Lauburu Mahalak lidergoa berreskuratu du Laskorainen kontra Usabalen

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko api. 26a, 13:21

Beste behin egin dute piparreroak eta etxetik kanpora gailendu dira, azken jardunaldira arte guztia erabakitzeko utziz.

Usabal ia-ia beteta eta bi afizioak bakoitza bere taldearen alde dena ematen; honela hasi zen Jubenilen Espainiako koparako sarreraren erdia jokoan zuen derbi atipiko bat. Atipikoa diogu, kategoria honetan Estatu osoko kluben arteko txapelketa goreneko hamar multzoetako batez ari garelako eta ez delako ohikoa, eskualde bereko bi talde izan eta beste partehartzaileekin alderatuta, halako berdinketa eta abantailarekin liderrak izatea. Beste euskal talde batzuk ez ezik, Cantabria, Errioxa eta Nafarroak ere, parte hartzen dute. Xehetasun honek, eskualdea bera eta bertan dagoen potentziala goratzen ditu.

Azken txistua jotzerako eta ondoren ere, norgehiagoka bitxikeriaz inguratua egon zen; denboraldi honetan jokatu diren lau partidak zirraragarriak izan dira bere berdintasunagatik eta Fair Play-agatik. Agian, lau aldiz neurtu behar izanak (Euskadiko kopako beste bi partida geratzen dira orain) eta bien arteko lehia logikoak sortzen duen egoera bitxiagatik meritu izugarria da, jokatutako partida bat-bakarrean ere, konfrontazioa partiden kontestu logikotik eta pistatik kanpo ez ematea, horregatik bi taldetako jokalariak eta bi klubeko teknikoek zoriondu nahi ditugu, jarrera on hauek barrutik ez balira bultzako, pistan islatzea zaila izango litzatekelako.

Egoera bitxiak bai, lau norgehiagoka hauek irabazten hasi eta galtzen amaitzea bezalakoak, edo berdinketarik ez lortzea, derbi askotan gertatzen den moduan; berdinketa espresio gorenera eman da, izan ere, golaveraje propioan Lauburuk baitu lidergoa bi golen aldearekin, eta desberdintasun txiki hori golaveraje orokorrean ere, islatzen da, ranking honetan aldeko hiru gol gehiago eta kontrako hiru gutxiagorekin Lauburu abantailan dagoelako; azken jardunaldia jokatzeke, beste kuriositate bat: datorren larunbatean bi taldeak liga dute jokoan eta Kantabriako bi taldeen kontra egingo dute gainera. Kantabriakoak epaile bilakatuko dira txapelduna finkatzeko orduan; Laskorainek Torrelavegan jokatuko du Marrock taldearen kontra eta Lauburuk ligako bere azken borreroa jasoko du, Castro Urdiales taldea, azkenekoz galdu zuen tokiko taldea.

Laskorain hobeto sartu zen partidan, Lauburu bitartean pistara ohitzen joan zen, nagusitasuna pixkanaka bandoz aldatzen hasi zen eta pista Landaren porteriara okertzen, baina ohikoa denez, eta Lauburu aurreratu egingo zela ematen zuenean, etxekoen trantsizio azkar baten bidez, Juaristik 0-1ekoa egin zuen. Poza batzuentzat eta urduritasuna besteentzat, prebian aurreratu genuen moduan, Laskorainek berdinketa eginda, azken jardunaldian bere esku geratzea ahalbidetzen zion; Lauburuk berriz, abantaila hori lortzeko hiru puntuak eskuratzeko betebeharra zeukan.

Partidaren gidoia ez zen asko aldatu, bisitarien aulkitik taldearen jokoa zuzena zela ulertzen zen eta bide horretatik erremontatzeko aukera zegoela ikusten zen. Lauburuk jazarpena handitu zuen eta horren emaitza berdinketa lortzea izan zen; Arrak egin zuen, Agusek bandatik maisuki lagunduta. Emaitza honekin atsedenaldira iritsi ziren.

Aurretik hogei minutu zirraragarri, guztia erabakitzeke eta bi taldeak garaipenaren bila iraulita: Laskorain liga irabazteko eta Lauburu helburu horretan bizirik jarraitzeko. Partidaren 26. minutuan estrategiak berriro emaitzak eman zizkion Laubururi, berriro Arrak korner baten irteeran taldea aurretik jarri zuenean. Norgehiagokan, altura hauetan, errotazioak berebiziko garrantzia hartzen dute eta etxeko taldea, pistan zituen sei jokalarien inguruan itxi zen bezala, bisitariak, 10 jokalariekin bere errotazioak egiten jarraitu zuen, partidaren azken minutuak arte.

Bitartean, talkari emozio handiagoa emanaz, Lauburuk bosgarren falta pilatu zuen zorigaiztoko 33. minutuan; honek, penalti bikoitzarekin zigortuak izateko arriskuaren aurrean, baloiaren presioari eragiten zion eta bi taldetan urduritasuna azaleratu zen. Piparreroak partida kitatzeko kontraeraso garbiak zituzten, baina ez zuten bukatzen asmatzen. Honela neurketaren azken sprintera iritsi ziren eta Urruxoren mutilak atezain jokalariarekin erasotzea erabaki zuten.

Emozio handiko hiru minutu izan ziren. Laskorainek berdinketa lortzeko aukera izan zuen, Lauburu Mahalak ere, erabakita utzi ahal izan zuen; ibartarren alde zihoan erlojua eta bi taldetan nekea sumatzen zen. Minutu eta zertxobait gehiago falta zela Juananek hutsartea eskatu zuen defentsa doitzeko asmotan; Laskorainek oraindik beste aukera sortzeko parada izan zuen, baina zutoinetan zegoen Peña erabakigarri batek baloia sareetan amaitzea saihestu zuen. Partida amaitu zen eta bisitarien euforia nabaria zen, bertakoen tristura ere bai; gazte hauen handitasuna agerian geratu zen handik aurrera, Fair Play-a Usabalgo pistaren jabe egin eta goizeko ordu txikiak arte ez baitzen erretiratuko, izan ere, halabeharrez edo patuak gidatuta, inguruko sagardotegi batean elkartu ziren berriro bi taldeak eta bertan, naturaltasun osoz, zaila egiten zen moratuaz edo horiaz jantzita zihoana bereiztea.

Zorionak mutilak!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LASKORAIN: Landa, Sagas, Gaba, Juaristi (1), Julen. Lasa, Julen Garcia, Iosu, Beñat , Lacunza, Garikano eta Narvartek ere, jolastu zuten.

 

LAUBURU MAHALA: Peña,  Asier, Colas, Josu, Alex. Alvaro, Gurru, Zuri, Agus, Aitor eta Arrak ere, jolastu zuten (2).

 

GOLAK

1-0 MIN 9 Juaristi

1-1 MIN 13 Arra

1-2 MIN 26 Arra

 EPAILEAK

ABEL ASENJO (Gipuzkoako Komitea)

XABIER HUARTE (Gipuzkoako Komitea )

 

KRONOMETRATZAILEA

VERÓNICA DOS ANJOS (Gipuzkoako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!