Lauburu K.E. Ibarrak Aragoiko Pinseque taldea jasoko du

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urt. 12a, 17:37

Aurreko asteburuan Colo Colo Confort taldearen aurkako partida zaila izan bazen, Lauburuk larunbatean jokatuko duena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Arratsaldeko seietan izango da Ibarrako Belabieta kiroldegian.

Moratuen taldeak Pinseque F.S. taldea jasoko du, bi puntuko aldearekin, Colo Colo eta Zierbenaren atzetik hirugarren sailkatua dena, hain zuzen.

Moratuek, Aragoiko lurretan, denboraldiko lehenbiziko partidan jasandako porrotaren errebantxa nahiko dute, partida hartan, agian, emaitza hobea lortu ahal zelako (4-2).

Kategoriako lantalderik onenetako bat da Pinseque, zalantzarik gabe, eta urtez urte taularen goiko postuetan kokatzen da. 13-14 denboraldian Ligako txapeldun izan zen eta ondorengo urtetan, beti, lehenbiziko lau postuak bete ditu. Beraz, esanda bezala, kontu handiko aurkaria.

Mikel Diestrok gidatutako taldea ere, ez da atzean geratzekoa, eta aurkari zail hauei aurre egiteko gai da, nahiz eta hainbat jokalari garrantzitsu bajan dauden. Baja hauek, bihotzarekin, kontzentrazioarekin eta hitzordu garrantzitsu honetan hutsik egingo ez duten zaleen hauspoarekin ordezkatu beharko ditu taldeak.

Pasa den asteburuan jasandako porrotaren ostean, Lauburu K.E. hamargarren postuan kokatzen da taulan, 18 punturekin.

Zale guztik gonbidatzen ditugu hemendik, bertako taldea animatzeko Belabietara etortzera; guztion indarra beharrezkoa du taldeak eta denon laguntzarekin askoz errazagoa izango da garaipena lortzea.

Atsedenaldian zozketatuko den bi lagunentzako afaria Leaburuko Ostatuak eskaintzen du, Klubaren laguntzaile berri moduan.

 

AZPIKO KATEGORIEN PARTIDAK:

Jubenilen Ohorezko Maila:

Valle del Ebro C.D. - Lauburu K.E. Mahala; Larunbatean 16:30ean. Gonzalo de Berceo kiroldegia, Logroño.

Emakumezko seniorrak:

Beasain B.H.I. Lauburu K.E.; Larunbatean 14:00etan.  Antzizar kiroldegia, Beasain.

1go probintziala:

Hirukide Eskolapioak – Lauburu K.E. Aldaz Klinika; Ostirala 20:30ean. Eskolapios kiroldegia, Tolosa

Kadeteak:

Lauburu K.E. – Arantzazuko Ama Ikastola; Larunbata 13:00etan. Belabieta kiroldegia, Ibarra

Infantilak:

Uzturpe Lauburu 2004 – Arizmendi Eskoriatza; Larunbata 12:00etan. Belabieta kiroldegia. Ibarra

Zarautz K.E. – Uzturpe Lauburu 2003;  Larunbata 09:00etan. Antoniano kiroldegia, Zarautz.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!