Lauburuk permanentzia ziurtatzea bilatuko du derbian

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko api. 21a, 22:45

Ibarrak derbi liluragarria jokatuko du Elgoibarreko C.D. Debabarrenaren kontra, larunbatean 17:00etan Belabietan. Oso partida zaila izango da, aurkariak eskarmentu eta kalitate handiko jokalariak baititu, baina sari mamitsua lortu dezake bertan. Mikel Diestroren mutilak larunbateko norgehiagokan garaipena lortzen badute brontzeko kategorian beste urtebeteko permanentzia ziurtatuko dute.

Debabarrena taldea taularen seigarren postuan dago 37 punturekin, bosgarrenetik bost puntura eta atzekoek jarraika dituela. Joaneko neurketan, Elgoibarren, ez ohiko 0-0ekoarekin amaitu zuten. Seguraski biak ala biak partida hau irabazi nahiko dute eta batik bat, Gipuzkoar derbia irabaztearen ohorea eskuratu.

Norgehiagoka honetarako misterrak Garmen berreskuratu du behin betiko. Ez dira bertan izango, berriz, ez Joseba ezta Aitzol ere, beren lesiotik ez baitira osatu. Beste aldetik, neurketaren garrantzia kontuan hartuta, Arrosek, Zumetak, Xabik eta Andoni Carlosenak, beren lesioetatik osatzeko egin ahalak egingo dituzte kantxan egon ahal izateko eta garaipena lortzen laguntzeko. Lesioek eragindako zailtasunaz gain, lan dinamika onarekin dator taldea hitzordu honetara; Santurtzin lortutako berdinketaren ostean (emaitza positiboak gehitu zituzten hirugarren irteera jarraian), bolada on hori Belabietan berresteko momentua da. Lauburuk salbaziora behin betiko pausoa eman nahi du bertan, bere ikusleen aurrean.

Ikusle horiei zuzenduta doa espreski klubak hartutako neurria. Bide gogor honetan taldea babestu eta lagundu duten bazkide guztiei esker ona erakusteko asmoz, klubak larunbateko partidara dohainik sartuko den lagun batekin etortzea gonbidatzen ditu bazkideak. Honela, Lauburuk deialdi masiboa egin nahi dio afizioari berebiziko partida honetan taldea babesteko.

Jubenilen Ohorezko Mailan, Lauburu Mahalak jokatuko duen norgehiagoka ere, aurreko neurketa bezain transzendentala edo gehiago izango da; Belabietakoa amaitu eta bela izango da Usabal kiroldegian, 18:45ean hain zuzen, eta bertan Juananen mutilak Laskorain taldearen aurka neurtuko dira. Hiru puntu eskaseko errentarekin aurretik doa Laskorain, beraz, moratuek irabaziz gero, liderrak jarriko lirateke, jokatzeko jardunaldi bakar baten faltan.

Oharra: Belabietako partidaren atsedenaldian bazkide guztien artean Danon Txokoak eskainitako afari baten zozketa egingo da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!