Lauburu Mahala azken jardunaldirako ligaren bila joaten ahaleginduko da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko api. 21a, 10:37

Garrantzia handiko derbien arratsaldea izango da larunbatean Lauburu K.E. Ibarrarentzat, 17:00etan Bigarren B Nazionalak Elgoibareko C.D. Debabarrenaren aurka jokatuko du Belabietan. Jokoan, Areto Futbol Nazionaleko brontzezko kategorian beste urtebetez jarraitzeko aukera.

Klubak eskaintza berezia egingo du denboraldi guztian babestu eta lagundu gaituzten bazkide guztientzat. Honela, abonatu bakoitzak lagun bat eraman ahal izango du, dohainik, partida ikustera. Eskaintza honekin, denboraldi honetan taldeak izandako zailtasun egoeratan lagundu diguten guztiei gure esker ona erakutsi nahi diegu eta aldi berean, Ibarrako afizio guztia neurketa garrantzitsu honetara etortzea gonbidatu. Babes guztia ongietorria izango da eta jokalariak eskertuko dute.

Klubarentzat oso garrantzitsua izango den neurketa hau amaitu ostean, eskualdeko zaleek beste derbi zirraragarri batekin gozatu ahal izango dute, Jubenilen Ohorezko Mailan Laskorain eta Lauburu Mahala taldeak neurtuko baitira Usabal kiroldegian, ligako beren azken aurreko jardunaldian.

Ibartarrak garaipena eskuratuz gero, ligako tituluaren lehian jarraitzeko balioko die eta beraien esku geratuko da; Tolosarrak aldiz, partida irabazita ligako txapeldunak izango lirateke jada; berdinketarekin, beren esku geratuko litzateke, baina azkeneko jardunaldian, Torrelavegan, gutxienez, puntu bat atera beharko lukete Espainiako txapelketaren aurretiko fasean sartu ahal izateko.

Aurretik jokatutako hiru partiden parekotasunak, non Tolosarrak bi garaipen eta Ibartarrak bakarra lortu zuten, eta une honetan duten 3 puntuko aldeak, Urruxon mutilei partida honetan abantaila txiki batekin jokatzea ahalbidetzen die, berdinketa batekin nahikoa izango baitute beraien esku geratzeko: azken jardunaldian berdinketa lortuz, jada txapeldunak izango lirateke. Ibartarrek, liga bukaerako puntuen berdinketa batekin, (egindako eta jasotako gol kopuruan, beren aldeko tanto bakarreko aldea dute), titulua eskuratuko lukete. Horretarako derbiak berdinketan amaitu beharko du eta azken jardunaldian Laskorainek galdu eta Lauburuk irabazi. Bestalde, Lauburuk derbia irabaziko balu eta azken jardunaldian bi taldeak emaitza berdina lortuko balute, Lauburu Mahala ligako txapeldun bilakatuko litzateke. Erronka zaila izango da ibartarrentzat, zailtasun handiko partidak izango baitira biak.

Alabaina, Laskorain eta Lauburu Mahalaren arteko aurrez aurrekoak ez dira larunbatean amaituko, eta ligako partidan gertatzen dena gertatuta ere, laster jokatu beharko dute berriro Jubenilen Euskal Kopako final aurrekoetan. Areto Futboleko euskal komiteko lau taldeak jokatuko dute alde batetik, eta bi bizkaitar bestetik, hau da, Gora Bilbao Redblue eta Zierbena FS; denboraldia final aurrekoetan irabazle suertatzen direnen artean jokatuko den partida bakarreko finalarekin itxiko da denboraldia, beraz, bi taldeak partida ofizialetan, guztira, sei alditan jokatu beharko dute aurrez aurre denboraldi honetan.

Aipatutakoa eta bi klubetako jokalari zein teknikoen arteko harreman estua kontuan hartzen badugu, elkarren arteko partidak zirrara berezia izatea eragiten dute, bien arteko lehiagatik ez ezik, bata zein bestea ustekabean harrapatzeko zailtasunagatik ere bai. Beraz, xehetasun txikienak eta talde bakoitzaren indarrak berebiziko garrantzia izaten dute azken emaitzan.

Kirol kontuetara mugatuz, ibartarrak dinamika konplexu batetik datoz. Alde batetik, lehenengo taldearen egoerak eraginda, denboraldian zehar sufritzen ari den lesio eta bajagatik, entrenamendu eta konbokatorietara jokalari askok sartu behar izan dute Bigarren B maila salbatu asmoz; beste aldetik, Gurru eta Huiciren lesioak, Arra eta Odeiren lan-arazoak edota Zuri, Liher eta Malkorraren ikasketa zein gai pertsonalak taldean %100 ez egotea eragin du. Azken biak, larunbateko derbirako ofizialki bajak izango dira.

Eskenatoki honetan eta lehenengo taldeak aurrean duen partida garrantzitsua ikusita, konbokatoria ez da ezagutuko, Mikel Diestro entrenatzaile bizkaitarrak Bigarren B Nazionalaren konbokatoria itxi arte. Handik aurrera Juananek bere hamabi jokalari aukeratu beharko ditu derbiko konbokatorian sartzeko, non asteroko lanketan Gurru, Alvaro, Iker edo Javi bezalako jokalariak ohikoak diren eta bertan sartzeko aukera izango luketen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!