Lauburuk bere legea ezarri du derbi moratu batean

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko mar. 27a, 10:12
Ikuskizun ederra, Donostiako Monseko kantxan ikusteko aukera izan genuena. Bertan, ikusle ugariren aurrean, Bigarren B Mailako bi talde Gipuzkoar neurtu ziren. Ibarra, jokoan zeuden puntuen garrantziaz jabetuta, jokoaren hainbat esparruetan duen nagusitasunaz baliatuz eta Arros eta Txipiren etorrerarekin indartuta, partida bere aldera eraman zuen, aurkaria une zehatzetan joaz.

Partida derbi baten tentsio logikoarekin hasi zen; bi taldeak beren defentsak aurkariaren erasoari gailendu nahian ibili ziren. Lauburuk, Inter taldearen pibot jokoa zaildu nahian, bere defentsa kantxa erdian kokatzen zuen bitartean, donostiarrak goian presionatzen saiatu ziren. Hasiera-hasieratik, Lauburu arriskutsu agertu da Jorgeren atean, erasoak trebetasunez landuz eta Interrek ezarritako presioaz erosotasunez libratuaz. Honela, hurbilketa batzuen ostean, markagailua estreinatuko zuen gola iritsi zen, joaneko partidan donostiarren defentsan kalteak eragin zituen nafar konexioak egina: Andoni Carlosena eta 0-1ekoa, jokoaren seigarren minutuan. Ezkaroztarrak, Javi Saldisekin konbinatu ostean, jaurtiketa bortitz bat eginez Jorgeren ateko eskuadratik sartu zuen baloia.

Golak intentsitatearekin defendatzen jarraitzea animatu zuen Lauburu, horren emaitza, Interren atera arrisku handiak sortzen zituzten baloi ostek izan zirelarik. Baloi-oste horietako baten ondorioz iritsi da ibartarren bigarren tantoa, Andoni Zumetak egina, Andoni Carlosenaren zerbitzu bat bigarren zutoinean errematatu ondoren.

Bigarren tanto honek kantxako desberdintasuna berretsi du, eta Laubururen nagusitasunaren isla izan zen. Hemendik lehenbiziko zatiko 20 minutuen amaieraraino aukerak moratuentzako izan ziren, baina Jorge on batek, errenta handitzea ekidin zuen. Honela lehenbiziko zatiaren amaiera iritsi zen, markagailuan 0-2 eta ibartarrak donostiarrak baino hobeak izaten ari ziren sentsazioa.

Bigarren zatia dinamika berarekin hasi zen. Ibarra baloiarekin eroso eta Inter aldiz, partidan mantentzeko esfortzu handia eginez. Alabaina, emaitza estuak, Laubururen edozein estropezu donostiarrek aprobetxatu eta emaitza iraultzeko arriskua agerian uzten zuen. Hala ere, Ibarrak jokoaren erritmoa mantentzeko nahikoa pazientzia izan eta arrisku egoerak sortzen jarraitu zuen. Honela iritsi zen 0-3koa, Aitzolek ostutako baloi batek Lauburuko kapitainaren besoan jo eta Arrosi iritsi zitzaionean; honek, hainbeste hilabete jokatu gabe egon den baten ezohiko trebetasunez, Jorgeren ateko goiko angelutik sartu zen zartako ikusgarria egin zuen.

Hiru golen aldeak ibartarrak gehiegi erlaxatu zituela zirudien, beren defentsaren intentsitatean puntu bat jaitsi baitzuten. Interrek, hau, Zuhaitzen atean arriskua sortzeko aprobetxatu zuen. Honela, erremate bat eta Zuhaitzen geldiketa on bat ondorio izan ziren estrategia-jokaldi baten ostean, alderatzea Gileni iritsi zitzaion eta honek, ibartarren meta zulatu zuen Interren parrokiara poza galanta helaraziz eta emaitza estutuz.

Alabaina, orduan agertu ziren Lauburuk dituen galoiak eta esperientzia. Mikelen mutilak baloiaren inguruan indartu ziren eta Interren ateari erasotuz, erremontatzeko aukera guztiak ekidin zizkien. Bertakoen pozak minutu eta erdi soilik, iraun zuen, Javi Saldisek, Andoni Agirrezabalaren jaurtiketari Jorgek egindako alderatze bat aprobetxatu eta berriro Interren atea zulatu zuen arte. 1-5ekoa jarraian iritsi zen; Andoni Carlosenak ateratako korner batean, baloia donostiarren atean sartu zen defentsa bat ukitu ostean.

Karanbola honek, etxekoen itxaropen guztiak deuseztatu zituen, baina hala ere, bosteko jokoa atera zuten kantxara, azken aukera bezala. Alta, Ibarra oso trebe egon zen egoera honen aurrean, defentsan, Interren baloiaren irteera oso goran presionatzen. Honela, goizeko azken bi golak iritsi ziren, biak Javi Saldisek eginak, bi baloi ostu eta ohikoa duen trebetasunez sartuz. Zarata handirik egin gabe, Irurtzungo jokalaria Hat-Trick bat eginda joan zen etxera. Zazpigarren golak, Mario Ballesterosen mutilak atezain-jokalariarekin amaitzea eragin zuen eta emaitza hau norgehiagokaren amaiera arte mantendu zen.

Laburbilduz, gaur gureak bizitako futsal goiza baino zoriontsuagoa imajinatzea zaila izango da. Garaipen sendo honi moratuen errefortzu berrien jardun ona gehitu behar zaio, denboraldi osoa taldean sartuta egon balira bezain ongi osatu baitute partida. Datozen neurketa zailei begira, argi dago ederki etorriko zaigula hauen ekarpena. Urrutira joan gabe, datorren astean San Juan A.D. talde nafarra etorriko da Belabietara, ukaezina den kalitatea duen taldea, nahiz eta denboraldiko fase batzuetan nahiko irregularra agertu den. Esan beharrik ez dago, Ibarraren garaipen batek, kategorian mantentzeko helburua ahalik eta azkarren lortzea eramango lukeela. Horregatik, moratuen afizio guztia animatzen dugu larunbatean Belabietara hurbiltzea, gure taldearekin gozatzea. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

INTERNACIONAL INTXAURRONDO “D4”: Jorge, Alfonso, Juan Carlos, Aitor eta Ibai. Gilen, Angel, Moha, Xabi, Josue eta Jonek ere, jolastu zuten.

LAUBURU K.E. IBARRA: Endika, Andoni Carlosena (2), Andoni Agirrezabala, Javi Saldise (3) eta Beñat. Andoni Zumeta, Aitzol, Ioritz, Txipi, Arros eta Zuhaitzek ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK:Angel, Alfonso eta Josue (INTERNACIONAL INTXAURRONDO “D4”); Aitzol (LAUBURU K.E. IBARRA).

Kanporaketak:Josue (INTERNACIONAL INTXAURRONDO “D4”).

GOLAK

0-1 MIN 6  Andoni Carlosena

0-2 MIN 8  Andoni Zumeta

0-3 MIN 27 Arros 

1-3 MIN 30 Gilen

1-4 MIN 31 Javi Saldise

1-5 MIN 32 Andoni Carlosena

1-6 MIN 36 Javi Saldise

1-7 MIN 38 Javi Saldise 

 

EPAILEAK

Iker, De la Hoz Escudero (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

Iñigo, Urrestarazu González (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

 

KRONOMETRATZAILEA

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!