Lauburu borrokalari baten aurrerapausua Zierbena boteretsuaren aurrean (1-2)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko ots. 6a, 09:09

Kirolean, batzuetan, markagailuak erakusten duena eta bertan bizitakoa ez dira bat etortzen, talde bati edo besteari meritua kentzeagatik ez, honek ez duelako esfortzuaz, emozioez edota zailtasunean indartsu egiteaz ulertzen, baizik. Horrexegatik, atzoko partidaren emaitza bidegabea izan zela esatea ausartu gabe, ziurtatu genezake, porrota jasan arren, berezko merituekin eta arma guztiekin borrokatu ondoren helmugatik gertu geratu izanaren sentsazio gozo eta lasaigarria geratu zela Belabietan.

40 minutuz ikusitakoari jarraiki, partida bizi eta erakargarria izan zen. Neurketaren hasieran, Lauburuk, bost baja izan arren, Zierbenari presio altua eragin zion, bizkaitarren jokoa eragotziz. Hasierako minutu horietan, Jonathanen atean arrisku handia sortu ez bazuten ere, Ibarrak egin zituen lehenbiziko hurbilketak. Alta, minutuak aurrera joan ahala, bizkaitarrak baloia bereganatzen eta jokoa kontrolatzen hasi ziren, baloiaren jabetza denbora luzez izaten zutelarik. Nagusitasun honen ondorioz, arrisku egoerak sortzen hasi ziren Josebaren atean. Esan behar, Josebak lan bikaina egin zuela atzo arratsaldean: lau alditan, gutxienez, lortu zuen partida irabazteko fedea galtzen ez zuen taldeari eustea, lehenbiziko zati honetan.

Bisitarien lehenbiziko gola, kantxan gertatzen ari zena ikusita, merezia gainera, lehenengo zatiaren bigarren erdian etorri zen. Ezkerreko aldean hasi zen jokaldi batekin izan zen: Efren bere parekoaz libratu eta Josebak aldaratu zuen jaurtiketa indartsu bat egin zuen, baina han zegoen Iker, aldaratzea aprobetxatu eta bizkaitarrak markagailuan aurreratzeko. Kolpeak moratuei eragin ziela ematen zuen, hainbat minutuetan Zierbenakoen menpe egon baitziren. Momentu horietan galipoek oso eroso ikusten ziren, Josebak zein ibartarren defentsak zapuzten zituzten arrisku egoerak sortzen.

Hurbiltze hauetako batean iritsi zen bisitarien bigarren tantoa, Efrenek egina; bandako sake batean moratuek baloia galdu eta galipoen kuadroak kontra azkar bat landu zuenean. Partida erabat okertzen ari zela ematen zuen, baina orduan Lauburuk, klub desberdina izatea egiten dien balore horietako bat atera zuen. Markagailuan kontrako bi golen errenta batekin eta errotazioak gauzatzeko zailtasun handiekin zeudela, gehienbat defentsan, taldeak aurrerapauso bat eman zuen, jokoaren erritmoa handituz eta berau, bisitarien kantxa erdira irauli nahian. Honela, lehenbiziko zatiko azken aukerak Ibarrak izan zituen; aldageletara, garaipena lortu zitekeela sinetsiz  joan ziren.

Honela hasi zen bigarren zatia, etxeko kuadroa buru belarri borroka bakoitzean, arrakasta aukerak jokaldi bakoitzean aurkaria gainditzean zeudela jakitun. Indarrak orekatzeko esfortzu honen emaitza izan zen Beñatek, bigarren zatia hasi eta bi minutura, moratuentzat lortu zuen tantoa. Andoni Carlosenak gidatutako kontra bat jaurtiketa bortitz batekin amaitu zuen Tolosar jokalari gazteak, eskuadratik sartu zuelarik. Gabeziak fintzen jarraitzen duen, baina aldi berean, erakusten duen talentuarekin harridura sortzen du jokalari honek eta merezitako saria izan zuen.

Abantaila gutxitu izanak bizitu egin zituen Lauburukoak eta bere eraso-jokoa lantzen jarraitu zuen, hainbat arrisku aukerak sortuz. Berdinketaren gola iristear zela ematen zuen. Bisitariek, aldiz, beren eraso-jokoa beren defentsak utzitako baloi osten inguruan oinarritzen zuten. Trantsizio hauek gol-aukera batzuk bilakatu ziren, baina meritu handiko partehartze batzuk eginez erakustaldi bikaina eman zuen Josebak.

Minutuak aurrera zihoazen eta berdinketaren gola ez zetorrela ikusita, Mikelek bosteko jokoaren apustua egin zuen, dena emanaz. Alderdi honetan ere, moratuek benetan bikain egon ziren, nahiz eta golik sartu ez. Horrelako egoerei aurre egiten ohitua dagoen landutako defentsa baten aurrean, hiru aukera garbi, gutxienez, sortu zituzten. Aukera hauetako batean, garbiena agian, Ioritzen jaurtiketa Zierbenako jokalari batek alderatu zuen gol-marraren gainean, Jonathan gainditu ondoren. Egia dena da, ibartarrak azken unera arte borrokatu zutela, azken arrisku egoera hamalau segundo falta zirela sortu zutelarik. Jokaldi honetan, Andoni Carlosenak ia-ia sartu zuen eta merezitako saria izango zen, bigarren zatian ikusitakoaren arabera. Alabaina, hasieran aipatzen genuen moduan, markagailuak ez zuen ulertu nahi izan, ez emozioez, ezta esfortzuaz ere, baten eta besten golak erregistratzera mugatu zen soilik; ezin dugu bidegabea dela esan, Zierbenak partida bikaina jokatu zuen-eta.

Laburbilduz, balorazio ugari egiteko tartea uzten duen partida izan zen, hauetako asko baikorrak gainera, izan ere, taldeak bost jokalari bajan izanda, ligako egungo irabazlea denaren aurka jokatzea lortu baitzuen. Alta, porrota gehitzen dugu eta sailkapenak estutzen gaitu: datorren bi partidetako batean behintzat, biak etxetik kanpora, puntuak lortzeko beharra dugu. Datorren astean, Lauburuk denboraldiko irteera luzeena izango du, Castelló-ko Segorbe taldearen aurka jolasteko; kategoria handiagoetan esperientzia duten hainbat jokalari dituen taldea da. Ordurako gure jokalariek osatzea espero dugu eta ziur, moratuek, atzo Belabietan erakutsitako borroka grinari jarraipena emango diela. Egindako esfortzuak gure jokalariei pilak kargatuko dizkietela konbentzituta gaude, garaipena lortu daitekela pentsatzeko ilusioa eta konbentzimendua izateko. GOAZEN LAUBURU!!!

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK 

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Andoni Carlosena, Ioritz, Agus eta Beñat. Andoni Aguirrezabala, Javi Saldise, Asier Aierbe, Nourdine eta Xabier Arranzek ere, jolastu zuten. 

ZIERBENA C.D.F.: Jonathan, David Ruiz, Efren (1), Iker (1) eta Christian Blanco (1). Adrian, David Barbero, Jose Ramón, eta Michaelek ere, jolastu zuten.

 

TXARTEL HORIAK: Andoni Carlosena, Andoni Aguirrezabala, Joseba, Nourdine eta Zuhaitz (LAUBURU K.E. IBARRA). Christian Blanco eta David Ruiz (ZIERBENA C.D.F.)

 GOLAK 

0-1 MIN 12 Iker Díez 

0-2 MIN 17 Efren

1-2 MIN 22 Beñat  

EPAILEAK

Ibon, García Llanos (Euskal Komitea, Arabako Territoriala) 

Imanol, Eguia Echarte (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala) 

 

KRONOMETRATZAILEA

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Oharra: Danon Txokoa jatetxeak bazkideei eskainitako afariaren zozketan irabazle Guillermo Martorell Martinon izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!