Pasa den astean Usabalen, taldea garaipenera eramaten paper garrantzitsua jokatu ostean, ibartar afizioak beste hitzordu saihetsezina du gaur, aurreko astean egindako lan bikain hori errematatzeko. Zaleen bultzadak berebiziko garrantzia izango du, partidaren une zailetan taldea babestua sentitu dadin. Biharkoa bezalako neurketa batean presak sortzea ohikoa da eta garaipenari heltzeko gogoak mutilak geldiaraztea ere bai, beraz afizioaren babesa nahitaezkoa izango da helburua lortzeari begira, ondoren denok elkarrekin ospatzeko; taldeak eta afizioak.
Azkenekoz, derbian, sufrituz merezitako garaipena lortu ostean, Lauburu Mahalak dena bere esku izango du azken jardunaldi honetan. Garaipenak edo Laskorainen emaitza berdina lortzeak txapeldun izendatuko luke.
Txapelketaren hasieran zaila zirudien egoera honetan amaitzeak, taldeak aldaketa asko izan baitzituen, tartean entrenatzailea, eta zer nolako errendimendua izango zuen inkognita zen.
Lanak eta esfortzuak bere fruituak ematen dituela garbi geratu da beste behin eta entrenamendu asteak izan dira, bere aukeretan sinesten duen bloke bati forma eman dienak. Misterrak irakatsitako jokoaren ideia oso barruraino sartu zaie gazte hauei; gehienak lehenbiziko urteko jubenilak dira eta partidaz partida hazten joan dira, helburu eder hau lortzeko aukeretan sinesten.
Orain azken pausua geratzen da eta hemengo aurkaria Ibarraren aspaldiko ezaguna da: Castro Urdiales F.S. taldea. Azpimarratzekoa da, ibartarrak jasandako azken porrota, talde honen aurka izan zela, beraz, gaurko norgehiagoka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango Juananen mutilentzat.
Azken esfortzu honetarako eta aurreko astean lehenbiziko taldeak permanentzia lortu ostean, kirol zuzendaritzak Andoni Agirrezabala eta Agus Andrade sartzea erabaki du. Azken honek pasa den asteko derbian ere, jokatu zuen, modu bikain eta solidarioan. Bi sarrera hauek lantalde gazte honek ortzimugan dituen erronka desberdinei aurre egiten lagunduko diela zalantzarik ez dago. Alta hauek eragingo duten lasaitasunaz baliatu daiteke klubeko kadeteen taldea ere, normalean jubenilekin jolasten zuten bere bi jokalari berriro eskura izango baititu. Bihar arratsaldean txapeldun bilakatu daiteke taldea eta ligako fase erabakigarria bi kadete eta lehenbiziko urteko 5 jubenilekin jokatu izana, talde honek azpimarratzeko duen beste meritu izugarri bat da. Bere garapenean bikain eragingo du gazte hauek pilatu duten minutu kopuruak.
Orain azken sprintari aurre egitea tokatzen da, txapelketa desberdinetako esfortzuak orekatzen saiatu. Jubenilen Euskal Kopako egutegia ezagutarazi da jada, eta bertan Lauburuk Laskorainen kontra jokatu beharko du berriro. Finalaurrekoetan izango da eta partida bikoitzeko kanporaketan, hain zuzen, joaneko norgehiagoka datorren maiatzaren 6an izango delarik, Usabalen. Asko dira, beraz, talde honek aurrean dituen erronkak. Horretarako beharrezkoa izango da jokalari guztiak beren ekarpen propioa egitea.
Klubeko beste talde guztiak ere, beren txapelketetan gailurrera iristen ari dira.
LAUBURU ALDAZ KLINIKA, gizonezkoen 1go Maila, play-offa jokatzeko aukerarik gabe iritsiko da azken jardunaldira eta atzo, ostirala, Tolosako Hirukide Eskolapioak taldearen aurka bere azken partida jokatu zuen.
LAUBURU ALDAZ KLINIKA, emakumezkoak, azken jardunaldi honetan atsedena hartuko dute eta titulua lortzeko play-offaren finalaurrekoan aurkaria nor izango duen ezagutzeke dago.
Azkenik, LAUBURU IBARRA, kadeteak igande honetan jokatuko dute, goizeko 10:00etan azken fasearen final laurdenak Mondrate C.D. taldearen aurka.