bi taldeak hoztu egin zituela zirudien, bigarren zatiari neurria hartzea kosta egin zitzaiela ikusita. Lehenengoz etxeko taldea suspertu zen, Pabloren bidez markagailuan aurretik jartzea lortuz. Bi defentsa berak bakarrik driblatu eta Endika azpitik gainditu zuen. Une hauetan, denboraldi zail honetan hainbeste estuasunetatik atera duen izaera berezi hori atera zuen berriro Lauburuk; joaten uztea errazena izango zen partida batean, moratuek ukabilak estutu eta ospea jasoko zuten garaipen baten bila joan ziren.

Ahalegin horren emaitza laster ikusi zen: 3-2a jasan eta minutura Javi Saldisek berdinketa egin baitzuen, Ibarrakoen taldeko jokaldi bat amaitu zuenean. Handik aurrera bi taldeak garaipena lortzen saiatu ziren; etxekoak bosteko jokoarekin erasotu zituzten, baina ibartarrak izan ziren markatu zutenak. Lehendabizi Aitzol izan zen, 3-4koa finkatuz, baloi oste batean kantxa erditik tira zuenean. Ondoren Garmenek itxi zuen emaitza, area barruan ibartarren triangulazio bat amaituz. Merezitako saria jokalariarentzat, 3 hilabete baino gehiago bajan egon behar izan baitu lesio batengatik. Hogeita hamabosgarren minutua zen eta markagailua ez zen gehiago mogitu. Colo Colok denboraldi guztian etxean galtzen zuen lehenbiziko norgehiagoka zela jakinda, Ibarrakoek lortutakoari eusten saiatu ziren.

Laburbilduz, partida entretenigarria futsal asko jokatu duten eta denboraldiak tratu ezberdina eman dien bi talde hauek eskaini zutena. Colo Colo zoriondu nahi dugu lerro hauen bidez, kategoriako ongi merezitako irabazlea baita; igoerako bide horretan zorte hon opa diogu. Lauburuk bederatzigarren postuan amaitu du txapelketa; izan ditugun zailtasunak izanda, postu gazi-gozoa egiten da. Hala ere, zailtasun hauek datorren ikasturtean gainditzen pentsatzen jarri beharko dugu uste baino lehenago, konturatzerako iritsiko baita. Jokalariek merezitako atsedenaldia hartu eta berriro beste denboraldia hasiko da, helburu berriekin eta entrenatzaile berriarekin. Klubak eskerrak eman nahi dizkio gaur bertan taldearekin agurtu den bizkaitar entrenatzaile Mikel Diestrori, bi urte hauetan egindako lan guztiarengatik eta klubean jarritako ilusio mordoagatik. Zorte on, Mikel!

Gainontzean, parrokia moratuari taldearen eboluzioaz adi egotea eskatzen diogu, gure aldetik informazio zorrotza eskaintzen saiatuko baikara datorren asteetan. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

C.F.S COLO COLO CONFORT: Santiago, David, Juan, Daniel eta Marcos. Carlos Alguezar, Adán, Carlos Sampedro (1), Pablo (1) eta Diegok ere, jolastu zuten (1).

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Xabi, Aitzol (1), Ioritz eta Andoni Zumeta. Javi Saldise (2), Andoni Carlosena (1), Garmen (1), Beñat, eta Endikak ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK: Carlos Alguezar y Carlos Sampedro, (C.F.S. COLO COLO CONFORT) Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA).

GOLAK

  • 0-1 MIN  5 Andoni Carlosena
  • 0-2 MIN 16 Javi Saldise
  • 1-2 MIN 18 Diego
  • 2-2 MIN 19 Carlos Sampedro
  • 3-2 MIN 26 Pablo
  • 3-3 MIN 27 Javi Saldise
  • 3-4 MIN 34 Aitzol
  • 3-5 MIN 35 Garmen

EPAILEAK

  • Andoni, Urtsasun Lancha (Nafarroako Komitea)
  • Eduardo, Otamendi Lascarro (Nafarroako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

  • Cinta, Martín Pastor (Aragoiko Komitea)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!