Bi tantoez aurretik joan eta gero, azkenean Tafallan erori da Lauburu 3-2

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urt. 30a, 08:59

Porrota mingarria izan da Tafallan, irensteko zaila. Taldeak partidaren bigarren zatian jada lortua zuen errenta preziatua ezerezean geratu zen, egindako akats propio batzuek medio.

Neurketa hau erronka zail eta konplexua zen bi taldeentzat. Biak puntuak batuta eta sailkapeneko liderrak diren hiru taldeekin lehiatuta zetozen partida honetara. Mikel Diestroren mutilak, azken jardunaldian Pinsequeren aurka lortutako garaipen bikaina emaitza on batekin berretsi nahian atera ziren kantxara. Nafarrak bere aldetik, sailkapenean eskalatzen jarraitzeko asmoarekin eta azken partida guztietan puntuak irabaztera eraman dituen dinamika baikorra berretsi nahian.

Harmailak jendez lepo eta publiko animatu baten aurrean jokatu zuten. Bi taldeak, bakoitzak bere defentsak inposatu nahian eta jokoa aurkariaren pistara eramateko ahaleginekin hasi zuten partida. Tafatrans taldea ibarrakoen baloiaren irteera zailtzen saiatzen zen, presio handiarekin, moratuei arintasunez konbinatzea eragozten ziolarik. Alabaina, Lauburuk lehenengo defentsa-lerroa gainditzea lortzen zuenean, Danielen atean arrisku handia sortzeko gaitasuna erakutsi zuen. Honela, partidan ikusi ziren lehenbiziko aukera garbiak Laubururentzat izan ziren, Javi Saldiseren hanketan zehazki, zeinak bukaeraraino iristen asmatu bai, baina ezin izan zuen bisitarientzat tantoa gauzatu.

Minutuak aurrera joan ahala, Tafallakoek geroz eta erosoago ikusten ziren aukerak sortzeko garaian, gehienbat beren atetik urrun zeuden baloiak osteko erakutsi zuten gaitasunak eraginda. Honek arrisku-aukeren kolorea aldatu zuen neurri handi batean eta nafarren aldera biratzen hasi zen. Moratuen ahultasun minutu horietan, Zuhaitzek bere atea babesten asmatu zuen, atsedenaldira emaitza mugitu gabe eta bigarren zatira guztia erabakitzeko zegoela iristea ahalbidetuz.

Bigarren zatiaren hasierak eskenatokia errotik aldatu zuen. Bisitariak jokoaren konbinazioetan asmatzen hasi ziren, lehenbiziko zatian ez bezala. Mugikortasun handiarekin jokatuz eta baloiari Tafallakoen defentsa gainditzeko haina abiadura emanaz, arrisku-egoerak azkar iritsi ziren. Hauetako batean, Andoni Carlosenak egindako pase baten ostean, Ioritzek bigarren zutoinean errematatu eta 0-1ekoa finkatu zuen. Moratuek errenta hori nahikoa ez, eta defentsa zertxobait gehiago oldartu zuten; honek, erasoaren arintasuna gehituta, ibartarren blokea aurkariaren gainetik jarri zela ziruditen uneak bizitzera eraman gintuen. Orduan iritsi zen 0-2koa, Javi Saldisek egina, Andoni Carlosenak bidalitako pase bikain bat jaurtiketa bortitz batekin amaitu zuenean. Partidako 25. minutua zen eta itxura ezin hobea ibartarrentzat.

Alta, Lauburu ondoen jokatzen ari zenean, eta arrisku egoera gehien sortzen, baloi-galtze batean, kontraerasoa egin zuen talde nafarrak eta 1-2koa lortu Aitorren bidez. Tanto honek etxeko taldea hauspotu egin zuela zirudien eta bisitariek, berriz, geldiarazi. Handik aurrera ez zuten asmatzen ez erasoan ezta defentsan ere.

Panorama honen aurrean, etxekoek emaitza biratzeko gai zirela sinesten hasi ziren. Bertako publikoaren laguntzarekin, eta moratuen ez-asmatze orokor batek eraginda, aukerarik garbienak Zuhaitzen atean gertatzea pasa zen partida. Hainbat ekintzetan ia-ia berdinketa lortzeko zorian egon eta gero, hauxe, lau minutu falta zirela iritsi zen, ibartarren area hertzean egindako falta batean, hain zuzen.

Oraindik okerrena falta zen, izan ere, jokoak bide berdina jarraitu baitzuen azken lau minutu horietan. Talkak joan etorrian jarraitzen zuen eta moratuen galketa batean, nafarrek kontra azkar bat prestatu eta Aitorrek amaitu zuen 3-2koa eginez. Minutua eta zertxobait gehiago geratzen zen eta Mikelen mutilak bosteko jokoarekin saiatu ziren emaitza aldatzen. Alta, zorte txarra Lauburuk egindako pekatuak ordainarazten ari zela zirudien, izan ere, berdinketara eramango zituen gola ez zen sartu, zutoina jo zuelako. Amaiera iritsi zen honela, 3-2ko emaitza mingarriarekin.

Atzoko porrotaren analisiari ezin gehitu gauza asko. Taldeak badu egindako akatsen berri (hasieran egindako lan bikaina ezerezean gelditzea eragin zutenak) eta orain akats horiek leuntzeko ilusioa eta ardura izatea tokatzen da. Zorionez, ukabilak estutu eta lanean ahalik eta ilusio handienarekin zentratzeko nahikoa argudio aurkezten dituen erronka horietako bat agertzen da ortzi-muga hurbilean: datorren astean Zierbena boteretsuaren bisita Belabietan. Bizkaitarrak Segorbe taldearen aurka galdu ostean etorriko dira Ibarrara, hau da, puntuak eskuratzeko beharrarekin. Moratuen koadroak etxeko taldea izatearen baldintzaz baliatzen jakingo duela eta Zierbenako talde bortitz honen kontrako partida ikuskizun paregabea izango dela ez dago zalantzarik. Ibarrako afizio guztia animatu nahi dugu, taldea animatu eta kiroleko hitzordu bikain batekin gozatzeko Belabietara etortzea. Eta aldi berean, futsalen jarraitzaile guztiak ere gonbidatzen ditugu, areto futbolarekin arratsalde bikain bat pasatzeko.

PARTIDAREN XEHETASUNAK

TAFATRANS VULCANIZADOS RUIZ: Daniel, Ignacio, Zalacain, Pablo (1) eta Juan Carlos. Aitor (2), Unai, Adrian eta Xabierrek ere, jolastu zuten.

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Ioritz (1), Andoni Carlosena (1), Xabi eta Andoni Agirrezabala. Aitzol, Asier Aierbe, Javi Saldiise, Agus eta Beñatek ere, jolastu zuten.  

TXARTEL HORIAK: Unai, Ignacio eta Juan Carlos (Tafatrans Vulcanizados Ruiz); Xabi, Ioritz, Andoni Carlosena, Javi Saldise, Andoni Agirrezabala, Zuhaitz eta Agus (LAUBURU K.E. IBARRA).

GOLAK

0-1 MIN 22 Ioritz

0-2 MIN 25 Javi Saldise

1-2 MIN 29 Aitor  

2-2 MIN 37 Pablo

3-2 MIN 40 Aitor

EPAILEAK

Gonzalo, Alonso Lacruz (Aragoiko Komitea)

Iván, Santos Fernández (Aragoiko Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Eneko, Yoldi Oneca (Nafarroako Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!