Lauburuk sona handiko garaipena eskuratu du 4-3

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urt. 16a, 11:55

Festa izan genuen Belabietan larunbatean. Ibarrako koliseora bertaratu zen publiko mordoak (sarrera erdia baino gehiago, azken hilabeteetako onena), osagai guztiak izan zituen ikuskizunaz gozatzeko parada izan zuen, garaipen eta guzti.

Lehiak eragiten duen ohiko tentsioarekin hasi zen partida. Bi taldeak aurkariaren kantxa erdian finkatzen zuten beren defentsa, aragoiarrek beren aldaketa-defentsa ezarri nahian eta Lauburu berriz, banako defentsa bikain batekin indartzen. Lehenbiziko minutu hauetan jokoaren kontrola etxeko koadroak izan zuen, Lauburuk berriz, eraso-jokoa jostea lortzen hobeto asmatzen zuen. Honek arrisku handiko aukerak sortu zituen Adrianen atean. Aragoiarrek, bere aldetik, gol-aukerak sortzeko buru-argitasun izugarria behar ez duen bloke horietako bat da, izan ere, bere jokalari bakoitzaren kalitateak aurkariaren atean erabateko alerta eragiteko gai baita.

Aipatu menderatze partzial horrek 12. minutuan eman zion saria ibarrari: Agusek 1-0koa egin zuen, Aitzolek, kontra azkar batean eta Andoni Carlosenak ostutako baloi baten ondorioz egindako pase bat jaso eta gero. Markagailuan aurretik joateak, ordea, Mikel Diestroren mutilei gehiegizko erlaxatzea eragin ziela zirudien eta Pinseque taldeko erasotzaileen aurkako banakako borroketan, gaindituak izaten ari ziren. Gainera, Lauburuk oso azkar pilatu zituen faltak, eta guzti honek, aurkariak Josebaren atean arriskuak errazago sortzea ekarri zuen. Gauzak honela, Lauburu, nahiz eta banako borroketan asmatzen ari zen, sufritzen hasi zen eta ondorioz, bi gol jasan zituen. Biak Benik egindakoak: lehenengoa Beñaten markatik ihes egin eta eskuadratik sartu zuen, Joseba menderatuz; 1-2koa segituan etorri zen eta 10 metroetatik botata egin zuen Beni berak.

Zalantzari gabe, hauek izan ziren partidako unerik txarrenak Laubururentzat. Zorionez, taldeak ukabilak estutu eta defentsa jaitsi zuen, atsedenaldira desberdintasun txikienarekin iritsi ahal izateko. Markagailuak, hala ere, ez zuen pistan lehenbiziko 20 minutuetan ikusi zena islatzen.

Bigarren zatiaren hasieran bi taldeak oldarkor hasi ziren. Ibarrak, estropezua gaindituta, partidaren bila joateko nahikoa konfiantza zuela zirudien. Alta, Pinseque izan zen berriro gola sartu zuena. Christianek egin zuen, Beniren asistentziarekin, ibarrako defentsaren bizkarretik markagailuko aldea handituz. Hirugarren gol honek ere, ez zuen ibarrako taldea etsipenean murgildu eta garaipenean sinisten jarraitu izatea azpimarratzekoa da. Konfiantza eta fedea dira talde honen identitate marka eta larunbatean egun egokiena zen, arma hauetaz baliatu eta markagailua hankaz gora jartzeko. Honela, eraso jokoaren bariante desberdinak jarriz, ibartarrak arriskuak sortzen hasi ziren emaitzari buelta emateko gai zirela sinetsiz.

Saiakera horren ondorioz, iritsi zen markagailuan tartea gutxituko zuen gola. Andoni Carlosenak Aitzoli diagonal luze bat jaurti, honek baloia kontrolatu ostean Nourdineri lagundu, eta azken honek Daniel menderatu zuen Ibarrako parrokiara itxaropena itzularaziz. Zazpi minutu geratzen ziren eta onena ikusteko ginen oraindik. Lauburuk aragoiarren ateari jazarpena egiten jarraitu zuen; moratuek fisikoki egoera hobean iritsi ziren partidaren amaierara eta egoera hau aprobetxatuz banako borroketan arriskuak sortzen hasi ziren. Honela berdinketako gola iritsi zen: Beñatek aurkariaren kantxan jaso eta bere parekoa abileziaz driblatu ondoren, Danieli gailendu zitzaion ezkerrarekin, Belabietako harmailetara poza eramanaz.

Aurkariaren kalitatea ikusita, berdinketarekin nahikoa izango zela zirudien, baina ez. Mikelen mutilak garaipen baliotsu zein beharrezko baten bila joan ziren, intentsitate handiko minutuei hasiera emanaz. Gola edozein aldeak sartu zezakeen; Lauburuk aukera gehiago sortzen bazituen ere, bisitarien kalitateak moratuen atean arrisku garbiak sortzeko haina hurbilketa egitea errazten zuen. Gauzak honela, norgehiagokaren emaitzak, beste partida batzuetan merituak pilatuta ere, Ibarra esku hutsik itzuli behar izan duen uneei justizia egiten die. Javi Saldisek egin zuen emaitza garaipenarekin finkatuko zuen gola, Andoni Carlosenaren zerbitzu bat errematatu zuenean. Oraingoan ere, golarekin zuen hitzordura iritsi zen. Zirrara harmailetan eta minutu bakarra aurretik, Pinsequeren erasoez babesteko guztia emanaz. Espero zen bezala, aurkariak bosteko jokoa jarri zuen pistan berdinketa lortu nahian, baina gureak egindako lanak esfortzu bat gehiago merezi zuela kontziente izan ziren eta defentsa bikaina eginaz, Zaragozakoen azken hurbilketak zapuztea lortu zuten, ligako hiru talde onenetako baten kontrako garaipen bikaina berretsiz.  

Laburbilduz, pasa den astean Zierbena etxean menderatu zuen talde baten aurrean lortutako garaipen hau oso garrantzitsua eta azpimarratzekoa da, izan ere, Lauburuk oso aurkari onen kontra jokatutako partida ugari zituen jada pilatuta, non joko bikaina eginda ere, garaipenik gabe etxeratu den maiz. Horregatik, larunbatean irabazteak ideia bat berresten du: talde honen lana eta kalitateak kategoriako edozein aurkariaren kontra lehiatzeko gai egiten duela. Datorren astean txapelketak atsedenaldia izango du; hurrengo talka, multzoko osasuntsuen dagoen talde baten kontra izango da: Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldea. Talde honek, hiru jardunaldietan jarraian batu ditu puntuak, Pinseque, Segorbe eta Zierbenaren kontra, hain zuzen. Soberan dago adieraztea, gure taldeak larunbatekoa baino erronka konplexuago bati aurre egin beharko diela. Ibartarrak Nafarroan puntuak irabazi nahi badituzte aurkariaren mailara iritsi beharko dute aktibazioan eta abilezian. Taldeak bere lanarekin jarraituko du astelehenean, Euskadiko Sub-19 selekzioaren kontrako lagunarteko bat jokatu beharko baitu (klubeko lau jokalarik hartzen dute parte selekzio honetan). GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Xabi, Javi Saldise (1), Andoni Aguirrezabala eta Beñat (1). Andoni Carlosena, Agus (1), Aitzol, Ioritz, Agus, eta Nourdinek ere, jokatu zuten (1).

PINSEQUE A.D.: Adrian, Christian (1), Unai, Beni (2) eta Ignacio. Juan, Carlos, Diego, Christian Santa Bárbara eta Danielek ere, jokatu zuten.

TXARTEL HORIAK: Ioritz, Agus eta Andoni Aguirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA). Unai (PINSEQUE A.D.)

GOLAK

1-0 MIN  8 Agus

1-1 MIN 16 Beni

1-2 MIN 17 Beni 

1-3 MIN 32 Christian

2-3 MIN 33 Nourdine

3-3 MIN 36 Beñat

4-3 MIN 39 Javi Saldise

EPAILEAK

Ivan, Arce Ruiz (Kantabriako Komitea)

Raul, Gómez Saiz (Kantabriako Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Txema, Montero Celaya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Oharra: Leaburuko Ostatu jatetxea laguntzaileak eskainitako afariaren zozketan Kike Mocoroa izan zen sariduna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!