Lauburu Mahalak aurrerapena erakutsi du Torrelavegan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko ots. 14a, 08:37
Talde-jokoa indartuz, etxetik kanpora 0-4ko emaitza irmoa lortu zuen.

Baldintza onenean egon gabe bidaiatu behar izan bazuen ere, taldeak denboraldiko partidarik osatuena egin zuen; defentsa neurtua eta erasoa ordenatua, azken segundora arte puntuak askatu nahi izan ez zituen aurkari zail baten aurrean.

Denboraldiko bidaiarik luzeenak ez zituen oroitzapen onak eskaintzen, Torrelavegan galdu zituztelako denboraldiko lehenbiziko puntuak; honi, Bigarren B Nazionaleko baja kopuru handiaren eraginez, astean zehar izandako zailtasunak gehitu behar zitzaizkion, gainera.

Lehenbiziko zatiko bigarren minutuan, urtean beste hainbat alditan bezala, markagailua irekitzea lortu zuten moratuek; oraingoan Josuk sartu zuen, landutako jokaldi batekin, eta gol hau primeran etorri zitzaien ibartarrei. Eraso-jokoa ordena handiarekin lotzen zuten, baina atearen aurrean asmatzeko zailtasunak zein bertako atezainak egindako lanak abantaila handiagoa lortzea eragotzi zien.

Bi minutuen faltan, Zurik bigarren gola sartu zuen, Gurruk falta berri bat zehaztasun handiarekin jokoan jarri eta jaurtiketa indartsu batekin amaitu zuenean. Emaitza honekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Emaitza ona bai, baina ezin erlaxatu oraindik, ezta segundo bakar bat bera ere, Vicente Trueban lehenbiziko itzulian izandako esperientziak erakutsi duen moduan.

Bigarren zatian Lauburu Mahala lehenbiziko zatiko dinamika bera mantentzen saiatu zen: defentsan disziplina eta erasoan ordena, baina Kantabriakoek beren defentsa indartu zuten eta jokoa gogortu, beraz, partida parekatu egin zen. Torrelavegakoen aukerarik onena zutoinean jo zuen jaurtiketa bat izan zen eta ibartarrak mehatxua ikusiz, defentsa igo zuten; baloia presionatzen hasi ziren berriro, bederatzi minuturen faltan, Alexek, landutako eraso batean bere aurkariaz libratu ostean, atezaina azpitik gainditu zuen arte.

Tanto honek konfiantza gehiago eman zien ibartarrei eta buru belarri jarraitu zuten hiru puntuak lortzeko lehian; posizio-eraso on bat eta estrategiaren kudeaketa txukun batek jokoa kontrolatzera eraman zituen partidaren azken laurdenean. Orduan itxi zuen markagailua Zurik, taldeko ekintza burutsu batean, bere bigarren gola eta taldearen laugarrena sartuz: bandako sake luze batean, Aitorrek Villabonakoari lagundu eta atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean, altuera ertainetik botata menperatu zuen.

Partidaren amaieran, misterrak taldeak Torrelavegan egindako joko ona onartzen zuen: “Neurketa honi zailtasun handiekin aurre egin behar izan diogu, baina pozik nago, jokalariek jokoa eta planteamendua kriterio bikainarekin interpretatu dutelako”.

Etxeratze-bidai pozgarria taldearentzat, garaipen garrantzitsu hau astelehena arte dastatzeko aukera izango dutelako. Orduan, asteko dinamikan murgilduko dira eta Laskorainen aurrean neurtuko diren eskualde mailako derbian jarri beharko dute burua; Zierbenaren aurka 7-1 irabazi zuen Laskorainek eta egutegiak hala aginduta, inauteriei hasiera ematen dien kaldereroen egunarekin bat egingo du derbiak.

 PARTIDAREN XEHETASUNAK

MARROCK C.D.: Raul Javier, David del Prado, David, David Pechero, Rodrigo. Luis Danilo, Javier, Asier, Ismael, Pedro eta Diego Perezek ere, jolastu zuten.

LAUBURU IBARRA MAHALA: Odei, Aitor, Colas, Josu (1) eta Gurru. Zuri (2), Alex (1), Malkorra, Alvaro, Liher eta Eñautek ere, jolastu zuten.


GOLAK

0-1 MIN 2 Josu

0-2 MIN 16 Zuri

0-3 MIN 31 Alex

0-4 MIN 33 Zuri

 EPAILEAK

IVAN ARCE RUIZ (Kantabriako Komitea)

RAÚL DE JUANA GONZÁLEZ (Kantabriako Komitea)

 KRONOMETRATZAILEA

JUAN ANTONIO RIOJA VALLEJO  (Kantabriako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!