Txapeldunetan txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko mai. 16a, 15:06

Gipuzkoako Ligako play off-ak jokatu ziren pasa den larunbatean Donostiako Mons kiroldegian. Lauburu K.E taldeko neskek Idiazabalen kontrako partida 1-3 irabazi zutenez, Gipuzkoako txapeldun izendatu ziren.

Arratsaldeko 18:00etan hasi zen partida. Harmailetan bildu ziren gure gertukoak: familia, lagunak eta lankideak. Jokatu ezin zuten taldekideak. Eta zelaian, aurrez aurre, izaldarrak eta ibartarrak. Aurretik hirutan jokatu zuten elkarren kontra eta behin besterik ez zuten lortu irabaztea Lauburukoek. Idiazabalgo taldea liga irabaztetik zetorren. Ia dena irabazita, irabazteko gosea zuten eta baita irabazlearen presioa ere. Lauburukoek, ordea, argi zuten ezer ez zutela galtzeko eta asko irabazteko. Beraz, presioa ez zen horrenbestekoa talde ibartarrentzat.
 
Partida estu hasi zen, bizi, tentsio askorekin. Idiazabaldarrek beren ohiko jokoa egiten saiatu ziren, baloia mugitzen, errotazioak egiten. Lauburukoek, ordea, ondo eutsi zieten. Defentsan lan ona egin zuten eta ez zuten lortu Idiazabalgoek beren jokoa ezartzea. Gainera, behin baloia lapurtuta erasoan bizi eta bizkor aritu zirenez, hiru gol sartzea lortu zuten ibartarrek. Baloia ateratzerako garaian ez ziren baloiaren jabetzan zentratu, baizik eta aurkariaren ahulguneetan. Horregatik ez zuten baloia nahi bezain beste mugitu Ibarrako jokalariek. Idiazabalgoen markaketak bizi-bizi hausten eta baloia atetik ahalik eta urrunena izaten ahalegindu ziren. Saiatu eta lortu. Honela sartu baitzituzten nahikoa abantaila eman zizkieten hiru golak. Golegileak Izaro, Mireia eta Maddi izan ziren.
 
Atsedenaldira markagailuan 0-3 emaitzarekin iritsi ziren. Kontziente ziren, sekula baino gehiago, txapela beren esku zegoela. Bigarren zatian baloia gehiago mugitu zuten ibartarrek. Aurkariak sortutako espazioei probetxua ateratzen ahalegindu ziren, baina, oraingo honetan, ez zuten baloia sareetara bidaltzea lortu. Aurkariak bai, ordea. Bigarren zatia bukatzeko hamar minutu falta zirenean, atezain-jokalariarekin hasi ziren jolasten. Ibartarrek erdia ondo itxi zuten arren, gol bat sartu zuten Idiazabalgo neskek. Golaren ondoren tentsioa areagotu egin zen, urduritasunak handitu. Baina, hala ere, partidari tinko eutsi zieten ibartarrek eta Gipuzkoako txapeldunen garaikurra jasotzea lortu zuten.

Ane Aldalur taldekideak egindako bertsoa
Doinua: Pello Joxepe
 
Finalean guk jarri ondoren
Hainbat bihotz eta buru
Irabazi ta kopa ibarra
Poz pozik ekarri dugu
Lagunak bezain taldekideak
Gara, daukagu seguru
Gora emakume more-moreak
Ta zorionak Lauburu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!