Lauburuk garaipenarekin agurtu ditu ikusleak 7-4

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko mai. 16a, 21:21
Lokal moduan denboraldiko azken partida zen eta afizioaren aurrean irudi ona uzten saiatu zen Ibarra. Gasteizko Aurrera taldeak, aldiz, kategorian jaitsiera burutu zuen atzo eta hemendik agur bero bat bidali nahi diogu, arratsalde guztian izan zuten jarrera ona zein urte hauetan jokatu ditugun partidetan erakutsi dituzten baloreengatik. Ziur laster izango direla bueltan.

Hitzordu honetara iristeko batak edo besteak izan zatekeen urgentziari begira, alde handirik ez zen sumatzen partidaren hasieran. Lauburu bera, jokoan ezer gutxi izanda, biziago sartu zen neurketan eta laster ezarri zuen presiozko defentsa bat bisitarien erasoen aurrean. Nagusitasuna gauzatzen ari zela iritsi zen 0-1ekoa; Andoni Carlosenak egin zuen, bere parekoa bandan driblatu eta ezkerrarekin tiro bortitz bat eginda. Gasteiztarrak, atzoko neurketa galduz gero salbatzeko aukera guztiak desagertzen zitzaizkiela jakinda, urduri xamar jarri ziren. Javi Corralen mutilak ez zioten saiatzeari utzi norgehiagoka guztian, baina momentu askotan presioak gainditzen zituela zirudien. Dinamika horretan zegoen partida, Lauburu aurkariaren kantxa maiz zapaltzen eta Aurrera eraso joko zuzenago bat konektatu nahian, Ibarrak berriro markagailua astindu zuenean. Xabi eta Javi Saldise izan ziren bien arteko aldea handitu zuen golen egileak, moratuei bidea zelaituz.

Hala ere, ez zen dena horrela izan; arabar taldeak harrotasunari heldu eta partidari eutsi zion. Honela, hirugarren gola jaso eta gutxira tartea txikitzea lortu zuten, Andoni eta Ibonek gidatutako jokaldi batean Andoni Carlosena berak bere atean sartuta. 3-1ekoarekin atsedenaldia iritsi zen, bi taldeek ongi merezita, eraikinean bero handia zegoen-eta.

Bigarren zatiaren hasieran Aurrera taldea Endikaren atean dena ematen saiatu zen. Oldarraldi honek eman zituen fruituak; Andonik 3-2koa ezarri zuen area kanpotik egindako tiro batekin Endika gaindituz. Gol honek berriro lanean jarri zituen moratuak, garaipenari eusteko. Honela, erasoa areagotu zuten eta arrisku egoerak Gonzaloren atean sortzen hasi ziren. Hauetako batean iritsi zen 4-2koa, berriro Javi Saldisek egindakoa, estrategia jokaldi bat amaitzen asmatu zuenean. Aurrerak kolpea azkar gainditu zuen, berrogei segundora Javierrek 4-3koa egin baitzuen.

Alabaina, hor amaitu ziren Gasteizko taldearen ideiak eta fedea. Oraindik 13 minutu geratzen baziren ere, Lauburu egin zen jokoaren jaun eta jabe eta beste hirutan sartu zuen, Javi Saldise, Andoni Carlosena eta Aitzolen bidez. Azken honek bere kantxatik sartu zuen gainera, Aurrera atezain jokalariarekin jokatzen ari zela. Neurketaren amaiera iritsi zen 7-3ko emaitzarekin. Orduan tristura handiko uneak bizitu ziren, Lauburuko jokalariak enpatia handiarekin Aurrerakoak lagundu nahi izan zituzten eta egindako esfortzua onartu une delikatu horietan.

Ibarrak bere aldetik, lokal moduan bere partehartzea itxi du gora behera handiak izan dituen ikasturte batean. Belabietan jokatutako norgehiagoken balantzea eginez, denboraldiak 8 garaipen, 2 berdinketa eta 5 porrot utzi ditu. Zenbaki hauek, Lauburuk denboraldi honetan jaso dituen puntuen motorra izanda ere, kota handiagotara iristeko hobetzea bilatu behar dugu. Liga datorren astean itxiko da, Zaragozako Colo Colo, multzoko txapeldun izendatu berriari bisita egitean. Mikel Diestrorenak denboraldia ahalik eta hobekien itxi nahiko dutenaren zalantzarik ez dago, eta horretarako ligako talderik onenaren feudoan garaipena eskuratzea baino era hoberik ez.

GOAZEN LAUBURU!!!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Labaka, Zumeta, Garmen eta Ioritz.  Aitzol, Andoni Carlosena, Beñat, Javi Saldise, Xabi eta Endikak ere, jolastu zuten.

AURRERA DE VITORIA C.D.: Gonzalo, Ander, Andoni, Bruno eta Joseba. Ibon, Francisco Javier, Julen, Javier, Guillermo eta Brahimek ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK: Beñat (LAUBURU K.E. IBARRA). Ibon eta Andoni (AURRERA DE VITORIA C.D.)

GOLAK

  • 1-0 MIN 5 Andoni Carlosena
  • 2-0 MIN 14 Xabi
  • 3-0 MIN 15 Javi Saldise
  • 3-1 MIN 16 Andoni Carlosena (b.a.)
  • 3-2 MIN 22 Andoni
  • 4-2 MIN 25 Javi Saldise
  • 4-3 MIN 26 Francisco Javier
  • 5-3 MIN 29 Javi Saldise
  • 6-3 MIN 31 Andoni Carlosena
  • 7-3 MIN 37 Aitzol

EPAILEAK

Kepa, Díez España (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)
Ibon, Garcia Llanos (Euskal Komitea, Arabako Territoriala)

KRONOMETRATZAILEA

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Oharra: Leaburuko Ostatuak eskainitako afariaren zozketan irabazle Jon Ander Karrera izan zen. Zorionak!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!