Lauburu Mahala talde gisa hazten doa

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urt. 31a, 08:11

Gora Bilbao borrokalarien aurrean garaipen berri bat lortu du Ibarrako taldeak: 7-4.

Jubenilen Ohorezko Mailak hirutik hiru gehitu zuen berriro, aurreko jardunaldiko jokoa partidaren fase askotan hobetuz. Gora Bilbao Redblue exijentzia handiko erronka izaten da beti ibartarrentzat, gehienbat defentsan jartzen duten intentsitatearengatik eta amaierako bozina entzun arte erakusten duten borrokarako grinagatik.

Partida ongi hasi zen, markagailuan segituan islatu zen nagusitasun sentsazioa Arra eta Gurruk lehenbiziko hiru minutuetan egindako gol banarekin. Ibartarrak erritmo bizia ezartzen saiatu ziren partidari; aulkitik errotazioa arinduz, pistan jokatzen duten hamar jokalariek era dinamikoan parte hartzen zutelarik, ordena mantenduz bai defentsan baita erasoan ere, nahiz eta askotariko aldaketak egin.

Bosgarren minutuan defentsako akats batez baliatu eta Borjak tartea txikitu zuen Gorarentzat, baina minutu bat beranduago, Malkorrak 3-1ekoa egin zuen kontra bikain batean; partidako une zoro bat izan zen: Gorak, berriro markatu zuen, Borjaren bidez oraingoan ere, falta zuzen batean; hortik 13. minutura arte, Malkorrak 4-2koa egin zuen (bere bigarrena) eta jarraian Zurik korner bat amaituz estrategiazko 5-2koa.

Errenta bikaina, baina bizkaitarrak, aldageletara abiatzerako txikitu zuten berriro tartea, bere goleatzailearen eskutik; hiru gol lehenbiziko zatian, markagailua 5-3ko emaitzarekin eta bigarren zatian guztia erabakitzeko.

Beste batzuetan ez bezala, atzokoan aldageletako bueltak ez zuen hobekuntzarik ekarri Juananen mutilentzat; Gora biziago atera zen eta hainbat aukera sortzen ari zen. Horietako batean eta defentsako akats bat medio Anderrek 5-4koa egin zuen bizkaitarrentzat, partidak emozio guztia berreskuratu zuelarik. Minutu bikainak izan ziren talde moduan hazteko, talde honek beharrezkoak ditu halakoak aurrera egin eta kirol honen errealitateari begirako esperientzia on eta hurbilagoak pilatzen joateko.

Ajea nabaritzen hasia zen bisitarien hanketan, eta ondorioz bost faltak azkar pilatu zituzten. Seigarrenarekin penalti bikoitza ez jasateko, kontu handiagorekin presionatzea behartuta ikusi zuten beren burua, baina etxekoen presioak eragiten zuen eta baloi-oste horietako batean, amaierarako hamar minutu falta zirela, Colasek 6-4koa markatu zuen. Lasaitasun gola hiru minutu falta zirela iritsiko zen, Arraren bidez, berriro partida bikaina egin eta kanpaina honetako beste Hack-trik pilatu zuelarik.

Markagailuak 7-4 markatzen zuen; bizkaitarrak atezain jokalariarekin saiatu baziren ere, emaitza ez zen aldatuko. Laburbilduz, landutako garaipena izan zen, taldeari egutegi gogorrari aurre egiten lagunduko diona: lau partida eta lauetatik hiru kanpoan egin beharko dituzte, Laskorainen aurkakoa bakarrik jokatuko dutelarik etxean. Laskorainekin lidergoa partekatzen du, baina denboraldiko une ezin hobean dago hau, Valle del Ebro talde errioxarrari 11 tanto egin zizkion bere pistan.

Kadeten taldeko Alvaro jokalariaren debuta azpimarratu nahi dugu, Jubenilen Ohorezko Mailan lehenbiziko esperientzia zen eta partida oso ona egin zuen.

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU MAHALA: Eñaut, Josu (2), Huici, Colas (1), Arra (3).Liher, Zuri, Gurru, Malkorra, Aitor, Álvaro eta Odeiek ere, jolastu zuten.

GORA BILBAO: Ander, Borja (3), Asier, Arkaitz, Alvaro. Ander (1), Unai La cruz,Ibon, Unai Gonzalez eta Ederrek ere, jolastu zuten.

 

GOLAK

1-0 MIN 2 Arrai 

2-0 MIN 3 Gurru

2-1 MIN 5 Borja  

3-1 MIN 6 Malkorra

3-2 MIN 6 Borja

4-2 MIN 13 Malkorra

5-2  MIN 13 Zuri

5-3 MIN 19 Borja

5-4 MIN 23 Ander

6-4 MIN 30 Colas

7-4 MIN 37 Arra

 

EPAILEAK

MIKEL LÓPEZ (Gipuzkoako Komitea)

JAVIER FLORES  (Gipuzkoako Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

LEIRE MINTEGIA (Gipuzkoako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!