Ibarrak norgehiagoka defentsa pista erdian ipiniz hasi zuen, jokoa aurrera zihoan heinean aurreratzeko asmoz. Santurtzik, bere aldetik, ibartarren baloi irteera presionatzen saiatzen ziren. Moratuek, atzo txuriz, hasierako jokaldi hauetan erasokorrago egon ziren eta lehenbiziko arrisku egoerak beraiek sortu zituzten. Beñat, Javi Saldise, Andoni Zumeta eta Ioritz markagailua estreinatzeko zorian egon ziren, baina lehenbiziko minutu hauetan ez zuten asmatzea lortu eta honek Santurtzi hauspotu zuen erasoan. Lehenbiziko zatiaren erdian indarrak orekatuak ikusten ziren.
Orduan tentsioa igotzen hasi zen, bi taldeak antsietatearekin jokatzen hasi ziren, baina erasoan trebetasun handirik erakutsi gabe. Ziurgabetasun momentu hauetan iritsi zen arratsaldeko lehenbiziko gola, Iñigo Arrospidek duen fedearen merituz. Ibartarrak, partida bikaina jokatu zuen erregistro guztietan; baloia presionatu zuen santurtziarren gol-marraraino, hanka behar zen momentuan sartu eta Marion atea zulatu zuen. 16garren minutua zen eta 0-1ekoa ezarri zuen markagailuan.
Tantoak on egin zion Laubururi, jokoan baretu egin zela ematen baitzuen. Konfiantza handiagoarekin ukituaz, Mikelen mutilek eraso ugari landu zituzten; partida irabaziko zutenaren iragarpena ematen zuen. Alta, aukera hauek aprobetxatu ez eta kontrako gola iritsi zen, kolpe latza emanez. Xabik Markelen aurrean, bandako marran bertan baloi bat galdu zuen eta bizkaitarrak aprobetxatu, Zuhaitzen aurrean ipini eta txut bikain batekin menderatzeko. Banako emaitza markagailuan, baina ezer gehiagorako denborarik gabe atsedenaldia iritsi eta aldageletara abiatu behar izan zuten.
Bigarren zatian Santurtzi biziago atera zen. Bertako taldearen jokoak Zuhaitzen atera arriskua eramaten zuen, gureak berriz, ekintza orotan lehiakor izaten eta partidan sartuta egoten saiatzen ziren denbora guztian. Intentsitate honek eman zituen fruituak, bertako taldea onenean zegoenean markagailua bi bider astintzea lortu baitzuen Lauburuk. Xabi izan zen lehenengoa egin zuena, lehenbiziko zatian egindako akatsaren ordainetan edo, bigarren zutoinetik sartu zuen ibartarren kontra eder baten ostean. 1-3koa zorte pixka bat izanda iritsi zen, Javi Saldise eta Andoni Carlosenak gidatutako eraso joko batean, baloiak Imanol jo eta orduan gertatu baitzen. Ezkarozgo jokalariak errematatu nahi izan zuenean, Imanol baloiaren norabidean jarri zen baloia bere atean sartuz.
Santurtzik ez zuen etsi. Mati Carrascosaren mutilak partidari eutsi zioten eta minutu bat beranduago Markel Ricok 2-3koa egin zuen, Oliverrek egindako jokaldi bat amaitu zuenean. Orduan, urduritasuna nagusitu zen, jokoan zeuden puntuen garrantziaz jabetuta, emaitzaren ziurgabetasunak batzuei eta besteei eragiten ziela zirudien. Ibarrak sartu zuen berriro, oraingoan Andoni Carlosenaren bidez (esfortzuan handia dena eta bi ateetan nonahiko den jokalaria). Ezkaroztarraren 2-4koa Arros eta Andoni Zumetaren artean egindako kontraeraso bat amaitzean etorri zen. Lau minutu baino gehixeago geratzen ziren eta Ibarraren bidea lautzen ari zela zirudien.
Espero bezala, bizkaitarrek erremontatzeko asmoz buru belarri sartu ziren sartu ziren partidan. Bosten jokoa erdiko saketik jarri zuten kantxan hasiera-hasieratik. Lauburuk asmatu zuen egoera honen aurrean defentsa egiten, baina bizkaitarren jokoaren aldagaiak zalantzak sortu zituen moratuen defentsan, hainbat erasoetan arriskuei irtenbideak aurkitzen asmatu ezinik ibili baitziren. Eraso hauetako batean iritsi zen tartea txikituko zuen tantoa, Imanolen pase bat Andoni Agirrezabalari jo eta zuzen-zuzenean Zuhaitzen atean sartu zenean. 3-4koak bertako taldea berdinketaren bila hastea animatu zuen, ibartarren kantxa erdian oraindik gehiago sartuz. Santurtziarren zirkulazioaren aurrean gureak posizioak mantentzen jakin izan ez zuten hurbilketa pare baten ostean, Mikelek hutsartea eskatu zuen, baina zoritxarrez, ezin izan zen aipatu hutsartea eman bizkaitarrek berdinketaren gola sartu zuten arte. Miguelek egin zuen tantoa, ibartarren arean bakarrik geratzea ahalbidetu zuen lanketa kolektibo bat gurutzatutako tiro bortitz batekin amaitu zuenean. Launa eta minutu eta erdi aurretik.
90 segundo horietan Lauburu gora etorri zen berriro eta garaipena emango zion tantoaren bila hasi zen. Bertakoek berdinketarekin nahikoa zutela zirudien, atezain jokalaria erabiltzetik utzi baitzuten. Ibarrak aldiz, balantza bere aldera desorekatzea bilatzen zuen eta honela iritsi ziren azken bi aukerak, biak ibartarrentzat. Bai Andoni Carlosena eta baita Arros ere, azken saiakera hauetan goletik hurbil ibili ziren, baina ez zen hala suertatu eta partida launako berdinketarekin amaitu zen; Ibarrak izan zuen errenta ikusita, mamiari dagokionez asebeteta, baina formetan ez hainbeste.
Laburbilduz, oporretara lasai eta etxeko lanak pixka bat aurreratuta abiatu ahal izateko Lauburuk egindako esfortzu handia aipatu behar. Alta, taldeak badaki kategoria salbatzeko oraindik lan handia egin beharko duela. Hurrengo jardunaldiak, esaterako, denboraldiaren azken derbia eskainiko digu. Bertan, Lauburu Elgoibarko Debabarrena taldearekin neurtuko da, eta salbazioari begira azken aukera izango da; izugarria izango litzateke Belabietan ematea pauso hau, gure afizioaren aurrean, beraz, hitzordu garrantzitsu honetara etortzeko deialdi berezia egiten diogu. Borrokalari hauen esfortzua eta konpromisoa bermatua egongo da. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!
PARTIDAREN XEHETASUNAK
SANTURTZI F.S.: Mario, Borja, Markel Rico (2), Oliver eta Imanol (-1). Miguel (1), Jorge Arenal, Asier, Markel Vicente eta Jorge Gonzálezek ere, jolastu zuten.
LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Carlosena (1), Andoni Agirrezabala (-1), Javi Saldise eta Beñat. Xabi (1), Andoni Zumeta, Ioritz, Agus eta Arrosek ere, jolastu zuten (1).
TXARTEL HORIAK:Markel Rico eta Borja (SANTURTZI F.S.); Andoni Carlosena eta Javi Saldise (LAUBURU K.E. IBARRA).
GOLAK
0-1 MIN 16 Arros
1-1 MIN 19 Markel Rico
1-2 MIN 26 Xabi
1-3 MIN 33 Imanol (Bere atean)
2-3 MIN 34 Markel Rico
2-4 MIN 32 Andoni Carlosena
3-4 MIN 38 Andoni Agirrezabala (Bere atean)
4-4 MIN 39 Miguel
EPAILEAK
Imanol, Eguia Etxearte (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)
Xabier, Huarte Berra (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)
KRONOMETRATZAILE
Asier, Prieto Vallejo (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)