Saiatu arren, Guadalajara handi baten aurrean galdu du Lauburuk 4-0

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko ots. 20a, 11:59
Zigor handiegia jaso zuten ibartarrek Mantxako lurraldetan.

Mikel Diestroren mutilak Guadalajarara ilusioz beteta abiatu ziren, taldearen bolada txarrari buelta emateko gai zirela ziurtasun osoz. Alta, oraingoan ere, egindako akats puntualek, jokoan gainditua izan ez zen Lauburu bat kondenatu zuten berriro.

Aurkaria ez zen aipatu norabide aldaketa egiten hasteko talderik egokiena, hala ere. Guadalajarak asteak daramatza dinamika onean eta horren ondorioz Zierbenarekin hiru puntuko aldea bakarrik izatea lortu du; Gabonetako atsedenaldian ezinezkoa zirudien gauza. Aurkariaren zailtasuna gutxi ez eta epaileak atezain-jokalariaren kamiseta erabiltzen utzi ez izana ere, jasan behar izan zuten; honek partidako planteamendua oraindik gehiago zaildu zuen. Gertatutakoaren aipamena egiten dugu, justizia banatu behar duenaren sentsibilitate ezak arduratzen gaituelako. Lan-mota honetan ari denak, partida bat jokatzeko halako bidai luzea egin behar izan duenari gertutasuna erakutsi behar diola deritzogu, eta hain larria iruditu ez zitzaigun arazoa konpontzen saiatu behar dela. Moratuek hiru aukera eskaini zizkieten bi epaileei eta hirurak baztertu zituzten.

Partidari dagokionez, hasieran, Lauburuk, defentsa pista erdian kokatu zuen, aurkariaren pibot-joko ona zailtzeko asmoz. Astean zehar egindako lana emaitzak ematen ari zela zirudien, tokiko taldeak ez baitzuen bide horretatik min handirik ematea lortzen. Lehenengo jokaldietan Ibarra sendo ibili zen defentsan, eta aldi berean, hurbilketa batzuk burutzen zituen bertako parrokia beldurtuz.

Alabaina, partida moratuen alde zihoala ematen zuenean, 0-1ekoa iritsi zen, pista erdian baloia galdu, Guadalajarak aprobetxatu eta Peñaren aurrean kokatuz, gainditzea lortu zuenean. Ibarrako atezainak atzo arratsaldean egin zuen debuta denboraldi honetan eta lan ona burutu zuen.

Moratuek kolpea gainditu zuten eta eraso-jokoan asmatzen hasi ziren, aurkariaren atean arrisku egoera batzuk sortuz. Hala ere, jokaldietan ez asmatzeak markagailua geldirik jarraitzea eragin zuen eta honek min handia egin zuen Ibarrako kuadroan; aurkariak, moratuek ez bezala, asmatu zuen eta bandako sake batean, Guadalajarak 2-0ekoa egin zuen. Gureak ez zuten blokeoak defenditzen jakin izan.

Tanto honek asko eragin zuen Ibarrakoen animoan, eta hirugarrenak oraindik gehiago, jarraian etorri zelako. Peñak erantzun ona eman zion jaurtiketa luze baten ondoren etorri zen: alderatzearen bila joateko momentuan, bera eta Saldiseren artean gaizki ulertu bat gertatu zen eta aurkariak baloia sareetara bidaltzeko aprobetxatu zuen. Lehenengo zati honek ez zuen gehiagorako eman eta gureak sentsazio txarrarekin joan ziren aldageletara, bigarren zatia ilun xamar ikusten zutelarik.

Hala eta guztiz ere, moratuek ez ziren kokildu eta indartuta itzuli ziren pistara. Indar honek, harrotasun eta konpromisoarekin batera, arrisku aukera batzuk sortu zituen, Laubururen lauko jokoaren ondorio gisa, baina tokiko atezainak edota zutoinak zapuztu zituen tantoa egiteko aukera guztiak.

Bigarren zatiaren erdi aldean, Lauburu arriskuak hartzen hasi zen. Beren lerroak aurkariaren kanpora aurreratzeak, bertakoek Zuhaitzen aurrean hainbat aukera sortzea eragin zuen, baina honek, segurtasunarekin, ibartarren itxaropena mantentzen jakin izan zuen.

Mikelek bosteko jokoa agindu zuenean, Zuhaitz bera izan zen, atezain-jokalari gisa aritu behar izan zuena, aitzinean aipatu arrazoiengatik. Taldeak baloia mugitzen asmatu zuen eta aukera garbiak sortu zituen, baina golik ez zen iristen ibartarrentzat. Bertakoek, aldiz, beren laugarren tantoa lortu zuten ibartarrei baloi bat ostea lortu ondoren.

Animoak oso baju zeudela, beste berri txar bat jaso behar izan genuen: baloia galdu genuen beste une batean, Guadalajarak jaurtiketa luze bat egin zuen, baina Ioritz agertu zen eta eskuarekin alderatu zuen, baloia atean sartzea ekidinez eta ekintza honengatik epaileak txartel gorria atera zion. Jokaldi ausartegitzat hartu badaiteke ere, aurretik dauzkagun erronkei aurre egiteko ongi etorriko zaigu animo bizi hau eta Ioritz bi aste ondoren itzultzea espero dugu, bere gaitasuna eta konpromisoa eskaintzen jarraitzeko.

Taldeari dagokionez, garbi aipatu behar da, eragozpenak pilatzen ari direla eta gure teknikoek zein jokalariek kezkatzen hasi beharko luketela. Hala ere, taldea bizirik da eta bidea oztopoez betea badago ere, bere lehenengo bost aurkarietatik lauk sailkapeneko lehenengo bost postuetako lau betetzen badituzte ere, taldeak, jokatzeko falta diren 30 puntuak hil ala bizi lehiatuko ditu; honi, lantaldearen eta gorputz teknikoaren lan ona gehitzen badiogu, murgilduta gauden zulo horretatik ateratzeko gai garela pentsatzeko nahikoa arrazoi bada. Badakigu zaila izango dela eta geroz eta akats gutxiago egin beharko direla. Datorren jardunaldian, Burgosko Juventud del Círculo C.D. taldea jasoko dugu Belabietan eta klubak Laubururen afizio guztia deitzen du, larunbatean, neurketa garrantzitsu honen aurrean, taldea animatzera hurbiltzeko. Esfortzuari eta borroka mailari dagokionez, hitz ematen dugu ez diogula hutsik egingo. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!!

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK

 

C.D. ESCUELAS DE GUADALAJARA F.S.: Borja, David, Carlos, Carlos. G. eta Alberto. Alvaro, Javier G., Miguel, Ismael eta Andres Dariok ere, jokatu zuten.

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Peña, Andoni Carlosena, Javi Saldise, Agus eta Nourdine. Andoni Aguirrezabala, Beñat, Asier Aierbe, Arra, Aitzol eta Zuhaitzek ere, jokatu zuten. 

 

TXARTEL HORIAK: David eta Daniel (C.D. ESCUELAS DE GUADALAJARA F.S.). Andoni Carlosena, Javi Saldise (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

KANPORATZEAK: Ioritz (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

GOLAK 

1-0 MIN 11 Carlos

2-0 MIN 16 Álvaro

3-0 MIN 18 David  

4-0 MIN 37 Javier G.

 

EPAILEAK 

Cristian, Cubero García (Madrilgo Komitea) 

Miguel, Sánchez Martín (Madrilgo Komitea) 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!