Lauburu Ibarra Mahalak etxetik kanporako garaipenarekin hasi du 2017a

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urt. 17a, 11:11
Izugarrizko partida egin gabe, Logroñoko C.D. Valle del Ebro taldeari 0-4rekin gailendu zitzaion.

2017. urtea pasa den asteburuan hasi zen Jubenilen Ohorezko Mailako txapelketan, baina Lauburu Mahalari, egutegiaz, atsedena egitea egokitu zitzaion; multzo bakoitia izaki, kategoria osatzen duten zazpi taldeen urte hasierak bigarren itzuli osoaren hasierarekin bat egin zuen.

Gure mutilak, gabon oporrak astebete luzatu ostean, Errioxako kapitalera joan ziren txapelketari berriro hasiera emanez; den-dena pasa den irailaren 23an hasi zen toki berberera. Une haietan, talde askok kategoriara egokitzeko hilabete batzuk beharko zituztela genion eta larunbat arratsaldean, errioxarrek jada egokitzen ari direla ikusteko parada izan genuen; jokoaren esparru guztietan hobetu dira, partidan murgilduta egon ziren azken minutuak arte, eta atezain jokalariarekin saiatu zirenean, soilik, ikusi zuten aukerarik ez zutela.

Bitartean, gureak, jokoaren interpretazioarekin harmailetan harridura sortzen jarraitzen zuten, makina bat nagusitasun egoerak sortuz, aukerak, erremateak, baina gutxiagorekin dena barrura sartzen zen lehenbiziko partida hartan ez bezala, larunbatean, errioxar atezainak geratzen zituelako edota ez genuelako ongi amaitzen, golari begirako hainbeste hutsegiteen aurrean, desesperazioa hedatzen ari zen harmailetan eta aulkian.

Errioxarrak, bitartean, partidan murgilduta, beren aukerak sortzen jarraitzen zuten eta Odei izan zen, partida bikaina eginaz, markagailua igotzea ekidin zuena, eskuz-eskuko batzuk eta kanpoaldeko jaurtiketa arriskutsu batzuk zapuztuz.

Moratuen golak, oraingoan, erregu eske ibili ziren; atsedenaldirako bost minutu falta zirela iritsi zen 0-1ekoa, lehenbiziko zatiko defentsa-konbinaziorik onenean, pazientziarekin eta aurkariaren defentsa irizpide bikainarekin irakurriz. Liherrek egin zuen. Bigarren zatia hasi eta bost minutura, Zurik 0-2 estrategia-gola egin zuen, arearen hertzean, falta bat medio eta Arrarekin konbinazioan. 0-3a eta 0-4a, lasaitasun tantoak, dezente atzeratu ziren, baina biak jarraian egin zituen Josuk, aurkariaren atezain-jokalariaren erasoa aprobetxatuz eta Arraren laguntza bikain baten ondorioz. Bi eta minutu bakarra falta zirela, hurrenez hurren.

Anekdota moduan, itzulerako bidaia AP15eko kotarik altuenean elurra zegoela egin genuen. Laskorainen aurreko asteko estropezuarekin eta aste honetako atsedenaldia medio, taldea lidergora itzuli da berriro.  Castrok Kantabriako derbia irabazi zuen eta titulurako hautagaitza aurkeztu du, nahiz eta Tolosaldeko bi taldeekin 6 puntuko aldea duen; kontuan hartzekoa da, gaur egun, eraso eta defentsaren arteko orekan, ordenatuen ibiltzen den taldea bera dela. Bigarren itzuli ederra dugu aurretik, txapelketa nork eramango duen argitzeko eta bereziki, Espainiako Jubenilen Kluben arteko Kopa ospetsuan parte hartzeko aukera norentzako izango den jakiteko. Txapelketa honetatik Estatu mailako azpiko taldeen kategoria handieneko txapelduna aterako da, gaur egun, multzo honetako edozein hautagaientzat amets bat dena.

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK

C.D. VALLE DEL EBRO: Victor, Ander, Alberto, Nelson, Ernesto.  José Luis, Miguel Angel, Leandro, Sergio, Angel eta Davidek ere, jokatu zuten.

 

LAUBURU MAHALA:Odei, Josu (2), Aierbe, Huici, Colas.  Liher (1), Aitor, Alex, Malkorra, Zuri (1),  eta Arrak ere, jokatu zuten.

 GOLAK

0-1 MIN 15 Liher 

0-2 MIN 25 Zuri

0-3 MIN 38 Josu  

0-4 MIN 39 Josu

EPAILEAK

IVAN HERNANDEZ (Errioxako komitea)

JOSE MARIA PEÑA (Errioxako komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

MARIA MORENO (Errioxako komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!