Gipuzkoar derbia irabazita, Lauburuk ziurtatu du Bigarren B Mailan permanentzia (5-3)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko api. 24a, 22:09

Gipuzkoako denboraldiko azken derbia jokatu zen atzo arratsaldean Belabietan. Intentsitate handiko partida izan zen, jokoagatik eta sortutako aukerengatik bietako edozeinek irabaz zezakeen horietako bat. Ohi bezala, jokoan gauza gehiago zituen taldeak irabazi zuen; Elgoibareko taldea atzoko neurketara urgentziarik gabe etorri zen bezala, ibarrak bazekien aurrean zuen trenari ezin ziola ihes egiten utzi. Eta halaxe izan zen; moratuek zailtasunetik indartu eta permanentzia balio duen garaipen bat lortu zuten.

Bi taldeak defentsa oso goian jarrita hasi zen neurketa. Elkarri errespetu handia dioten bi talde dira, batak bestearen bertuteaz jabe delarik. Hasi eta gutxira, Andoni Carlosenak lehen lerroan baloia ostu eta Javi Saldisekin ongi konektatu ostean, azken honek gola sartu zuen. 1-0ekoak ez zuen eskenatokia aldatu. Debabarrena bere errotazioen inguruan indartuz joan zen eta Lauburu baino arriskutsuago agertzen zen erasoan. Eraso hauen aurrean Zuhaitzen lana azpimarratzekoa izan zen, lehenbiziko zatian meritu handiko geldiketak egin baitzituen.

Partidaren zati honetan, bisitarien taldeko jokalari batek jokaldi batean erakutsi zuen kiroltasuna azpimarratzekoa da: Javi Saldise, ustekabeko jaurtiketa bat medio lurrean geratu zenean, Debabarrenako bi jokalari Zuhaitzen aurrean geratu ziren, baina Xabi Molero, Jabiren lesioaz ohartu eta baloia kanpora botatzea erabaki zuen, keinu honek Belabietako harmailetan txalo zaparrada eragin zuelarik. Aupa!

Norgehiagoka, bitartean, zalantzazko norabidean zihoan; bisitaria arriskutsu agertzen zen, bai zirkulazioan eta baita estrategian ere, eta Lauburu berriz, defentsan saiatzen zen, atera nahian. Irteera hauetako batean iritsi zen 2-0ekoa. Jokaldian Andoni Carlosenak eta Javi Saldisek hartu zuten parte berriro, lehenengoak presioan baloia ostu eta bigarrenari pasa zion, honek Xabiri utzi eta Billabonako jokalariak sartu zuen, bigarren jardunaldiz jarraian.

Atsedenaldira emaitza honekin iritsiko zirela zirudien. Alta, lehenbiziko zatiaren azken jokaldi horietako batean, Debabarrenak bandako sake bat atera, Andoni Agirrezabalari jo eta Zuhaitzen atean sartu zen. Denbora gehiagorik ez eta atsedenaldia iritsi zen markagailuan 2-1eko emaitzarekin.

Bigarren zatian bi taldeak ez zuten jokoaren eskema asko aldatu. Pistaren egoera ere azpimarratzekoa da, nahiko irristakor zegoen eta bi taldeen jokoa zailtzen zuen.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, Debabarrenak berdinketaren gola egin zuen, Trevik botatako urruneko tiro bat zorte pixka batekin, piparreroen atean sartu zenean. Ibarrak laster eman zion buelta, hala ere: horren jarraian Txipik kontra bat tiro estu batekin amaituz, 3-2koa finkatu zuen.

Partidako zati honetan iritsi zen norgehiagokaren zeinua alda zatekeen jokaldia: Zuhaitz aurkariaren aurreratze bat moztera atera zen, berandu iritsi ostean epaileak bigarren aldiz kargu hartu eta kaleratu egin zuen; kanporaketa honek Odei debutatzera behartu zuen. Partidaren zeinua ez zen aldatu, bere debutean, lan bikaina egin zuelako meritu handiko geldiketak eginez eta honela taldeari eutsiz.

Debabarrenak, hala eta guztiz ere, berdinketaren gola lortu zuen erasoan bosteko jokoa jarriz, eta honek ematen duen nagusitasun numerikoaz baliatuta. Hiruna eta partida amaitzeko 10 minutu faltan berriro hasi behar.

Tentsio handiko momentuak izan ziren, biak ala biak berdinketarekin ez zutela nahikoa agerian utzi zuten. Bisitarien eraso batzuk Odeik bikain konpondu ostean, Ibarrak defentsan baloi bat harrapatu eta bi baten kontrako egoera bat sortu zuen kontra azkar bat eraiki zuen. Javi Saldiseren pasea defentsako batek gelditu zuen, baina bere kalterako, sareetan sartu zuen. Epaileek gure jokalariari egotzi zien gola, beraz, Irurtzungo goleatzailearen beste diana bat.

Markagailuan berriro azpitik ikusita, Jota Arreguik guztia eman eta atezain-jokalaria jarri zuen kantxan. Elgoibareko taldeak fazeta hau sobran menderatzen duela erakutsi zuen, hainbat eraso egiten asmatu baitzuen. Alta, defentsa on bat eta Odeiren artean eraso hauek ekidin ostean, Andoni Carlosenak baloia ostu eta gola sartu zuen, denon lasaitasunerako. Permanentzia esan nahi zuen garaipena ziurtatzeko hobeagorik ez zegoen, bere jokoagatik eta izaera menderaezinagatik talde honen motor printzipala izan denarentzat merezitako saria.

Laburbilduz, Laubururentzat egun borobila; denboraldiaren hasieran buruan geneukan helburua ez izanda ere, jardunaldiak aurrera joan ahala, azkenean, proiektuarekin konpromisoa eta esfortzuarekin eskuzabal agertzen den jokalari talde baten helmuga garrantzitsu bat bilakatu da. Egindako akatsetan eta asmatutako gauzetan erreflexioa egin beharko den tarte bat irekitzen da orain, Lauburu klub handia baita eta hobetzearen alde egin behar du beti. Bitartean, txapelketak Alfarora eramango gaitu datorren astean, bertako Graccurris taldearen aurka jokatzeko. Errioxarrak jaitsiera saihesteko lehian dago eta datorren asteko neurketa beren azken aukera bezala planteatzen da. Ibarra, bere aldetik, etxeko lanak eginda joango da, baina garaipena eskuratzeko betebeharrarekin sailkapenean postua hobetzeari begira.

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Carlosena, Andoni Zumeta, Xabi eta Javi Saldise. Garmen, Andoni Agirrezabala, Beñat, Txipi, Ioritz, Arros eta Odeik ere, jolastu zuten.

DEBABARRENA CONCEPTO EGILE: Mollor, Asier, Trevi, Gabriel eta Marcos. Xabi Molero, Montxo, Cristian, Javi, Oier eta Ricardok ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK:Andoni Carlosena  eta Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA) / Montxo (C.D. Debabarrena).

KALERATZEAK:Zuhaitz (bitan kargu hartzeagatik) (LAUBURU K.E. IBARRA).

GOLAK

1-0 MIN 1  Javi Saldise

2-0 MIN 17 Xabi

2-1 MIN 20 Andoni Agirrezabala (p.p)  

2-2 MIN 24 Trevi

3-2 MIN 25 Txipi

3-3 MIN 30 Xabi Molero

4-3 MIN 38 Javi Saldise

5-3 MIN 40 Andoni Carlosena 

 

EPAILEAK

Asier, Alfonso Ares (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

Eder, Gómez de Salazar Fernández (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

KRONOMETRATZAILEA

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Oharra: Danon Txokoa jatetxeak eskainitako afariaren zozketan Idoia Hualde suertatu zen irabazle.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!